Eduki publikatzailea

Informatika Fakultateko ikasleek 10-12 urte arteko gazteei programatzen irakatsiko diete

Beren jatorrizko zentroetara joango dira eta ordubetez modu dibertigarrian programatzen arituko dira eta programazioaren oinarrizko kontzeptuak ikasiko dute

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/06

Irudia

Apirilak 4 eta 15 artean, UPV/EHUko Informatika Fakultateko ikasleek 8 ikastetxetara joango dira 10-12 urte arteko 24 bat ikasle talderi kode ordu bat eskaintzera. Ekimen honetan kode ordua jasoko duten zentroak ondokoak izango dira: Billabonako Zubimusu Ikastola, Ermuko San Pelayo eskola, Gernikako Allende salazar, Lazkaoko San Benito Ikastola, Lesakako Irain Eskola Publikoa, Mutriku BHI, Tolosako Samaniego Ikastetxea eta Zizurkilgo San Millan eskola.

Olatz Arbelaitz Gallego UPV/EHUko Informatika Fakultateko Kanpo Harremanetarako dekanordeak jarduera azaltzen du. "Ordubetez modu dibertigarrian programatzen aritzea eta programazioaren oinarrizko kontzeptuak ikastea da kode orduaren helburua. Mugimendu globala da, 180 herrialde baina gehiagotako milioika ikaslerengana iristen dena. Kode ordua munduko edozein txokotako edozein pertsonak antola dezake baina gu, informatika ingeniaritzako graduko ikasleak pertsona ezin egokiagoak gara hori egiteko.  Izan ere, duela hilabete batzuk horretarako erabilerraza eta bisuala den tresna euskaratu genuen code.org (www.code.org)".

Kodea etorkizuneko lengoaia unibertsala izango da. "Kodeak lagunduko digu konputagailuak gailu mekaniko, bakarti, aspergarri eta magiko gisa ikusi ordez, jolasteko balio duen eta manipulatu daitekeen zerbait bailiran ikustea. Hau da, kodeari esker ordenagailuen kontsumitzaile izatetik ordenagailuekin sortzaile izan gaitezke. Programazioari esker, ezerezetik mundu berriak sortu ahal izango ditugu beren erregela propioak dituztenak horretarako logika beharko dugu".

Ez da lan zaila. "Kodea lengoaia berezi batean adierazita dagoen agindu segida bat besterik ez da, eta guk, bizitzan beste hainbat gauza egiten ditugunean, konturatu gabe baina agindu segidak egikaritzen ditugu. Goizero eskolara etortzeko adibidez, ekintza segida bat jarraitzen dugu: esnatu, jaiki, dutxatu, lehortu, jantzi, gosaldu eta bidea egin, edo, artilezko jertse bat egiteko adibidez, behin eta berriz errepikatzen den ekintza-segida bat egikaritu behar dugu", Olatz Arbelaitz irakaslearen aburuz.

 

Argazkia: UPV/EHU