Eduki publikatzailea

Zer usain dute intxaurrek?

UPV/EHUk eta AEBko Nekazaritza Sailak identifikatu egin dituzte izurriteak kontrolatzea eta pestiziden erabilera murriztea ahalbidetzen duten intxaurren usainak

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/03

Ezkerretik eskumara, Rosa María Alonso, Itxaso San Román eta Luis Bartolomé
Ezkerretik eskumara, Rosa María Alonso, Itxaso San Román eta Luis Bartolomé

Zergatik uzten dituzte intsektu batzuek arrautzak intxaur batzuetan eta ez beste batzuetan? Erantzuna fruitu horiek apurtzean jariatzen duten usainean dago; beraz, garrantzitsua da intxaur osoen eta mailatuen aromak bereiztea. UPV/EHUko Kimika Analitikoko Sailak, AEBko Nekazaritza Sailarekin (USDA, Kalifornia) elkarlanean,intxaur mailatuetan identifikatu ditu Kalifornian fruitu horien uztak mehatxatzen dituzten intsektuentzat erakargarri diren osagai lurrunkorrak. Intxaurretan aromaren osagaiak atzemateko egiten diren lehenengo azterlanak dira, eta helburua da era iraunkorragoan kontrolatzea sitsen izurriteak. Halaber, pestiziden eta plagiziden erabilera murriztu nahi da.

UPV/EHUko ikerketa taldea Rosa María Alonso Kimila Analitikoko katedradunak eta Itxaso San Román doktoreak osatzen dute, eta Bizkaiko Analisi Zerbitzu Nagusiko (SGIker) Luis Bartolomé doktorearen laguntza teknikoa izan dute. Bada, Kaliforniako intxaur uztetako datuak aztertu dituzte. Azterlana John James Beck ikertzaile doktorearekin lankidetzan egin da (AEBko Nekazaritza Saileko Nekazaritza Ikerketako Zerbitzuetako kidea da) eta identifikatu egin dira intxaur osoak intxaur mailatuetatik bereizten dituzten aromak. Azken horiek intsektu izurrite kaltegarriak erakar ditzakete Kaliforniako uztetara. Ikerketa lan aitzindari horrek bidea ireki du bestelako ikerketak egiteko tokiko uztetan izurriteak kontrolatzeari buruz.

Kalifornia haranaren erdialdetik datoz munduan kontsumitutako intxaurren bi heren, eta Espainian kontsumitzen direnen % 80 baino gehiago. Azken 50 urteotan bi sits izurritek —codling moth (Cydia pomonella) eta navel orangeworm (Amyelois transitella, Lepikdotera, Pyralidae)— mehatxatu dute, uztaz uzta, intxaurren ekoizpena. Arrautzak fruitu mailatuetan uzten dituzte eta erraztu egiten dute Aspergillus onddoa hedatzea; horrek eragina du hala elikagaien segurtasunean nola merkataritzaren eta ekonomiaren garapenean.

Azken mendean izurriteak kontrolatzeko erabilitako estrategiek pestiziden eta plagiziden erabilera izan dute ardatz, baina intsektu batzuk erresistente bihurtu dira horien aurrean. Ikerketa lan honek aurrera egiten du sasoi gakoetan (ugaltzean eta elikatzean, esaterako) intsektuak berez erakartzen dituzten osagai aromatikoen bilaketan. Bada, aroma horiek ingurumenerako teknika iraunkorrekin konbinatuz, asmoa da nekazaritzan erabiltzeko produktu kimiko selektiboagoak eta eraginkorragoak sintetizatu ahal izatea.

UPV/EHUko taldeak aztertu egin ditu intxaur osoetatik eta aldez aurretik mailatuetatik eratorritako datuak, horien osagai lurrunkorrak identifikatu eta konparatu ondoren, zehazte aldera mailatutako fruituetan aroma esklusiborik dagoen. Laginak 2014ko maiatzetik irailera bitartean hautatu ziren, intxaurrondoaren bost etapa fenologikotan eta bost sasoi klimatikotan eta biologikotan. UPV/EHUko taldearen laginei aplikatutako datuen tratamenduan 92 osagai aromatiko identifikatu ziren. Horietatik zortzi konposatu (pinocarvona, α-canfolenico aldehido, chrysanthenone, trans-pinocarveol, -ββ-farneseno, trans-ββ-verbenol, ααα-terpineno eta ααα-terpinoleno) dira mailatutako intxaurren bereizgarri. Konposatu lurrunkor horien konbinazioari esker, intsektuentzat nahaste erakargarria sintetizatu ahal izango da, intxaurrei eragiten dieten izurriteak kontrolatzea eta horien jarraipena egitea ahalbidetuko duena.

Erreferentzia bibliografikoa

Itxaso San Román, Luis Bartolomé, Wai S. Gee, Rosa M. Alonso, John J. Beck. "Comparison of ex situ volatile emissions from intact and mechanically damaged walnuts".

http://dx.doi.org/10.1016/j.foodres.2015.04.009