UPV/EHUk Orientabide berriak onartu ditu, datorren ikasturteko jarduera akademikoa arautzeko

Era berean, 2021-2022 ikasturterako berezko tituluen eskaintza akademikoa onartu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/29

Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak “Irakaskuntza 2021-2022 ikasturtean planifikatzeko orientabideak” onartu ditu

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak “Irakaskuntza 2021-2022 ikasturtean planifikatzeko orientabideak” onartu ditu, gaurko bileran. Dokumentuak datorren ikasturteko irakaskuntza bermatzeko hainbat jarduera ildo ezartzen ditu, ahal bezainbesteko presentzialtasun maila eta pandemia egoeraren ondorioz ezarritako segurtasun neurriekiko errespetua uztartuta.

Joan den urtean, UPV/EHUk antzeko dokumentu bat prestatu zuen, ikasturte honen irakaskuntza arautzeko, eta Jarraipen Batzorde bat sortu zuen, errektoretza taldeko eta prebentzio zerbitzuko ordezkariek eta irakasle-ikertzaileen eta ikasleen ordezkariek osatutakoa. Dokumentu berria ikasturte honetan jasotako esperientziaren emaitza da, eta araudia eguneratzen du, 2021-2022 ikasturteari begira. Eguneratzea, gainera, malgutasunez egin da. Horrela, beharrezkoa den autonomia ematen da, ikastegiek, beren tituluen arabera, araudia beren ezaugarri berezietara egokitzeko aukera izan dezaten. Araudiak malgutasun handiagoa ematen du ere datorren ikasturteko egoeren aurreikuspenean: beste konfinamendu batetik hasita, erabateko presentzialtasunera itzultzea ahalbidetuko duen egoera hobe batera. Edonola ere, araudi honek aurreikusten du irakaskuntza egokitzeko neurriak modulatu egingo direla unean-unean osasun agintariek ezarritako irizpideen arabera. 

Orientabide berriek nahitaez bete beharko diren babes orokorreko neurriak azpimarratzen dituzte, alegia: jende pilaketak saihestea; maskarak erabiltzea; segurtasun tartea gordetzea; ikasgelak behar bezala aireztatzea; ikastegietan ikasleen mugikortasuna ahal bezain beste mugatzea; eta, garbitasun eta desinfekzio neurri guztiak aplikatzea.  

“Presentzialtasun egokituaren” eredua mantentzen da, % 75eko presentzialtasunarekin jarraitu ahal izateko. Gomendatzen da, oro har, graduetan eskola telepresentzialak bakarrik ez ematea 2 irakasgai baino gehiagotan, taldeko eta lauhileko bakoitzeko, ezta 15 kreditu baino gehiago ere, master tituluen kasuan. Titulu bakoitzean, presentzialtasuna ezinbestekoa duten jarduerak edo irakaskuntza modalitateak hautatu beharko dira, eta zeregin horretan, modalitate praktikoak lehenetsiko dira (eskola magistralen edo azalpenezkoen aurrean); era berean, hasierako mailetan presentzialtasuna lehenetsiko da, azken mailen aurrean. 

Garrantzitsua dira ere enpresetan edo beste erakunde batzuetan eginiko praktikak: horien garapena bermatzen da, baina une oro errespetatu beharko dira praktikak egingo diren erakundeen ezarritako neurriak. Ebaluazioari dagokionez eta segurtasun neurriek aukera ematen dutenean, ezarritako irizpide orokorra ikasleen ebaluazioa modu presentzialean planifikatzea da, baina, aldi berean, ikasketen ebaluazio jarraitua eta sekuentziatua planteatzea gomendatzen da. 

Unibertsitateko errektore Eva Ferreiraren iritziz, “2020-2021eko ikasturte hau ari da aurrera egiten, unibertsitateko kide guztien ahaleginari esker. Osasuna babesteko neurriak eta presentzialtasun maila handia uztartu ahal izan ditugu. Uste dugu eskuratutako esperientziak hurrengo ikasturteari bermeekin ekiten lagunduko digula, oreka horri berari eutsiz eta lana gogotik eginez irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan kalitate gorena lortzeko. Pandemiaren etorkizuneko bilakaeraren ziurgabetasunaren aurrean, araudi nahikoa malgua ezarri dugu, jarduera akademikoa unean-uneko egoeraren arabera aldatu ahal izateko. Edonola ere, ikasturte honetan izandako zentzuzko normaltasun mailak 2021-2022ko ikasturtea antzeko segurtasun pertsonalaz eta eraginkortasun akademikoz garatuko dela pentsatzera eramaten gaitu”. 

Berezko tituluen eskaintza 2021-2022 ikasturterako 

Bestalde, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak datorren ikasturterako eskaintza akademikoa osatu du, gaurko Gobernu Kontseiluak berezko tituluak onartzearekin batera. Jakina denez, berezko tituluak unibertsitateko graduondokoen eskaintzaren parte bat dira, masterrekin eta doktorego programekin batera. Masterrak eta doktorego programak ofizialak dira, eta legezko aitortzen prozedura tasatu bat dute; berezko tituluek, ordea, ematen dituen unibertsitatearen prestigioaren bermea dute. 2021-2022 ikasturterako graduen eta graduondokoen eskaintza akademikoa onartuta zegoen jada, baina berezko tituluak falta ziren, eta gaur jaso dute argi berdea, Gobernu Kontseiluaren bileran. 

Hala, euskal unibertsitate publikoak datorren ikasturtean berezko 64 titulu izango ditu (122, titulua duten egitura modularrak aintzat hartuz gero). Eskaintza areagotu egin da, 11 titulu berri batu zaizkiolako: Nazioartekotze Korporatiboko Estrategiak; Farmakokutsadura; Gainbegiratzea Gizarte Ekintza Testuinguruetan; Humanitate Digitalak: Aukera Berriak Ikertzen; Irakaskuntza Atzerriko Hizkuntzen eta Edukien Ikasketa Integratuan Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Graduei Lotuta; Haur eta Gazte Literatura eta Formakuntza Literarioa; Euskal Diaspora; Generoa, Maskulinitatea eta Gizarte Ekintza; Mikologia Medikoa; Praktika Artistikoak eta Kultura Ikasketak: Gorputza, Afektuak, Lurraldea; eta, Ilustrazio Zientifikoa. 

Horrela osatzen da, beraz, Euskal Herriko Unibertsitateak datorren ikasturterako prestatu duen graduko eta graduondoko ikasketen eskaintza. Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde Montse Maritxalarren iritziz: “UPV/EHUk bizitza osoko prestakuntza bultzatzen jarraituko du, gizartearen beharrei erantzuteko. Azken hiru ikasturteetan, bitartekoak jarri ditugu martxan, ikasleek prestakuntza hori modu progresiboago batean egin dezaten. Esate baterako, berezko zenbait master edo espezializazioetan, ikasleek modulu laburragoak egiteko aukera dute, eta horrela, master eta espezializazio horiei lotutako adituen tituluak eskuratu ditzakete beren beharren arabera. Aukera hori 2021/22 ikasturtean eskainiko diren berezko 11 tituluetatik 5ek eskaintzen dute. Ildo horretan jarraituko dugu lanean, eta etengabeko prestakuntzarako bitarteko berriak bultzatzen jarraituko dugu, hala nola mikrokredentzialak”.