Eduki publikatzailea

In memoriam: José Carlos Pérez Cobo

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/29

Irudia

Joan den urriaren 21ean José Carlos Pérez Cobo hil zen, 30 urtean UPV/EHUko Arabako Campuseko Fisiologia Saileko irakasle izandakoa.

Gizon garaia zen, bizarduna, ahots sendokoa eta itxura zorrotzekoa. Irudi horren atzean, baina, pertsona atsegin eta zintzoa zegoen, bihotz handikoa. Bihotz horrek, ordea, taupada egiteari utzi dio, zoritxarrez.

Buruargia zen, eta asko zekien giza fisiologiari buruz; gainera, kritikoa zen, eta bere iritziak jendaurrean adierazteko adorea zuen. Hori guztia dela eta, zientzia dibulgatzaile handia zen, eta sari ugari jaso zituen.

Primerako irakaslea eta lankide mina izan zen, inork mendean eduki ezin izan zuen izaera askekoa.

Bere bihotzeko Gasteizko kaleek hura ekarriko digute beti gogora: gurekin izango da eskola guztietan, ikasle guztien artean, bere bigarren etxea izan zen Farmazia Fakultate honetako bazter guztietan. Estimu handia dioten lankideak, miresleak eta lagunak utzi ditu bertan.

José Carlos maitea, inkonformisten zeruan zaudelarik, ez ezazu inoiz alda zeure burua; jarrai ezazu agintariak kritikatzen, pentsatzen duzuna esaten, zientzialari baten moduan argudiatzen eta iritziak adierazten ez dituzten horiek guztiak pikutara bidaltzen, zeruko aingeruak izanagatik ere.

Ez zaitugu inoiz ahaztuko.

 

Zure adiskideak