euskaraespañol

Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen idazkari exekutibo ohia

Yvo de Boer: «Kutsadurari prezioa jarri behar zaio»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/11

Irudia
Ivo de Boer Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Argazkia: Jorge Navarro. UPV/EHU.

Yvo de Boer (Viena, 1954) aholkularia da nazioarteko ingurumen-politikan. Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmeneko (UCC) idazkari exekutibo ohia ere bada. Aste honetan, hizlari izan da Zientzia eta Teknologia Fakultateak antolatutako "Klima Aldaketaren Eguna" jardunaldian. Planetaren etorkizunaren aldeko borroka luze eta gogor baten protagonista da, eta seinale positiboak sumatzen ditu Glasgowen egiten ari den Klimari buruzko Goi-bileran.

'Klima-aldaketa globalari aurre egiteko erronka ugariak: ez dago egia, irtenbide edo pertzepzio bakar bat' hitzaldia izan zen jardunaldiko ekitaldi nagusia. Zertaz hitz egin zenuen?

Klima-aldaketa ia mundu osoan funtsezko erronkatzat hartzen den arren, askotan interes ekonomikoek pisu handia dute eta gobernuak geldiarazten dituzte jarduteko orduan. Garapen bidean dauden nazioen hazkunde ekonomikoaren aginduak ezagutu behar ditugu, eta finantziazioaren eta teknologiaren bidez lagundu, hazkunde berderako trantsizioa egiteko. Gogora dezagun Lurrean ez dagoela oparotasuna lortu duen nazio bakar bat, industrializazio eta kutsadura prozesu batetik igaro gabe.

Eman al diezagukezu «errezeta» bat klima-aldaketari aurre egiteko?

Kutsadurari prezio egokia jartzea eta teknologian inbertitzea etorkizun energetiko garbia lortzeko, pobrezia errotik kentzea arriskuan jarri gabe.

Klima-aldaketa mehatxu global larria dela eta azkar gertatzen ari dela uste duzu?

«Ez zaio behar adinako arreta jarri klima-aldaketari soluzio erreala eskaintzen dioten teknologietako inbertsioari»

Bai. Emisioak murrizteko gobernuek ezarrita dituzten gaur egungo promesak ez dira nahikoak klima-aldaketa arriskutsua saihesteko. Inflexio-puntu larrietara hurbiltzen ari gara; esaterako, eremu artikoak desizozten ari dira  eta horrek metano kantitate handiak aska ditzake. Metanoa berotegi-efektua eragiten duen gas ahaltsua da.

2006tik 2010era bitartean, munduko klima babesteko negoziazioetan funtsezko zeregina izan zenuen, Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmeneko idazkari exekutibo ohi gisa. Nola baloratzen duzu esperientzia?

Borroka sakona eta garestia izan zen. Ia 30 urte daramatzagu nazioarteko negoziazioetan, eta, hala ere, inoiz baino berotegi-efektuko gas gehiago isurtzen ditugu. Ez zaio behar adinako arreta jarri soluzio erreala eskaintzen duten teknologietako inbertsioari. Ekonomia berrien lehentasunak errespetatzen ez badira, ez dugu arazo hori negoziazioaren bidez konponduko.

Eskoziako Glasgow hirian COP26 bilkura egiten ari dira egunotan. Zer espero dezakegu harengandik?

«Gaur egun, 1,5 graduko helburua ez dago eskura, dagoeneko»

Espero dut COP26ak tarteko helburuak adostea 2030erako, eta agindutako finantziazioa benetan beteko dela eskaintzea. Ekintza-promesa garrantzitsu asko egin dira Glasgowen. Espero dut herrialdeek han agindu dutena betetzea. Guztiaren gainetik, gobernuek konpromiso gehiago hartzea eta konpromisoak betetzea behar dugu. Konpromiso horiek argi utziko diote sektore pribatuari epe luzera karbonoan oinarritutako ekonomian etorkizunik ez dagoela.

Esaten denez, helburu nagusia da herrialde guztiek berotegi-efektuko gasen emisioak murriztu behar dituztela, planetaren batez besteko tenperatura 1,5 gradutik gorakoa izan ez dadin. Emisioak murrizteko konpromisoa hartzea nahikoa dela uste duzu?

Gaur egun, 1,5 graduko helburua ez dago eskura. Gobernuen egungo promesek tenperatura 2 gradutik gora igotzera eramango gaituzte. Hartutako konpromiso asko 2050erako dira. Hori oso urrun dago. Egungo edozein lider politikoren agintalditik haratago. Beraz, izugarrizko tentazioa dago behar dugun premiazko ekintza atzeratzeko eta saihesteko. Baina umore-aldaketa ikusten ari gara Glasgowen, eta hori Glasgowen egiten ari diren konpromiso-sorta zabal batean islatzen da. Bereziki garrantzitsua da finantza-erakundeek inbertsio-zorroak deskarbonizatzeko emandako hitza.