euskaraespañol

Eguneko irudia

Aníbal M. Astobiza

WorldCoin kriptodiru aplikazio globala milioika erabiltzaileren irisak eskatzean ari da: zertarako?

Doktorego osteko ikertzailea, zientzia kognitibo eta etiko aplikatuetan aditua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/08/31

Irudia
Orb, erabiltzaileen irisa eskaneatzen duen WorldCoinen zilarrezko esfera | Argazkia: <a href="https://worldcoin.org/blog/worldcoin/orb-faqs">WorldCoin, CC BY-SA</a>

Artikulu hau jatorriz The Conversation-en argitaratu da.

WorldCoin mundu berri bat da, non ekonomiak "token"ekin funtzionatzen duen eta "gobernu"ak ingurune ekonomiko parekideago bat agintzen duen. Bertako kide egiteko, froga biometriko bat aurkeztu behar da: irisaren eskanerra. Horrek susmopean jarri du WorldCoin jaio eta berehala.

Eta froga hori zergatik? WorldCoin-ek tresna bat behar du merkatu horretan inbertitzen, erosten edo saltzen dutenen segurtasuna ziurtatzeko, hau da, beste aldean gizaki bat dagoela bermatzeko, eta ez robot edo iruzurti bat. Beraz, aplikazioaren identitate protokoloak, World ID izenekoak, bot-ak eta identitate birtual faltsuak bilatzen eta antzematen ditu. Baina, horretaz gain, sarearekin bat egiten duten erabiltzaileei eskatzen die so egiteko ‘orb’ deritzon zilar koloreko esfera bati, irisa eskanea diezaien, hori baita gizakitasunaren eta identitate pertsonalaren froga ukaezina.

Segurtasunaren aldeko borroka

Horregatik eten dute Kenyan WorldCoinen jarduna. Eta horregatik ekin diete ikerketei Europako zenbait agintaritzak. Frantzian, urrutirago joan gabe, Informatika eta Askatasunen Batzorde Nazionala (CNIL) WorldCoin ikertzen hasi da datuen pribatutasuna ustez urratzeagatik, eta kezka handia sortu da baimen informaturik gabeko zaintza biometrikoaren inguruan.

Bitartean, Argentinan, Daniel Monastersky-k, abokatua eta datuen babesean aditua bera, Informazio Publikoaren Eskurapenerako Agentziari ohartarazi dio balitekeela WorldCoin enpresa herrialde horretako datu pertsonalen babeserako legea urratzen ibiltzea, pertsonen datu biometrikoak pribatutasun eta segurtasun bermerik gabe bilduz.

Irisa eskaneatzearen marra gorria

WorldCoin-entzat (izenak “txanpon mundua” esan nahi du hitzez hitz), identitate digitala oinarrizko tresna da kriptodiru transakzioen segurtasuna eta fidagarritasuna ziurtatzeko. Parte hartzaile bakoitza gizakia dela bermatzeko, irisa eskaneatzen dio ‘orb’ izeneko gailu batez, eta hori kode alfanumeriko bihurtzen du. Pertsona WorldCoin-en inoiz erregistratu ez bada, lehen aldiz egitean bono bat jasotzen du.

Kriptodiruaren testuinguruan, identitate digitala ezinbestekoa da, horrek bermatzen baitu parte hartzaileak benetan direla dioten pertsonak, iruzurra eta lapurreta eragozten lagunduz. Adibidez, kriptodiru erabiltzaile batek beste bati dirua bidali nahi dionean, bere identitate digitala eman behar dio hartzaileari. Gero, hartzaileak erabiltzailearen identitatea egiazta dezake haren identitate digitala erabiliz. Erabiltzailearen identitatea behin egiaztatu ondoren, hartzaileak funtsak onar ditzake.

Irisen jatorrizko irudia ez da ez gordetzen ez kargatzen, eta ez da bestelako informazio pertsonalik eman behar. Kriptografia modernoari esker, kode alfanumeriko hori ez dago lotuta ez erabiltzailearen txartelari, ez haren bankuko kontuari, ez haren transakzioei, eta horrek are gehiago babesten du  pribatutasuna.

WorldCoin-ek iris eskaner bat jasotzen duenean, World ID izeneko identitate digital bat sortzen du. IDa ez dira erabiltzailearen datu biometrikoak, baizik eta identifikatzaile bat, "ezagutzarik gabeko frogak" deritzon metodo kriptografiko baten bidez sortua.

Hala ere, horrek ez du esan nahi arriskurik ez dagoenik.

NAN berria WorldCoin-en

'Zero-knowledge proofs' direlakoak –hots, ezagutzarik gabeko frogak– kriptografia mota bat dira. Haien bidez, alde batek (‘prover’ edo frogatzaileak) beste bati (‘verifier’ edo egiaztatzaileari) gauza bat egia dela froga diezaioke informazio gehiago eman gabe.

Kontu handiz diseinatutako interakzioen bidez funtzionatzen dute, zeinetan ‘prover’ delakoak ‘verifier’ delakoaren galderei erantzuten dien. Azkenean, verifier delakoa baieztapenaren egiazkotasunaz konbentzituta geratzen da, baina datu konfidentzialik jaso gabe.

Horrela, transakzioak baliozkotzen dira, baina aldi berean pribatutasuna gordetzen da. ‘Prover’-ak transakzio baterako funtsak badituela frogatzen du, benetako saldoa erakutsi gabe. WorldCoin-ek kontzeptu hori identitate digitalari aplikatzen dio, bidea emanez erabiltzaileen identitatea egiaztatzeko datu biometriko errealik eman barik.

Finantzen demokratizazioaren promesa

Balizko oinarrizko errenta unibertsal baten promesaz, WorldCoin-ek itxaropenak sortu ditu, baina, ikuspegi dekolonial batetik, baita mesfidantzak ere. Oinarrizko errenta unibertsal edo baldintzarik gabearen ideia erakargarria bada ere, kritika batzuek ohartarazi dute arriskutsua dela errenta hori garapen bidean dauden herrialdeetan datu biometrikoak masiboki bilduz ezartzea. Horrek dinamika kolonialak betikotu litzake, zeinetan atzerriko potentziek baliabideak eta datuak erauziko lituzketen populazio ahulenengandik.

Gainera, herrialde horietako askotan gaiaren inguruko legeria argirik ez dagoenez, zalantza sortzen da erabiltzaileen eskubideak eta pribatutasuna ez ote diren urratzen. WorldCoin-en promesak onbera dirudi, baina funtsezkoa da hura kritikoki aztertzea, eta ziurtatzea iraganeko bidegabekeriak ez direla errepikatuko datuen kolonialismoaren testuinguruan.

Teknologia polemiko hori onartu aurretik, garapen bidean dauden herrialdeetako gobernuek eta herritarrek gardentasuna, baimen informatua eta datuen babesa exijitu behar dituzte.