Zarata ez da oztopo atzerriko hizkuntzetako soinuak ikasteko

UPV/EHUko ikerketa talde batek frogatu duenez, soinuak eraginkortasun berdinarekin ikasten dira inguru zaratarekin edo ingurune isiletan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/12

UPV/EHUko Language and Speech Laboratory (LasLab) ikerketa taldeak frogatu duenez, posible da atzerriko hizkuntza bat ikasi nahiz eta ikasketa hori inguru zaratarekin egin, ama hizkuntzak ikasterakoan dauzkagun baldintza berdinak errepikatzen baitira.

Zarata ez da oztopo atzerriko hizkuntzetako soinuak ikasteko
Maria Luisa Garcia Lecumberri eta Martin Cooke doktoreak. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Zarata handia duen taberna batean atzerriko hizkuntz bateko solasaldi bat izaten saiatu eta ez dugula ia ezer ulertzen pentsatu dugu, noizbait, gutako gehienak. Atzerriko hizkuntza bat ikasi duten ikasle gehienek zailtasun handiak sentitu dituzte, sarritan, aipatu hizkuntza ikasgelatik at ulertzeko. Eguneroko bizitzan, solasaldiak zarata iturri asko eta aldi berean hizketan dauden hiztun ugari dituzten tabernak edo jatetxeak, tren geltokiak edo trafiko handia duten kaleak bezalako leku zaratatsuetan garatzen ohi dira. Testuinguru horietan, hizkuntza ikasleek zailtasun handiagoak dituzte atzerriko hizkuntza beren ama hizkuntza ulertzeko baino. Horren zioa da ume txikiek beren ama hizkuntza ikasten dutenean hiztun askorekin eta egoera eta ingurune oso ezberdinetan egiten dutela, zarata eta beste nahaste batzuekin, hori baita ohikoa mundu errealean. Ondorioz, beren hizkuntza egoera horietan ulertu ahal izateko beharrezkoak dituzten estrategiak garatzen dituzte.

Egoera hori ikusita, Maria Luisa Garcia Lecumberrik eta Martin Cookek osatzen duten UPV/EHUko ikerketa taldeak ondoko planteamendua egin zuen: atzerriko hizkuntzaren ulermenerako erabilgarria izan zitekeela inguru zarata txertatzea atzerriko soinuen entrenamenduan. Nolanahi ere, beste aukera bat zegoen ere: entrenamenduan inguru zarata txertatzea txarra izatea, sarturiko zailtasunaren ondorioz.

Egin duten ikerketak, ordea, zalantzak uxatu ditu eta aipatuan frogatu dutenez, atzerriko soinuak inguru zaratarekin irakastea ez da inolaz ere kaltegarria, ingurune isil batean ikasten diren bezalaxe ikasten baitira. Eta, bestalde, atzerriko hizkuntza hori hobeto ulertzen da zarata duten egoera eta lekuetan, hau da, norbanakoaren egunerokotasuna hartzen duten horietan.

Ikerketak euskara eta gaztelania hitz egiten duten 88 lagun elebidun aztertu zituen. Ingelesaren kontsonanteak ikasteko 10 saioko entrenamendua egin zuten bi talderekin: inguru zaratarekin bata, inolako zaratarik gabe bestea. Bost astez, ingelesaren kontsonante bakoitzaren 200 adibide landu zituzten; 4.800 itemetik gora, guztira. Alderaketa egiteko, hiru kontrol talde: bokalak zaratarekin eta zaratarik gabe ikasi zituzten talde bana eta ingelesera ama hizkuntza duen hirugarren talde bat.

“Emaitzek frogatzen dutenez, zaratarekin eginiko entrenamendua eraginkorra da, ez du kalterik egiten. Are gehiago, zaratarekin lan egin zutenek emaitza zertxobait hobeak lortu zituzten kontsonanteak identifikatzerakoan”, adierazi du Maria Luisa Garcia Lecumberrik.

Ikerketaren alderdi nabarmenena ondokoa izan da: atzerriko hizkuntza bizitza errealean ulertzeko entrenamendua zein onuragarria den ikustea. “Entrenamenduaren aurretik, natibo ez diren pertsonek egoera zaratatsu batean aurkezturiko kontsonanteen ia erdia okerki identifikatzen zuten. Entrenamenduaren ostean, ordea, akatsak natiboen ia maila berdinera murriztu ziren: 3 akats 10 kontsonanteko". Kontsonanteak ingurune isiletan identifikatzeko orduan, halaber, zaratarekin entrenatu ziren pertsonek zaratarik gabe entrenatutako horien puntuazio ia berdinak lortu zituzten, eta natiboengandik oso gertu.

“Gure ikerketak frogatu du garrantzitsua dela baldintza naturalak erreproduzitzea atzerriko hizkuntz bat ikasterakoan, hiztun anitzak eta era ezberdineko inguru zaratak txertatuz, laborategi baldintza aseptikoetan eginiko irakaskuntzaren aurrean”, laburbildu du Martin Cookek. Zaratarekin eginiko ikaskuntza horrek nola funtzionatzen duen jakitea da hurrengo pausoa. Ikerketa taldeak esku artean dituen hipotesietako bat da soinuak zaratarekin entzuten dituzten entzuleek arreta handiagoa eskaintzen dietela, zarata bakoitzaren ezaugarri ezberdinen artean, nahasteen aurrean sendoago agertzen zaizkigun horiei.

Informazio osagarria

Maria Luisa Garcia Lecumberri doktoreak Ingelesaren Fonetika irakasten du UPV/EHUko Letren Fakultatean eta Martin Cooke doktorea Ikerbasque ikertzailea da.  Language and Speech Laboratory (LasLab) ikerketa taldeko kide dira biak.

Erreferentzia bibliografikoa