euskaraespañol

Gasteizko Film Laburren XXIV. Jaialdia

CORTADA 2020 bizirik, munduko pandemiaren erdian

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/11

Irudia
Gasteizko Film Laburren XXIV. Jaialdiaren aurkezpena. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

CORTADA jaialdiaren hogeita laugarren edizioa abenduaren 14tik 19ra egingo da. Jaialdia Gasteizen egiten da, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako Campuseko Errektoreordetzaren antolakuntzarekin eta Vital Fundazioaren eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Badira jada sei urte jaialdiak kalifikazioa ematen duela Espainiako Zinema Akademiaren GOYA sarietarako, eta bost urte, Forque sarietarako.

Gaur egungo osasun egoerak sortutako zailtasunak direla eta, jaialdi askok atzeratu behar izan dituzte 2020ko edizioak, edo bestela, egitaraua online proiektatu behar izan dute. CORTADAren kasuan, jaialdia hibridoa izango da. Hala, saio presentzialak beharrezkoak diren neurriak betez egingo dira, eta, aretoaren edukiera murriztu beharko denez, saio presentzial horiek online ikusi ahal izango dira aretoan proiektatzen diren egun berberetan, FESTHOME plataformaren bidez. Hala, jaialdia irekita egongo da nahi duten guztientzat, eta gertutik jarraitu ahal izango zaio planetaren edozein txokotatik.

Pandemiak eragindako egoera tartean dela, edizio honetan bi sekzio bakarrik izango ditugu: OFICIAL/GUREAK, 35 film laburren aukeraketarekin, eta HEMENGOAK, lehiaketarako 21 lan bildu dituena. Aurtengoan, sekzio garrantzitsuak kenduko dira, hala nola UNILABUR edo EHULABUR. Datorren urtean saiatuko gara horiek berreskuratzen; era berean, aurten bertan behera geratuko da Publikoaren Saria. HEMENGOAK sekzioak bere eremu geografikoa zabalduko du, EAEko hiru lurraldeak hartzeko, eta ez soilik Araba, aurreko edizioetan bezala. Orotara, 56 film labur aukeratu dira; horietatik 33 EAEkoak dira, eta 14, Arabakoak. OFICIAL/GUREAK sekzioa aretoan eta online proiektatuko da, eta HEMENGOAK, ordea, online baino ez.

“Oso pozik gaude euskal ikus-entzunezkoak oso ordezkaritza ona duelako CORTADAn, eta erakundeak animatzen ditugu Euskadiko eta Arabako talentu berriei laguntzen jarraitzera, haien arrakasta CORTADArena eta gure zinemarena ere izango delako” adierazi dute antolatzaileek.

CLERMONT-FERRANDeko FILM LABURREN JAIALDI ospetsuaren LABO sekzioaren film laburren aukeraketa bat ere programatu du aurtengoan CORTADAk. Jaialdi hori munduko prestigiotsuena da, eta orain hastera doan lankidetza areagotzen joango da datozen edizioetan. Erakusketa bat ere izango da jaialdia osatzeko, eta hasiera emango dio aurtengo lehiaketari datorren astelehenean, abenduaren 14an. Sekzioa soilik presentziala izango da.

Euskararen aldeko erronka bere horretan mantenduko da, eta aurten ere EUSKARABANDA BIDEOMARATOIA egingo da; klasiko bat jaialdian. Dena den, oraingoan lehiaketa ez da presentziala izango, agerikoak diren arrazoiak direla eta.

Lehiaketaren sari ofizialez gain, honako hauek banatuko dira: CORTADA FILM LABUR ONENA (2000 euro eta garaikurra), EUSKAL FILM LABUR ONENAREN GUREAK SARIA (1000 euro eta garaikurra), eta HEMENGOAK SARIA (300 euro eta garaikurra). Aurten, lehiaketaren hainbat babeslek eta kolaboratzailek eskainitako beste hiru sari izango dira. HOTELESDEVITORIA.COMek zuzendari onenarentzako bi sari banatuko ditu GUREAK eta HEMENGOAK sekzioetan (200 euro eta trofeo bat sari bakoitzeko). Bestalde, ALAVES-BASKONIAk Arabako film labur onenarentzako saria banatuko du GUREAK sekzioan (200 euro eta garaikurra).

Aurten, euskal zinemaren hiru profesionalek osatutako luxuzko epaimahaia izango dugu: Jara Ayúcar, Zineuskadi Basque Audiovisualeko komunikazio arduraduna; David P. Sañudo, Gasteizen bizi den euskal zuzendaria eta “Ane” bere lehen filma zuzendu berri duena —filmaren zati handi bat gure hirian filmatu zen, eta kritika oso onak jaso ditu—; eta, Lander Otaola, zineman, antzerkian, telebistan eta edonon aritzeko gai den aktorea, hainbat filmetan ikusi duguna, hala nola Kepa Sojoren “La pequeña Suiza”, eta laster estreinatuko den Secun de la Rosaren “El cover” filmean ikusiko duguna.

Jaialdiaren amaierako ekitaldia ere sekulakoa izango da, eta horren gidaritzarako gurekin izango ditugu Gorka Aginagalde, Susana Soleto, Iñigo Sallinero eta Gemma Martínez. Umorea ez da faltako noski hitzordu horretan, eta, jaialdia bera bezala, presentziala izango da, eta aldi berean streaming bidez ikusi ahal izango da, Interneten.

Informazio gehiago: www.festivalcortada.com