Eduki publikatzailea

Bi urtean irabazi du Martín Ortizek Olinpiada Matematikoa

Roberto Villarejo eta Jorge Laka izan dira bigarren eta hirugarren sailkatuak 27 lehiakideen artean

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/10

Irudia
Martín Ortiz, Jesus Gómez Matematikako irakaslearekin batera

Bigarren urtez jarraian, Martín Ortiz Ramírezek, Bilboko Eskolapioak ikastetxeko ikasleak, lehenengo saria erdietsi du urtarrilaren 15ean UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean burutu den fase autonomikoan. Probetan Euskal Autonomia Erkidegoko 15 ikastetxetako 27 ikaslek hartu dute parte, 18 mutilek eta 9 neskak.

Aurten, hirugarrenez parte hartu du  Martín Ortizek Olinpiada Matematikoan. Orain dela bi urte, DBHko 3. maila ikasten zebilenean, bigarren sailkatu zen, eta iazko edizioan lehiaketa irabazi zuen. Olinpiadan Batxilergoan matrikulatutako ikasleak aurkez daitezke eta, salbuespen lez, beren irakasleek bermatzen badituzte, baita DBHko  3. eta 4. mailako ikasleak ere. Edizio honetan DBHko  4. Mailako beste ikasle bat, Roberto Villarejo Fernández, bigarren sailkatua da. Roberto Villarejok Bilboko Nuestra Señora del Carmen ikastetxean ikasten du. Hirugarren Loiuko Urdaneta ikastetxeko Jorge Laka Calzada izan da.

Hiru irabazleok bigarren fasera (estatu mailakora) igaroko dira, zeina Bartzelonan izango den, martxoaren 31tik apirilaren 3ra bitartean. Bigarren fase horretan urrezko domina lortzen dutenek  talde olinpikoa osatuko dute Nazioarteko 57. Matematikako Olinpiadan lehiatzeko; uztailean Hong Kongen egingo dena. Era berean, Matematikako 31. Olinpiada Iberoamerikarrean parte hartzeko hautagaiak ere izango dira estatuko fasean lehiatzen direnak. Azken hori irailean izango da Txilen.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Matematikako Olinpiada Espainiako Matematika Elkarteak (RSME) antolatzen du, UPV/EHUko Matematika ataleko irakasle talde baten laguntzarekin. Espainiako Matematika Elkarteak hiru irakasle sarituko ditu, diploma batekin eta bazkide-ikaslearen urteko kuotaren ordainketarekin. Kuota honi esker, besteak beste, RSMEren "La Gaceta" aldizkaria urte betez jasoko dute.

Argazkia oinak: Martín Ortiz, Jesus Gómez Matematikan irakaslearekin batera. Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU