euskaraespañol

Itsasadarrak ez ezik, mendiak ere bereizten du Bilbo Handia

Maider Uriartek, UPV/EHUko ikertzaileak, ‘Paisaia-ikuspegia' metodologia berri bat aplikatu du Bilboaldeko hiri bazterrean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/22

Irudia
Atzealde Bilboko mendi-magalen gainean, Maider Uriartek birpasatzen du tesia

Bilboaldeko mendi-magaletako paisaiak ez du zerikusirik hiriko edo nekazaritza eremuetako paisaiekin: berezko izaera du, baita garrantzia ere. Maider Uriartek, arkitektoa eta UPV/EHUko irakaslea, paisaia eraikuntza bat dela aldarrikatzen du, eta hori aztertzeko metodologia berri bat ('Paisaia-ikuspegia') garatu du.

Ikertzaileak metodologia berria probatu du Bilbo Handiko mendi-magaletan. Paisaia ikertzeko erremintak lau dimentsio integratzen ditu: nork eragin duen paisaian, nola irudikatu duen, zein ideiaren arabera eraldatu duen eta, ondorioz, zein elementu fisiko sortu diren.

«Oro har, paisaia eta natura elkartzen dira, gauza bera dela pentsatzen da-eta, baina,  ikuspegi kulturaletik, modu ukigarrian eta modu ukiezinean, paisaia norbanakoak eta gizarteak eraikitzen duten kontzeptua bat da», azaldu du Maider Uriartek. Hain zuzen ere, paisaia natura gisa ikusten denean, eraikuntzarik ez dagoen toki batekin nahasten da normalean. Hala ere, Europako Paisaia Hitzarmenean beste esangura bat du: paisaia lurraldeko edozein eremu bat da eta, bertako pertsonek sortutako ulermen soziokulturalaren araberakoa, elementu naturalak edota artifizialak elkartzen ditu.

Maider Uriartek paisaiaren teoriak aztertzean, aurreko lau dimentsioak agentea, ideia, irudikapena eta elementuak) beste ikertzaile batzuek modu isolatuan lantzen dituztela konturatu zen. Beraz, UPV/EHUko arkitektoak hainbat teoria eta metodologia bateratzen ditu, paisaiaren izaera lantzeko; eta metodologia zehatz eta sistematikoa eratu du: Paisaia-ikuspegi tresna. Bere esanetan, «hiri-gune batekin edo baserri-paisaiarekin alderatuta, hiri-bazterrak galtzen ateratzen dira. Ez zaie izaera berezirik aitortzen, ez zaie balorerik ematen. Trantsizio eta hibridazio eremuak dira, eta, gehienetan, arazoak balira bezala landu ohi dira. Beraz, paisaia periferikoa ulertzeko "betaurrekoak" aldatu behar dira, beste logika bat baitauka».

Nahiz eta garrantzirik eman ez zaion eta ustez estetikoki interesik ez duen, «hiri-bazterreko paisaiak gure egunerokotasunean presentzia handia du», nabarmendu du irakasleak. Horregatik, bere metodologia aplikatuz, paisaiari buruzko saiakera egitea proposatzen du hiri bazterreko ezaugarri positibo potentzialak biltzeko, bizitza kalitatea hobetzeko eta bere izaera berezia nolakoa den ulertzeko. Horrela, paisaiak ordenatu, planifikatu eta diseinatzeko tresna erabilgarria izan daiteke, batez ere, iraganeko esperientzietatik etorkizuneko paisaiak eraikitzeko, eta plangintzetan eta lurralde antolaketan izaera hori islatzeko.

Bilbo ez da bakarrik itsasadarra

Paisaia interpretazio soziokultural bat denez, edozein motatako agentek eraldatu dezake. Tesi hori bere metodologian agerikoa da, baina, bere tesian, Maider Uriartek kasu zehatz eta ez ohikoa ere sartu du: Bilboko mendi magaletako paisaia. «Ahaztuta dauzkagun arren, mendi magalak ere hor daude. Itsasadarrak ez ezik, mendiek ere garrantzi handia izan dute Bilboren hazkuntza ekonomikoan. Baso, harrobi eta meatze guztiak aberastasun-iturriak izan badira ere, gaur ahaztuta daude elementu esanguratsu gisa, bai eta baztertuta ere gizarte-iruditegian.». Ondorioz, bazterreko paisaia bilakatu dira mendiak.

Metodologia aplikatzean, lehenengo pausoa landa-lan bat egitea izan zen. Bilboko hiri-bazterretan elementuak detektatu ditu, sailkatu eta datu-baseetan proiektuak, planoak eta dokumentazioa aztertu zituen, haietan Paisaia-ikuspegi tresnaren lau dimentsioak aztertzeko. Iturri dokumentaletan, batik bat,  agentea eta irudikapena aztertu egin dira. Horrela, topatu du, besteak beste, Bilbon Foru Aldundiak, Altos Hornos de Vizcaya enpresak, eta meatzeen enpresek eratu zituztela hiri-bazterrak. Ordea,  txabolek, baratza informalek, ez ohiko elementuek eta baserriek proiekturik edota egile ofizialik gabe ere daudela aurkitu du. Agente horiek ahotsik ez dute, izan ere, dokumentatuta ez daudenez, ahulagoak dira, eta, ondorioz, errazagoa da kentzea, ordezkatzea, garrantzi gutxiago ematea eta estetikoki ez onartzea.

Landa lanean baita dokumentazioa biltzean eta aztertzean ere, Bilbo Handiko hiri-bazterreko paisaiarekin lotuta 8 ikuspegi landu egin dira, hura osatzen duten geruza ukigarri eta ukiezinen adierazgarriak: tradizioa, baso-ustiapena eta meatzaritza baliabideak,  oztopoa, oportunitatea, aisialdirako natur gunea eta bizitegi formalerako eta informalerako eremua. Emaitza gisa, dokumentazioaren bidez, mendiak ulertzeko beste hainbat ideia interpretatu dira. Esaterako, meatzaritzako dokumentazioa aztertzerakoan, mendi magalek generoa ere dutela uler daiteke. Askotan, meatzeek emakumezkoen izenak dituzte, hala nola Concha edo Carmen. "Era berean, paisaia ez da soilik bisuala". Beraz, hiri-bazterreko izaera hibrido berezkoa aldarrikatu nahi dut, eta izaera horren arabera paisaiok landu".

Erreferentzia bibliografikoa:

Uriarte, M. (2014): Urban Frigne Landscapes on Mountains, Magazine on Urbanism MONU, #20 Geographical Urbanism 20, 90-93.

Uriarte, M. (2015). "Hiri bazterreko paisaietara hurbilketa teorikoa". In Ikergazte Alegria, Iñaki, Latatu, Ainhoa, & Ormaetxebarria, Miren Josu (eds.), I. Ikergazte Nazioarteko ikerketa euskaraz. Kongresuko artikulu-bilduma (Durango, 13-15 Maiatza). Eibar: Udako Euskal Unibertsitatea (UEU).

Egileari buruz

Maider Uriarte Idiazabalek (Colchester, 1981). UPV/EHUko arkitekturan doktoreak Paisaiaren Ikuspegia eta bere Lau Dimentsioak: Metodo interpretatzaile konstruktibista baten proposamena Bilboaldeko hiri bazterreko paisaia menditsuen kasuan aplikatua nazioarteko tesia defendatu du. Marte Mujika Urteagak UPV/EHUko irakasleak eta Sören Schöbel-Rutschmann TU Munich unibertsitate teknikoko irakasleak zuzendu dute tesia.  2012-2013 artean  ikerketa egonaldiak egin zituen University College London-eko Urban Lab-ean, baita TU Municheko Landscape Architecture and Regional Open Space (LAREG) katedran ere. ‘Aldiri. Arkitektura eta Abar' aldizkariko erredakzio kontseiluko kidea da 2009tik. 2015etik irakasle lanetan dabil Arkitektura Saileko Hirigintza eta Lurralde Antolakuntza jakintza arloan.
 

Argazkiak:

Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU

Maider Uriarte