euskaraespañol

Zuhaitzen heriotza arriskuaren adierazleak

Lehortearen ondoriozko zuhaitzen heriotza hobeto ulertzeko ikerketa batean parte hartu du UPV/EHUk

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/13

Asier Herrero, Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia sailekoa
Asier Herrero, Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia sailekoa | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Lehortea mundu osoko baso ekosistemei eragiten ari da, modu masiboan, eta ezinbestekoa da lehorteak eragindako heriotzaren aurrean zuhaitzek duten banakako zaurgarritasuna ulertzea. UPV/EHUk parte hartu duen azterlan baten arabera, zuhaitzen hazkundearen eta klimaren arteko desakoplamendu batek eragin dezake heriotza tasa hori. Hala, eskuragarritasun hidrikoaren aurrean zuhaitzen hazkundeak duen sentikortasuna erabil liteke heriotzaren alerta goiztiarrerako seinale gisa. Adierazle mota horiek oso lagungarriak izan daitezke basoko ekosistemetan aldaketa klimatikoa arintzeko eta hari egokitzeko neurriak diseinatzeko orduan.

Lehortearekin lotutako zuhaitzen heriotza masiboak mundu osoan ugaritu dira azken hamarkadetan, eta horrek eragina izan du basoko ekosistemen egituran eta funtzionamenduan. Dena den, lehorteak eragindako heriotzaren aurrean zuhaitzek duten banakako zaurgarritasunari buruzko ezagutza mugatua da oraindik. Orain dela gutxi ‘Reduced growth sensitivity to water availability as potential indicator of drought-induced tree mortality risk in a Mediterranean Pinus sylvestris L. forest’ (Hazkundeak eskuragarritasun hidrikoarekiko duen sentikortasuna murriztea, zuhaitzen heriotza arriskuaren adierazle potentzial gisa, Pinus sylvestris L. espezieko baso mediterraneo batean) lana argitaratu dute, arazo hori argitzen laguntzeko. “Espainia erdialdeko baso hedadura zabal batean gertatutako heriotza masiboa eragin zuten faktoreak identifikatzea izan zen azterlanaren helburua; Pinus sylvestris L. espeziea gailentzen zen eremu hartan, oso hedatuta dagoen eta garrantzi ekonomiko eta ekologiko handia duen espezie bat”, aipatu du Asier Herrerok, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakasle laguntzaile doktoreak.

Horretarako, hazkunde erradialaren patroiak alderatu zituzten bizirik zeuden eta duela gutxi hil ziren banakoen bikoteetan. Oso gertu zeuden eta antzeko adina eta tamaina zuten banakoak aukeratu zituzten azterlanerako. Hala, isolatu egin zituzten tamainarekin eta heriotza prozesuaren ingurunearekin lotutako efektuak. Honako hauek alderatu zituzten zuhaitz bizien eta hilen artean: hazkundearen denborazko dinamika, hazkundearen sinkronia (banakoen artean denboran zehar bat datozen urteroko patroiak) eta hazkundeak uraren eskuragarritasunarekiko duen sentikortasuna (honela kalkulatuta: prezipitazioa ken ebapotranspirazio potentziala).

Azken 50 urteetan ez zen hauteman desberdintasun nabarmenik zuhaitz bizien eta hilen artean. Dena den, lehortearen intentsitatea hazten zioan heinean, zuhaitz guztietan hazkundearen sinkronia ere hazi zela hauteman zen, baita uraren eskuragarritasunarekiko sentikortasuna ere (hau da, balantze hidrikoaren malda hazkunde ereduan). “Hil baino 20 urte lehenago, hildako banakoek hazkundearen sinkronia txikiagoa zuten banako biziek baino, eta uraren eskuragarritasunarekiko sentikortasun txikiagoa”, nabarmendu dute ikertzaileek.

Hazkundearen sinkronia eta uraren eskuragarritasunarekiko hazkundearen sentikortasuna murriztu izanak honako hau iradokitzen du: desakoplamendua dagoela zuhaitzen hazkundearen eta klimaren artean. Horrek handitu egin dezake akats hidrauliko bat gertatzeko eta karbonoa falta izateko arriskua, baldintzak gero eta lehorragoak baitira. Hala, zuhaitzen heriotzaren alerta goiztiarreko seinale gisa erabil liteke hazkundeak eskuragarritasun hidrikoarekiko duen sentikortasuna. Merezi du etorkizunean gai hau sakonago aztertzea; batez ere, sasoiaren araberako lehortea izaten duten eremuetan. Heriotza arriskuaren adierazle mota horiek oso lagungarriak izan daitezke basoko ekosistemetan aldaketa klimatikoa arintzeko eta hari egokitzeko neurriak diseinatzeko orduan.

Informazio gehigarria

Hainbat ikertzaileren eta unibertsitateren arteko elkarlanaren emaitza da ‘Frontiers in Forests and Global Change’ aldizkarian argitaratutako artikulua. Honako hauek parte hartu dute: Asier Herrero, Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia sailekoa; Raquel González-Gascueña eta Patricia González-Díaz, Centro de Investigaciones sobre Desertificación zentrokoak (CIDE, CSIC-UV-GV); Paloma Ruiz-Benito, Alcala de Henaresko Unibertsitateko Bizitza Zientzietako sailaren baitako Basoen Ekologia eta Leheneratze Taldekoa (FORECO); eta Enrique Andivia, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsekoa (UCM).

Azterlan hau honakoen bidez finantzatu da: Eusko Jaurlaritzaren FisioKlima-AgroSost proiektua (IT1682-22) eta Berrikuntza Ministerioaren ADAPTAMIX (PID2019- 110470RA-100) eta LARGE (PID2021-123675OB-C41) proiektuak.

Erreferentzia bibliografikoa