euskaraespañol

Cathedra

EAEko hauteskundeak: ziurgabetasunaren arrazoiak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/10

Irudia

Igandean hauteskundeak daude EAEn. Hauteskundeok ziurgabetasun agertoki batean egingo dira koronabirusaren pandemia dela kausa, eta baliteke horrek parte-hartzean eragitea. Inkestek EAJ jotzen dute berriz hauteskundeak irabazteko faboritotzat. Jonatan García Rabadán, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Soziologia Saileko irakasle eta Euskobarometro ikerketa taldeko kideak hauteskunde prozesua aztertu du.

1. Hauteskunde guztietan ikusten da EAEn alderdi politiko bakar bat ere ez dagoela EAJri itzala egiten dionik. Zergatik da hori? 

Ez dago arrazoi bakar bat azaltzeko zergatik bete duen EAJk eginkizun zentrala azken lau hamarkadetako EAEko agertoki politikoan. Behin eta berriz, zenbait faktoreren pilaketak azaltzen du EAJren hauteskunde babesa, eta horien artean faktore historikoa ere nabarmendu behar da, frankismo garaian erbesteko Eusko Jaurlaritza  “bizirik” atxiki baitzuen, alderdi egituraren jarraitutasunerako eta sendotzeko osagai modura. Aurrekoari gehitu beharko genioke erkidegoan ez dagoela egiazko alternatibarik, ez bakarkakorik, ezta koalizio gisa ere. Hauteskunde kanpaina honetan Elkarrekin-Podemosek ezkerreko alternatiba bat proposatu du, beraiek, PSE-EEk eta EH Bilduk osatua, baina, aski babesik lortu gabe, planteatu ere ezin da egin aukera hori.  

Alderdiaren eta herri interesen arteko identifikazioak, bai eta kudeaketa onaren mitoak ere, sendotu dituzte EAJren indarra eta zentraltasun hori bera. Lehen argudioari dagokionez, hori ikusten da ordezkari jeltzaleek Diputatuen Kongresuan eta Espainiaren gobernagarritasunean betetzen duten eginkizunean, eskumenak edo bestelako inbertsioak –azpiegiturak, adibidez– lortzen baitituzte trukean. Halaber, EAJk eremu instituzional guztietan duen presentzia handiak (Bizkaian bereziki) kudeaketa onaren eta serioaren ideia areagotzen du, ustelkeria politikoko kasuak egonik ere. 

2. EAJ nola dago txertatuta EAEko gizartean, eta zer eragin du horrek haren hauteskunde emaitzetan? 

EAJk badu, Ezker Abertzaleak eta Euskadiko Alderdi Sozialistak bezala, egoitza sozialen sare sendo bat, eta hori lagungarria zaio herritarrekin gertutasuna eta lotura izaten, nahiz eta horrelako zentroen eginkizunak nolabait garrantzia galdu duen. Egitura horri hauteskunde makineria eraginkorra eta alderdiaren baliabide ekonomikoak gehitzen badizkiogu, ulertzekoa da jeltzaleen garrantzia, eta horrek hauteskunde emaitzetan eragitea.  

3. Alderdi politikoen ohiko kokapen ideologikoaren barruan (ezker muturra, ezkerra, zentroa, eskuina, eskuin muturra), non kokatzen da EAJ, kontu ekonomiko, sozial eta kulturaletan? 

Gai identitarioetan, “Pendulu patriotikoaren” ideiaren pean identifikatu izan da EAJren jarrera, bulkada independentistak eta autonomistak uztartzen baititu; jarrera nazionalista “erradikalenak” eta “paktistenak”. Antzeko zerbait gertatzen da esparru ideologikoan.  

Egoera hori deigarri gertatzen den beste kontuetako bat da; izan ere, kristau-demokraziaren tradizioko alderdi batek –kristau-demokraten nazioarteko taldearen sortzaile ere izan zena– jakin izan du apustu egiten esparru horretako aktore batengandik espero denetik harago dauden neurri politikoen alde. Batzuetan, neurri horiek bere erabaki estrategikoen ondorio izan dira, eta beste zenbaitetan, berriz, zuzendu dituen koalizio gobernuen ondorio, dela PSE-EErekin, dela Eusko Alkartasunarekin (EA) edo Ezker Batuarekin (EB); horiek guztiak zentro-ezkerrean/ezkerrean dauden alderdiak dira. 

Ardatz horren mugikortasun hori bera da alderdi jeltzalearen beste bereizgarri bat: gauza bat da alderdiak zer proposatzen duen bere programetan, eta beste bat Eusko Jaurlaritzan zer egiten duen. Enpresaburuen eta EAJren arteko harreman adeitsua alde batera utzi gabe, EAJk jakin du Espainian aitzindari izan diren neurri sozialen alde egiten; DSBE (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta), adibidez.  

4. Atzean geratu al da EAEko gizartearen eta bere garaian “ETAren ingurunea” deitutakoa osatzen zuten erakunde abertzaleen arteko harremana? 

ETAren jarduera terroristaren amaierak ez du esan nahi terrorismoa EAEko agenda politiko-instituzionaletik desagertu denik. Zenbait gai eztabaidatu eta kudeatzeko daude oraindik: presoak gerturatzea, indarkeria terroristako urteen gaineko kontakizuna ikasgeletan, adiskidetzea... Gai horiek itxi gabe daude oraindik. Eta, ziklikoki, zenbait indarkeria ekintza ere izaten dira; duela gutxi EAJren eta PSEren egoitzen aurka izandakoak, adibidez (lehendakarigaiaren etxebizitzaren aurkako erasoa barne); eta gainerako alderdi politikoek horrelakoak argi eta irmo gaitzesteko eskatzen diote ezker abertzaleari.  

Beste kontu bat da azken horren bilakaera; izan ere, azken urteotan, bide instituzionalaren aldeko prozesuari ekin diola dirudi, eta horren barruan sartu behar dugu Pedro Sánchezen gobernuak proposatutako alarma egoera luzatzearen aldeko botoa negoziatu izana. Horrek, neurri batean, “euskal agendaren” ahots alternatibo bat darama Madrilgo erakundeetara, baina nolabaiteko barne gatazka ere badakar. Egia da oraingo ezker abertzalearen hauteskunde marka oso ibilbide ezberdineko zenbait alderdiren batura dela: EA eta Alternatiba, besteak beste. 

5. Zer eginkizun dute tokiko tradizio historikorik gabeko estatuko alderdiek (Cs, Vox, UP) EAEko oraingo politikan? 

EAEko hauteskunde soziologian, historian zehar, lau familia politiko handi nabarmendu dira, ardatz identitarioan (lurralde identitatea) eta ideologikoan (ezkerra versus eskuina) kokatuta: EAJren nazionalismo instituzionala, PPren eskuin espainiarra, ezker independentista eta PSEren euskal sozialismoa. Lau horiekin batera, EAEko hauteskunde historian zehar Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza izan duten beste proiektu politiko batzuk agertuz eta desagertuz joan dira. 

Estatuko alderdiei dagokienez, azken hamarkadetan bi alderdik baino ez dute lortu ordezkaritza Legebiltzarrean. 2009an UPyD alderdiak aulki bat erdietsi zuen Araban –eta 2016ra arte eutsi zion– zazpi alderdiz osaturiko Eusko Legebiltzarrean. Alabaina, Elkarrekin-Podemos izango da, eragile berrien artean, emaitzarik onenak lortu dituena (11 aulki Eusko Legebiltzarrean 2016an, eta lehen indarra 2016ko ekaineko hauteskunde orokorretan). Paper garrantzitsu horri esker, EAEko politika baldintzatzeko ahalmena eskuratu du: EAJ-PSEren oraingo koalizio gobernua, 2020ko aurrekontuak onesteko, alderdi horretan oinarritu da. Gainera, udal esparruan ere eginkizun adierazgarria izan du gobernu jakin batzuk eratzeko, eta baita gehiengo alternatiboak eratzeko ere. Hori horrela, hauteskundeok proba bat dira Elkarrekin-Podemosentzat EAEko agertoki politikoko eragile finkatu modura. 

C’s eta VOX, berriz, hauteskunde ikuspegitik, indar handirik gabeko alderdiak dira oraindik, horietako bakar batek ez baitu ordezkaritzarik, ez udaletan, ez aldundietan, ezta Legebiltzarrean ere (alde batera utzita C’s alderdiak 2015ean 2 zinegotzi eta Arabako batzarkide bat erdietsi izana). Bi alderdi horien diskurtsoak ez du harrera ona izan, antza denez, hautesleen artean, bereziki Ekonomia Itunaren aurkako eta zentralizazioaren aldeko proposamenak direla-eta, edota identitatearen arlokoak. Igandeko emaitza azterketa bat da bi alderdi horientzat, Ciudadanos Legebiltzarrean sartuko baita PPrekin eginiko hitzarmenari esker (eta ikusi beharko da horren ondorengo dinamika zein den), eta VOXek konfiantza du Arabako emaitzan. Parte-hartzea handia ez bada, azken hauteskunde orokorretan izandako emaitzekin, baliteke VOXek ordezkaritza erdiestea EAEn, eta salbuespena izatetik arau izatera igarotzea. Horregatik, kanpainaren azken egunetan, parte hartzea sustatzearren, gehitu egin dira gainerako alderdiek Santiago Abascalen alderdiari buruz egindako aipamenak. 

6. Zer eragin izango du EAEko hauteskundeetan Pedro Sánchezen eta Iñigo Urkulluren gobernuek COVID-19aren gainean eginiko kudeaketak? 

Hauteskunde kanpainetan –egoera normaletan–, gobernuan dauden alderdiak legegintzaldiko kudeaketa “saltzen” saiatzen dira. Oraingoan, Espainiako eta EAEko gobernuek COVID-19aren krisiaren kudeaketari buruzko emaitza partzialak aurkez ditzakete, oraindik ez baita amaitu. Ordizian (Gipuzkoa) atzemandako agerraldiak argi erakusten du hori. Hauteskunde egunerako egun gutxi geratzen direnean, era horretako edozein gertaerak eragina izan dezake, bai parte hartzeari, bai botoa aukeratzeko azken erabakiari dagokionez. 

Hala eta guztiz ere, egin diren hauteskunde aurreko inkestek balorazio ona erakusten dute Urkulluren gobernuak hartutako neurrien gainean, eta horrek sendotu egiten du EAJ kudeatzaile eraginkorra delako ideia. Halaber, oraingoa bezalako agertokietan, hautesleek San Ignazio Loiolakoaren ideiari jarraitu ohi diote: “krisi garaian, hobe maletak ez egitea”, zeina lotzen baitzaio hasieran aipatu dugun EAJren “kudeaketa onaren” ideiari. 

7. Koronabirusaren agerraldien beldurra hedatuta dagoen egoera honetan, espero izatekoa al da abstentzioak gora egitea? Hala bada, zer alderdiri egingo lieke kalte handiena? 

Ziurgabetasuna nagusi den agertoki batean, oraingoa bezalakoa, aurreikustekoa da parte-hartzea jaistea, bereziki hauteskunde kanpainaren azken egunetan kutsatuen agerraldiei buruzko etengabeko albisteak izan direla aintzat hartuta.  

Era berean, ezin dugu ahaztu uztailean direla, eta herritarren parte bat oporretan dagoela edo bigarren etxera joan dela. Aurreikuspena txarra izanik ere, zaila da asmatzen zenbatekoa izango den azkenean jaitsiera hori, batez ere posta bidezko botoak inoiz ez bezain ugariak izango direla kontuan hartuta (110.000 pertsonak baino gehiagok eskatu dute, eta egun batzuk geratzen dira oraindik). Hala, bada, baliteke ez gertatzea eraginaren ohiko eskemak.  

Lurraldeei dagokienez, baliteke Araban izatea eragin handiena hauteskundeetako parte-hartzearen aldaketek, inkestek iragartzen baitute zenbait alderdiren arteko borroka egongo dela azken akta lortzeko, eta hori izan liteke VOXek EAEn lortzen duen bakarra.  

Horrez gain, herritar adintsuenen parte hartzea gutxituko dela aurreikusten da. Hala balitz, EAJk, PSE-EEk eta PPk pairatuko lukete eragin handiena, ikerketa demoskopikoek aurkezten duten profil soziodemografikoaren kontuan hartuta. Hiru alderdi horiek jasotzen dute babes handien adinekoen artean. Baliteke pandemiaren krisiaren kudeaketa, batetik, eta ondorengo susperraldi sozioekonomikoarena, bestetik, erabakigarria izatea parte hartzea eta botoa nori eman erabakitzeko orduan. Kasu horretan, EAJ izan liteke onura handiena izango duena, baita PSE-EE ere, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiak direlako.  

Nolanahi ere, aurretik esandako guztia esanda, ziurgabetasuna da nagusi hauteskundeotan.