Joaquín Sevilla, Alberto Nájera López eta Juan Ignacio Pérez Iglesias

Birusa zientzia argitalpenen sisteman

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/18

Alberto Nájera López, Joaquín Sevilla eta Juan Ignacio Pérez Iglesias.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Zientzia argitalpenen sistemak egoera larri bati aurre egin behar dio COVID-19aren ondorioz, eta baliteke horrek azkenean sistemaren beraren eraldaketa ere ekartzea. Ez litzateke zuhurra izango aurreikustea pandemia amaitu ondoren emaitza zientifikoak nola jakinaraziko diren, baina ez dago balizko eboluzio bakar bat baztertzerik. Sistemaren egoera benetako krisi batekoa da.

Emaitza zientifikoak jakinarazteko ohiko bidea aldizkari espezializatuetan argitaratzea da. Horretarako, artikulu proposamenak parekoen ebaluazio prozesu bat, normalean mantsoa, gainditu behar du. Prozesu horretan, arlo horretako beste espezialista batzuek, ezezagunak eta anonimoak egileentzat, epaitzen dute haren kalitatea, eta onartu edo baztertu egiten dute, edo aldaketak proposatzen dituzte.

Prozesu horrek XX. mendean zehar garrantzia hartu zuen (Einsteinek batere gogoko ez bazuen ere) eta kalitatezko zientzia aldizkari baten ezin saihestuzko pausoa da gaur egun.

 

Argitaratu edo hil

Azken urteotan zientzia argitalpenen sisteman tentsio izugarri handiak izaten ari dira. Batetik, zientzia karreran aurrera egitea gero eta oinarrituago dago argitalpenetan. Horren ondorioz, “argitaratu edo hil” esaldian laburbiltzen den praktika bat sortu da, alegia, xedeen eta bitartekoen arteko nahasmen kezkagarria dago.

Bestetik, Interneten agerpenak eraldatu egin du informazio zientifikoa eskuratzeko eta erabiltzeko sistema. Sareek sortutako presioak nabarmen aldatu du digitaliza daitezkeen produktu guztien merkatua (musika, zinema, telesailak eta egunkariak). Aldaketak gorabehera, zientzia argitalpenen sistemak Einsteinek ezagutu zuenaren antzeko egiturari eutsi dio.

Edukiak eskuratzeko sistemaren eraldaketaren eta argitalpen egituraren iraunkortasunaren arteko kontraste horrek tentsio biziak eragiten ditu, honako hau ere esateraino: “zientzia egiteko makina hautsita dago”.

Tentsioak toki askotan azaleratzen dira, eta horrek arazo kezkagarriak eta “zientziaren gaitz” batzuk dakartza. Berrikusleen krisia dago, gero eta zientzialari gutxiago baitaude prest esker txarreko eta zuzeneko onurarik ez dakarren (ez ekonomikorik, ezta aitortza aldetik ere) zeregin horretan denbora emateko. Hori horrela, argitaratzaile askok aukeratu dute egileei beraiei eskatzea berrikusleak iradokitzeko, baina horrek iruzurrezko jokabideak ekarri ditu.

Egileen eta berrikusleen arteko interes gatazkak sistemaren berezko arazo bat dira, baina larriagotu egiten dute presioek. Itzal handiko aldizkarien argitaletxeek zientzia sistemarako duten garrantzia dela eta, kartel modura jokatzen dute, eta ezartzen dituzten prezioak eta tarifikazio sistemak aldizkari harpidetzen ezeztapena eragiten ari dira herrialde batzuetan.

 

SARS-CoV-2a, besterik ez genuen behar

Baliteke COVID-19aren pandemiak zabaltzea behin betiko pitzadura zientzia argitalpenen sisteman; izan ere, lehendik tentsionatua zegoen, eta, ikusi dugun bezala, zenbait arazo larri ere bazituen.

Parekoen berrikuspenaren ezaugarri agerienetako bat haren mantsotasuna da. Nahiz eta azkar egin nahi izan, zaila da hilabete baino gutxiago behar izatea; izan ere, lana bidalita, berrikusteko onartu behar dute, hiru espezialistak irakurri eta irizpena adostu behar dute, eta, azkenik, onartu (edo baztertu). Denbora hori, baldintza normaletan arrazoizkoa izan daitekeen arren, izugarri luzea da pandemia garaietan. Ikerketak, zeina jarduera ezin biziagoko egoeran dagoen, ezin ditu asteak itxaron beste talde batzuk zer egiten ari diren jakiteko, are gutxiago berrikuspenak azken emaitzari dakarkion balioa funtsezkoa ere ez dela kontuan harturik.

“Estandar" dei genitzakeen zientzia artikuluak, emaitza esperimentalak dituztenak, atzeratzeaz gain, zientzia garapena aberasteko aukera ematen duten bestelako ekarpen batzuk ere atzeratzen ditu horrek, hala nola eskutitzak, iruzkinak, editorialak eta ikuspegiak. Aldizkari askok, proposamen guztiei erantzun ezinik, haien kopurua mugatu dute edo ez dituzte onartzen. Baten batek adierazi ere egin du era horretako ekarpenak aldizkariaren edo argitalpen kontseiluaren beraren ekimenez egingo direla, eta, hala, zientzia komunitateari nabarmen mugatzen zaio era horretako formatuetara jotzeko aukera.

Horrenbestez, argitalpen sistemak beregana dezakeen baino azkarrago sortzen du ezagutza SARS-CoV-2a –bere arlo guztietan– ikertzen duen zientzialarien komunitateak. Horregatik, beste aukera batzuk bilatu beharra izan dute.

 

Aurreargitalpenaren paper... bustia?

Gizartean komunikazioak ez du mugarik; horregatik, komunikazio zientifikoa ezin da egon legezko epean eta eran erantzuteko gauza ez den argitalpen munduak estututa. Hori horrela, egile askok aurreargitalpenen ('preprints') plataformetara jo behar izan dute –hala nola ArXiv, medRxiv, bioRxiv, Queios eta OSFpreprints– ikerketen emaitzak ezagutarazteko.

Webgune horietan egileek artikuluak argitaratzen dituzte, aldizkarietan berrikusi bitartean irakurri ahal izan daitezen. Gune horiek orain dela zenbait hamarkada agertu ziren, eta, jatorriz, berrikusle ez oso etikoek ideiak lapurtzeko arriskuaren arazoa arintzeko sortu zituzten. Zenbaitek muga batzuk jartzen dituzte eta “argitalpen” kontseilu batek galbahearena egiten du; beste batzuk askoz malguagoak dira, ordea. Ia guztiek DOI bat (Digital Object Identifier) esleitzen dute, edukia identifikatzeko aukera ematen duena, ISBNaren antzera.

Horietako batzuek aukera ematen dute beste zientzialari batzuek, beren ORCID kodea erabiliz akreditatu ondoren (Open Researcher and Contributor ID, “Ikertzaile eta Kolaboratzailearen Identifikatzaile Irekia”), ekarpenaren edukia jendaurrean eztabaidatu eta berrikus dezaten. Artikulu bat “berrikusi” ahal duten zientzialarien kopurua askoz handiagoa izango da parekoen berrikuspen sistema batekoa baino. Open Science benetako eta oso bateranzko paradigma aldaketa batean al gaude?

Baliteke, baina zuhurrak izan behar gara. Zientzia frenetikoko egunotan, gizarteak ezagutza eskari handia egiten duenez, sinesgarritasun oso gutxiko azterlanek garrantzi publiko handia hartzen dute. Horregatik, nolanahi ere, parekoen berrikuspenaren ordezko aukera orok argitaratzen denaren gutxieneko kalitate bat bermatu beharko du 'a priori'.

 

Egoera etsiek neurri etsiak eskatzen dituzte

Aurreargitalpen bat onespen formalaren aurretik gordailu publiko batean jartzeak ez du esan nahi argitalpen horrek itzal handiko aldizkari bateko artikulu baten balio bera duenik. Baina, behar ote du zientzia komunitateak argitalpen kontseiluen eta berrikusleen irizpena zientifikoki onargarria zer den erabakitzeko? Badirudi arau eta jardunbide tradizional horiek, askotariko arrazoien ondorioz, zapuzten ari direla oraingo larrialdi egoeran.

Aurreargitalpen batek ideia baten egiletza baino ez du aitortzen, nolabait. Lana lasterketa bateko polean jartzea da, nolabait esateko, baina, azkenean, beste batek irabaz dezake lasterketa, lehenago argitaratuz gero. Zientzialari batzuek emaitzak edo ideiak partekatzea lehenesten dute, argitaletxe batek “onartu” aurretik, ezagutzarako ekarpena ahalik eta lasterren gerta dadin, badakitelako, curriculum vitaeren gainetik, bizitza askori buruz ari garela hitz egiten.

Paradigma berri baten aurrean ote gauden erantzutea ez da erraza. Baina ez dugu baztertu behar oraingo egoerak ikerketaren emaitzak jakinarazteko beste eredu bat ekartzea. Behin baino gehiagotan gertatu da historian zehar sistema ahul batek denboran, inertziaz, iraun izana, eraldatzera edo ordeztera behartzen zuen kanpoko mehatxurik izan ezean. Baliteke horrelako egoera batean egotea. Gerta liteke pandemiagatik sortutako informazio kopuru handia izatea zientzia argitalpenen sistema eraldatzea ekarriko duen mehatxua. Horren krisia, horrenbestez, beste sistema baten aurrekaria izango litzateke.

 

Egileak: Joaquín Sevilla, ezagutzaren dibulgazioaren arduraduna eta Teknologia Elektronikoko irakaslea Nafarroako Unibertsitate Publikoan; Alberto Nájera, Erradiologia eta Medikuntza Fisikoko doktorea, irakasle kontratatua Gaztela-Mantxako Unibertsitatean; Juan Ignacio Pérez Iglesias, Fisiologiako katedraduna Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean.

The Conversation