Eduki publikatzailea

Donostiako Enpresa Ikasketen Eskolak 100 urteko historia ospatu du

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/24

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitatea zorioneko dago. Izan ere, bere ikastegietako batek, Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolak, 100 urte bete ditu, eta,hori ospatzeko, ekitaldi ikusgarria egin zuten ikastegiko Ekitaldi Aretoan. Hiriko bizitza sozialeko, politikoko eta ekonomikoko ordezkari nagusiak bertan izan ziren.

Ekitaldian parte hartu zuten, besteak beste, UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak, Donostiako alkate Juan Carlos Izagirrek, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek, Gipuzkoako Ogasuneko eta Finantzetako diputatu Helena Francok eta ikastegiko zuzendari José María Berazak.

"Mendeurrena ospatu nahi dugu –azaldu zuen ikastegiko zuzendari José María Berazak–: 100 urte eman ditugu enpresa kudeaketaren arloan trebatzen, eta 100 urteko historia osatu dute Gipuzkoako enpresa sarean integraturiko profesional askok. Garai berrietara egokitu dira, trebakuntza gero eta zorrotzagoa eskaintzeko; trebakuntza horri esker, gai izan gara ezagutzaren bilakabideari eta munduko ekonomian lehiatzeko antolamendu aldaketei aurre egiteko. Era berean, omendu egin nahi ditugu nola edo hala historia hau osatzen lagundu duten guztiak".

Ekitaldian, ikastegiaren mende bateko historia biltzen duen lana aurkeztu zuten Javier Sadak eta Mª Teresa Espí irakasleak. Javier Sadak milaka hitzaldi eman ditu Donostiako gaien inguruan; horrez gain, hainbat komunikabidetan parte hartu ohi du, 70 lanetik gora argitaratu ditu eta, besteak beste, Hiritarren Merituaren Domina eman diote. Sadak testuinguruan kokatu zituen Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren sorrera eta ondorengo garapena. "1915ean, mundu gerra betean, hiriak aurre egin behar zien gerraren ondorioei, ikuspuntu humanotik eta politikotik. Bertako herritarrek, hurbiltasuna zela eta, gatazkaren eragina jasan zuten, baina, aldi berean, gerratik ihesean zebiltzanen babesleku bihurtu zen; izan ere, Espainiak jarrera neutrala zuen gatazkan, eta hiria gudu lekutik gertu zegoen. Hori dela eta, Belle Epoque delakoak zenbait bosturteko iraun zuen. Aldi horretan, udalkutxek ekonomia tarte handia izan zuten noiz edo noiz, zailtasunak gorabehera; beraz, diru sail handiak erabili zituzten kulturaren alderdi guztiak sustatzeko. Ikastetxeen, eskolen, institutuen, kontserbatorioen eta halakoen bidez, hezkuntza politika eraginkorra ezarri zuten, eta, horri esker, kultura pribilegiatu eta abangoardista izatea lortu zuten. Hala, gaur egunera arte heldu diren erakundeak sortu ziren. Mª Teresa Espí irakasleak, bestalde, pertsonek unibertsitate eskola honetan izan duten garrantzia azpimarratu zuen."Historia gertaerek eta datuek eratzen dute beti, baita memoriak ere; protagonista izan diren horiek gordetzen duten memoriak, hain zuzen ere. Horregatik, beste hainbat pertsonaren elkarlana ere jaso nahi izan dugu liburuan: ikastegiko oraintsuko zuzendariena, irakasle batzuena eta eskolako oroitzapenak gurekin partekatu nahi izan dituzten ikasle ohiena. Horrela, bat egin dute mendeurren honen ospakizunarekin".

Liburua aurkeztu ondoren, Valpy Fitzgeraldek, Oxfordeko Unibertsitateko katedradun emeritu eta Munduko Ekonomia Sozietateko ohorezko presidenteak, hitzaldi hau eman zuen: "Las finanzas internacionales después de la crisis: implicaciones para la empresa". Fitzgerald irakaslearen esanetan, "badirudi nazioarteko finantzen egungo krisia amaitzear dagoela, mundu osoko bankuak kolapsatzeko aukerari edo zor publikoaren likidazio kateatuari dagokionez. Pixkanaka lehengoratzen ari da munduko ekoizpena, eta interes tasak oraindik ere txikiak dira; horrek bide eman behar dio enpresen inbertsioari. Alabaina, krisiaren ondorioak horren errotuta daudenez, enpresen nazioarteko giroa azken hamarkadetakoen oso bestelakoa izango da. Dena aldatuko da: bankuen erregulazioa, aldaketa motak, zerga sistema, aldaketa teknologikoa, enplegua eta demografia. Hori dela eta, enpresek oraindik ere zalantza askoz betetako egoera batean hartu beharko dituzte inbertsioei buruzko erabakiak; horrenbestez, arriskuaren kudeaketak (risk management) beharbada errentagarritasunak berak baino garrantzi handiagoa izango du".

Valpy Fitzgeraldek esperientzia zabala du nazioarteko agentzietako, gobernuetako eta enpresa pribatuetako aditu gisa. ELGAren, Nazio Batuen, Europako Batzordearen eta Britainia Handiko Gobernuaren aholkulari ofiziala izan da, nazioarteko inbertsioen gaietarako. Horrez gain, Head of International Economics kargua du Oxford Analytica Ltd erakundean: munduko liderra da nazioarteko inbertitzaileen arrisku politikoa aztertzen. 2007an, Gabarrón Nazioarteko Saria jaso zuen, Ekonomia atalean; 2014an, berriz, Honoris Causa doktore titulua eman zion Unibertsitate Konplutentseak, Espainian ekonomia zientziei eginiko ekarpenagatik.

Horren ostean, mendeurrena oroitzeko eskultura inauguratu zen, "Kerkus", baita Aitor Ruiz de Eginoren eskultura erakusketa ere (ikastegi honetako ikasle izan zen). Ekitaldiaren amaieran, luncha izan zen.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa