Eduki publikatzailea

DRIVEk sei hilean behingo batzarra egingo du Gasteizen

UPV/EHUk proiektu horretan parte hartzen du NanoBioCel taldearen bitartez

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/30

Irudia

Urriaren 3an eta 4an, DRIVEren (Diabetes Reversing Implants with enhanced Viability and long-term Efficacy) sei hilean behingo batzarra bilduko da Gasteizen. Europako proiektu horren helburua da biomaterialak eta gailu kirurgikoak garatzea, intsulina sortzen duten irla pankreatikoen transplantea eta iraupena hobetzeko eta, hala, diabetesa tratatu ahal izateko. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak NanoBioCel taldearen bitartez parte hartzen du proiektuan.

Diabetes mellitusa gaixotasun kroniko bat da; odolean glukosa asko izateagatik sortu ohi da, eta 422 milioi pertsonari erasaten die munduan, OME Osasunaren Mundu Erakundearen 2014ko datuen arabera.

DRIVE Europako lau urteko proiektu bat da; ikerketa eta berrikuntza sustatzeko Europar Batasuneko Horizon 2020 programak finantzatzen du, eta 8,9 milioi euroko diru hornidura du. Europako 14 bazkide ari dira proiektuan lanean, eta Irlandako Kirurgialarien Errege Elkargoa (Royal College of Surgeons in Ireland) da koordinatzailea. Proiektu horren bitartez, pankrea bioartifizial bat garatu nahi da, organismoan sar dadin ahalik eta inbasiorik txikiena eragingo duten tekniken bidez. Horretarako, zenbait ikerketa aurrekliniko ari dira egiten, sistema hori giza gorputzean sartu eta pertsonengan eraginkorra den aztertzeko. Sistemak irla pankreatiko batzuk izango ditu, odolean dagoen azukrearen kontrol naturala berrezarriko dutenak; horrela, gaixoak ez du egunero hainbat intsulina injekzio hartzeko beharrik izango, eta hobetu egingo da haren bizi kalitatea.

UPV/EHUko NanoBioCel taldea organo bioartifizialean sartzeko formulazioak optimizatzen ari da lanean, José Luis Pedraz irakasleak gidatuta.

Proiektuaren aurrerapenak zabaltzeko eta IPS zelulek (zelula ama pluripotente induzituek) diabetesaren terapian duten ahalmena aztertzeko, batzarra egin aurretik jardunaldi ireki bat antolatu da. Hona hemen jardunaldiaren egitaraua:

09:00 Ekitaldiaren hasiera.
09:15 Liam Burke doktorearen hitzaldia: ‘Smart living implants to reverse diabetes'. DRIVE programaren kudeatzailea.
09:35 Belén Álvarez Palomo doktorearen hitzaldia: ‘Production of clinical grade Induced Pluripotent Stem Cells and application for cell therapy for diabetes'. Bartzelonako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko senior ikertzailea. IPS zeluletan aditua.
10:15 Eztabaida.
10:30 Ekitaldiaren amaiera.