euskaraespañol

MEDIKUNTZAKO IKASLEA ETA OLINPIAR JOKOETARAKO SAILKATUTAKO KIROLARIA

Virginia Díaz: «Urte zail asko eman ditut arraunaren munduan eta jokoetarako sailkatzea ametsa izan da»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/26

Irudia
Virginia Díaz arraunketa klubean. Argazkia alarma egoera indarrean jarri baino zenbait egun lehenago hartu zen. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

Virginia Díaz (El Astillero, Kantabria, 1991ko abuztuaren 15a) Erizaintzako graduduna da, eta, uneotan, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntzako ikasketak goi mailako arraunketarekin uztartzen ari da. Austriako Linz-Ottensheim herrian jokatutako 2019ko Munduko Arraunketa Txapelketan bosgarren izan ostean, Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkapena lortu zuen, Aina bere kidearekin batera lemazain gabeko bikoan. Lehiaketaren atzerapena kiroltasunez hartu du: “Hobeki entrenatzeko aukera ematen digu erabakiak.”

Nola ezagutu zenuen arraunketa?

El Astilleron bertan hasi nintzen, 14 urterekin. Entrenatzaile bat etorri zen eskolara talde bat osatu nahi zuela esatera; ikastetxez ikastetxe ari zen txarlak ematen. Suposatzen dut arraunean aritzeko dohain fisikoak ikusiko zizkidala. Izan ere, honakoa esan zidan: «Klubera etorri behar duzu». Hasiera batean zalantza egin nuen, beste kirol batzuk egiten nituelako, eta guztiak nituelako gustuko, lehiaketetan aritzen ez banintzen ere. Hala ere, joan egin nintzen. Klubean neska talde batekin arraunean hasi zintzen batel batean, eta, pixkanaka, lehiaketen mundua, bidaiena... ezagutzen hasi nintzen.

Nolakoa da Olinpiar Joko batzuetarako sailkapena lortzea?

Ba, egia esan... zirraragarria oso! Batzuek nik baino azkarrago lortzen dute, ibilbide zuzen-zuzena izaten dute... baina niri kostatu egin zait. Hamabost urte ditudanetik arraunlari bakarreko ontzietan aritu izan naiz, eta, egiari zor, modalitate horretan maila apartekoa da, munduko onenekin lehiatzen baitzara. Nik, adibidez, finalerdietara heltzea lortu nuen, baina ez nuen zorterik izan. Iaz, aldiz, Tokioko Olinpiar Jokoetara begira aldaketa bat egin nahi izan zuten, zehazki lemazain gabeko bikoan; animatu eta proba horretan lehiatzen hasi nintzen, eta, hara, gauzak ongi irten dira! Niretzat sinestezina da ia, izan ere, emaitzarik lortu gabe hainbeste urte zail gogor entrenatzen igaro ostean, ametsa da orain bizitzen ari naizena.

Behin sailkapena lortuta, presioa handiagoa da?

Bai, guk geuk geure buruei jarritakoa gainera. Nire kidea eta ni neu oso lehiakorrak gara, eta beti nahi dugu hobetu. Behin Olinpiar Jokoetarako sailkatuta, gauza bakarra pentsatzen duzu: «Gehiago nahi dut». Horrelakoak gara kirolariak, beti nahi dugu gehiago.

«Behin Olinpiar Jokoetarako sailkatuta, gauza bakarra pentsatzen duzu: ‘Gehiago nahi dut’. Horrelakoak gara kirolariak.»

Sailkapena lortu ostean, entrenatzeko modua aldatu zenuen?

Bai, pixka bat gehiago estutu genuen: ordu gehiago, kilometro gehiago, pixka bat denetik. Aurten, gainera, aholkulari bat daukagu guretzat soilik; 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetako txapeldunek izan zuten aholkulari bera da eta luxua da guretzat bere laguntza izatea. Asko estutzen dugu gure burua.

Asteko plangintzari dagokionez, gogorra zen. Astelehenetan eta astearteetan, adibidez, hiru aldiz entrenatzen genuen. Astelehenetan, lehendabizi 20 kilometro egiten genituen arraunean goizean (1 ordu eta 20 minutu). Gero eguerdian ordu bat eta laurden aritzen ginen pisuak altxatzen, eta, arratsaldean, beste 16 kilometro edo 60-70 minutu egiten genituen ergometroan. Astearteko entrenamenduak berdinak izaten ziren; erabiltzen ditugun pisu motak aldatuz. Asteazkenean, goizean soilik entrenatzen genuen; serie batzuk egiten genituen lehenik eta, gero, 80-90 minutuz ibiltzen ginen bizikletan. Arratsaldea libre izaten genuen. Ostegun, ostiral eta larunbatetan errutina bera errepikatzen genuen. Igandeak libre genituen baina nire kideak eta biok errekuperazio aktiboa egiten genuen: ordubetez ariketa aerobikoa, igeriketa, bizikleta... Azken finean, gorputza lozorroak ez hartzea da kontua. Entrenamendu plangintza zorrotza da, lehiaketa are zorrotzago baterako.

Nola moldatu duzu entrenamendua konfinamendu egoera berrira?

Entrenamendu zentruak itxita daude, beraz bakoitzak bere etxean barne entrenatu behar du. Moldatzea, hori bai, ez da erraza. Etxean lan fisikoa egitea, normalean egiten dugun arraunarekin tartekatu gabe, errutina monotono bihurtzen du. Ariketa fisiko puru eta arraunaren artean aldatzen dugunean, atseginagoa da. Baina ulertzen dugu, mundu osoan dagoen egoera dela eta,  gu ere moldatu behar garela. Ez da entrenatzeko kondiziorik onena baina bizi dugun momentua dela eta, pazientziaz bete eta itxaropena izan behar dugu egoera hobetuko delakoan.

Egokia dirudizu Olinpiar Jokoak 2021ra atzeratzea?

Munduak bizi duen egoera dela eta, nire ustean erabaki egokiena da jokoen planifikazioa aldatzea. Ziurgabetasun handia dago pandemia honen bilakaerari dagokionez, eta kirol arloan oso zaila litzateke jokoen mailako lehiaketa bat prestatzea egungo baldintzetan. Erabakiak hobeki entrenatzeko aukera ematen digu.

Nola uztartzen dituzu kirola, familia, bikotekidea...?

Nire bikotekidea arraunlaria eta nire entrenatzailea izatea laguntza handia da! Proba indibidualetan lehiatzen nuenean nirekin joaten zen leku guztietara, baina orain beste arraunlari baten entrenatzailea ere bada eta ezin du. Niretzat zaila izango litzateke arraunketa mundutik kanpoko norbaitekin izan eta etengabe banatuta izatea. Beraz, bera ere arraunlari olinpikoa izateak eta nire entrenatzailea izateak dena errazten du. Familiarekin gauzak zailagoak dira, are gehiago aurten; ama urtean bizpahiru alditan ikusten dut eta gogorra da. Baina hamalau urte nituenetik izan da horrela eta dagoeneko ohituta gaude.

Ez duzue atseden hartzen, beraz.

Ez, baina hori ez da berria. Nik, normalean, urtean bi opor aste bakarrik izaten ditut.

Horretaz guztiaz gain, behin erizaintzako ikasketak amaituta, uneotan medikuntza ikasten ari zara Euskal Herriko Unibertsitatean. Zer dela autatu zenuen titulazioa?

Ez dakit. Egia esan, kirolean bezala ikasketetan ere hasiera batean guztia gustatzen zitzaidan eta ez nekien zer bide hartu. Aldiz, nire gurasoek osasun arloarekin harremana zuten eta erizaintzarekin proba egitea erabaki nuen. Medikuntza kirurgikoko irakasgaiekin hastean, izugarri gustuko nituela konturatu nintzen. Une horretan, pentsatu nuen jada medikuntza ikastea, aurrera egin ez nuen arren. Orain, baina, 28 urterekin, ikasten jarraitzen dut, gehiago ikasi nahi dut eta.

Eta nola moldatzen zara dena aldi berean egiteko?

Zaila da, guztia uztartzea izugarri konplexua baita, batik bat aurten. Aurreko urteetan praktiketara eta mintegietara joateko aukera izaten nuen, etxean izaten bainintzen. Aurten, aldiz, hainbeste bidaiarekin, azken ebaluazioa egiten dut, eta ahal dudan irakasgaiak urrutitik jorratzen ditut. Egiari zor, hori bai, asko laguntzen didaten ikaskideak ditut; haiek gabe ez nuke aurrera egiterik izango. Haiek egunero egiten duten lana oso-oso baliagarria zait; izan ere, gero pasatu egiten didate, azterketetarako ikasteko aukera izan dezadan. Ahal den neurrian ikasgaiak egunean eramaten saiatzen naiz, beti pixka bat atzeratuta aritu arren.

«Asko laguntzen didaten ikaskideak ditut Unibertsitatean; haiek gabe ez nuke aurrera egiterik izango.»

Espezialitate jakin bat hautatzeko asmorik duzu?

Ez daukat oso argi. Hasieran pediatria oso gustuko nuen, baina, egia esan, zenbat eta gehiago ikasi, are eta arlo gehiago ezagutzen ditut. Uneotan, adibidez, gustukoen dudana arlo kardiobaskularra da. Kirol medikuntza ere oso arlo ederra da; arraunketarekin lotutako proba fisikoak egiten joaten garen bakoitzean, guztia oso interesgarria iruditzen zait.

Pentsatu duzu zerbait Olinpiar Jokoen osterako?

Ez asko. Kide batzuek zalantza egiten dute behin Olinpiar Jokoak igarota kirol profesionalean jarraituko duten edo ez; nik ez dut kirola uzteko asmorik. Urte asko egiten ditut arraunean inolako bekarik gabe, emaitzarik gabe, eta, amets bat bizitzen ari naizen uneotan, jarraitzea dut buruan. Hori bai, nik bizitza aldika planteatzen dut, eta nork daki...

Genero berdintasunaren auzia nola dago arraunketaren munduan?

Arraunean hasten direnen artean gehiago dira aurrera egiten duten mutilak neskak baino. Hala ere, egoera aldatzen ari da eta neskak gero eta gehiago hartzen gaituzte aintzat. Aurten, adibidez, entrenatzaile nazional femeninoa dugu jada. Aulki mugikorrean, kirol olinpikoa denez, distantziak, bekak... berdinak dira gizonentzat eta emakumeentzat. Emakumeen kirolak aurrera egin du, eta ez arraunean bakarrik; azken Olinpiar Jokoetan emakumeek domina mordo bat irabazi zituzten. Aldiz, emakumezko traineruei dagokienez, asko falta da oraindik egiteko, baita entrenamendu mailan ere; distantziak, adibidez, ezberdinak dira gizonezkoen eta emakumezkoen probetan. Ni neu berdintasunaren alde nago, baina ondorio guztiekin: entrenamendu berdinak, lehia berdinak, ordainsari berdinak.

Gero, egia da ere emakumezkoen kirolak ez duela gizonezkoen ikusgaitasun bera. Gizonen kirola gehiago ikusten da. Egiteko dagoen aldaketa kulturala emakumeen kirola gehiago baloratu dadila da. Eta ikusteko polita izan dadila ere lortu behar da, kontua ez baita inor gu ikustera behartzea.