Eduki publikatzailea

UNICEF-ek graduondoko ikasle Joana Miguelena Torrado saritu du

Lan sarituak etxegabetzeek eragindako haurren eta nerabeen eskubideak aztertzen ditu

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/05

Irudia

UNICEFek saritu egin du Joana Miguelena Torradok aurkezturiko master amaierako lana, izenekoa, Haurren eta Nerabeen inguruko Proiektu eta Ideien Unibertsitate Deialdiaren barruan. UNICEFen deialdi horren helburua da, hain zuzen ere, unibertsitate ikasleek haurren eskubideen arloan egiten duten lana sustatzea eta aitortzea.

Lan saritua Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Gizarte eta Hezkuntzako Eremuen Ikerketa Masterrean gauzatu zen, Paulí Dávila Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko irakaslearen zuzendaritzapean.

Unicefek aitortutako lanak testuinguruan jartzen du etxea galtzearen fenomenoa, eta helburu du "urratzen diren haurren eskubideak aztertzea, eta ikertzea nola jokatzen duten haur eta gazteen giza eskubideak babesteko ardura duten eragileek, haur eta gazteak etxegabetzeko prozesuan daudenean. Etxegabetzeen fenomenoari haurren egoera eta haien eskubideak ardatz hartuta erreparatzea kontu berria da, orain artean horri buruzko oso azterlan gutxi egin baitira. Lan honen bidez, etxegabetzeek eragindako familien errealitatea zein den, zer-nolako bizipenak dituzten eta zer sentitzen duten jakin nahi izan dut, bai eta haur eta nerabeen eskubideen eta babesaren errealitatea zein den ere. Horretarako, ikerketan, elkarrizketa sakonak eta erdi-egituratuak egin ditut, etxegabetze prozesu batean haurrekin esku hartzen duten ikuspegiak jasotzeko: alde batetik, familiaren ikuspegia; beste alde batetik, legearen ikuspegia; eta, azkenik, haurren babesaren eta eskubideen ikuspegia" azaldu du Joana Miguelenak.

"Epaimahaiak puntuazio gorena eman dio proiektuari, UNICEF aktiboki lantzen ari den gaur-gaurko gai bat jorratzen duelako: krisiak eta pobreziak haurrengan dituen ondorioak. Gainera, landa lan oso interesgarria eta zehatza da, eta ahotsa ematen die haur eta nerabeei. Gipuzkoan aztertutako etxegabetze kasuei eskubideen ikuspegitik heldu zaie, eta proiektu osoan haurren ikuspuntuari eutsi zaio zeharka; horren guztiaren emaitza proposamen berri eta bikaina izan da" azpimarratu du Elsa Fuentek, UNICEFen Euskadiko Batzordearen koordinatzaileak. Hautaturiko hamar proposamenak (tartean Joana Miguelenarena) hedatu eta eskuliburu batean argitaratuko dira, eta, horrez gain, baliteke lan sarituetako datuak UNICEFen beraren txostenak osatzeko erabili ahal izatea.

Gaur egun, Joana Miguelena UPV/EHUko GARAIN - Hezkuntzako Azterketa Historiko eta Konparatuen Ikertaldeko kidea da, eta haurren eskubideen inguruko ikerlerroan ari da egiten doktorego tesia, Dávila irakaslea zuzendari eta Luis Mª Naya irakaslea zuzendarikide dituela, biak ere UPV/EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailekoak.

 

Argazkiak: Nagore Iraola. UPV/EHU