Eduki publikatzailea

Adimen emozional handiko ikasgeletan handiagoa da ikasleen atxikimendua eta ongizatea

Talde-mailako eta banakako aldagaiak konbinatuz nerabeen ongizate psikologikoa aurresan daitekeela frogatu dute UPV/EHUko ikertzaile batzuek

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/03

Irudia

Ikasle nerabeen ongizate psikologikoa aztertzeko orain arte inoiz proposatu ez zen aldagai-konbinazio bat proposatu du UPV/EHUko Qualiker ikerketa-taldeak. Aldi berean ikasgela-mailako aldagaiak eta banakakoak aztertzen dituen metodologia bat erabili dute, eta bi mila ikaslerekin baino gehiagorekin probatu ondoren, haien ongizate psikologikoa aurresateko balio duela frogatu dute. Ikasgelaren adimen emozionala eta ikasleen ikaskideekiko atxikimendua dira, hain zuzen, aztertutako aldagaiak.

Taldeko adimen emozionalak ikasgela jakin bateko ikasleek partekatzen duten esperientzia emozionala adierazten du,  alegia, "taldeko giroa, arazo baten aurrean taldeak nola erantzuten duen, ikasgelan sentitzen diren emozioak ulertzeko gaitasuna", azaldu du Arantxa Gorostiaga UPV/EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia saileko eta Qualiker ikerketa-taldeko kideak. Izan ere, eduki akademikoez gain, nerabeek euren egungo eta etorkizuneko ongizaterako garrantzitsuak izango diren hainbat gaitasun pertsonal eta emozional eskuratzen dituzte, eta "interesgarria da taldearen emozioek nerabeen ongizate psikologikoan zer eragin duten aztertzea. Gainera, aurreko ikerketa batean frogatu genuen taldeko adimen emozionala eskola-errendimendu hobearekin erlazionatuta dagoela".

Bestalde, ikaskideekiko atxikimenduari dagokionez, "ikerketa askotan frogatu da nerabeen ongizate psikologikoaren aurresale egokia dela —dio Gorostiagak—. Adin horretan, nerabeak gurasoengandik aldentzen joaten dira, eta beren adineko pertsonekiko, lagunekiko, hurbiltzen. Hortaz, atxikimenduak babesa ematen du, eta arazoen aurrean euskarri emozional gisa aritzen da. Lotuta dago, beraz, nerabeen ongizatearekin".

Qualiker ikerketa-taldearen ikerketa-lerro baten helburua ebaluaziorako eta diagnostikorako tresnak sortu eta egokitzea izanik, taldeko adimen emozionala neurtzeko tresna bat sortu eta atxikimendua neurtzen duen tresna bat euskaratu egin zuten lehenik, ongizate psikologikoa azaldu eta aurresateko bi aldagai horiek konbinatzen dituen ikerketa egin ahal izateko. Ondoren, maila anitzeko ikuspuntua deritzon metodologia bidez egin zuten talde-mailako eta banakako aldagaien analisia, berdinekiko atxikimendua eta taldeko adimen emozionala batera aztertuz. Bigarren Hezkuntzako 14 ikastetxetako 2.182 neraberekin egin zuten azterketa (1.127 neska eta 1.055 mutil), 118 ikasgelatakoak.

Aldagai guztiak lotuta

Emaitzetan ikusi ahal izan zutenez, bai atxikimenduak bai taldeko adimen emozionalak erlazio positiboa dute ongizate psikologikoarekin; hau da, "atxikimendu handiagoa duten ikasleek ongizate hobea dutela, baita taldeko adimen emozional altuagoko ikasgeletan dauden ikasleek ere", argitu du ikertzaileak. Baina hortik harago, taldeko adimen emozionalak beste bi aldagaien arteko erlazioan eragiten dutela ere ikusi dute: "adimen emozional hobea duten geletan handiagoa da atxikimenduaren eta ongizate psikologikoaren arteko erlazioa", gaineratu du.

Interbentzioa behar duten ikasgelak identifikatzeko balio dezake ikerketa horrek. Honela azaldu du Gorostiagak: "Diagnostikoa egitean, ikasgelako adimen emozionala indartzeko beharra duten gelak identifika ditzakegu, eta esku-hartzeak diseinatu. Izan ere, ikusi baldin badugu taldeko adimen emozionalak emaitza onak izaten eta ikasleen ongizatea hobetzen laguntzen duela, interesgarria izan daiteke nolabaiteko programaren bat ezartzea adimen emozional hori lantzeko".

Informazio osagarria

Nekane Balluerka irakasle katedradunaren zuzendaritzapean lanean dihardu UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Qualiker ikerketa-taldeak. Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen laguntza eta lankidetzarekin lortu zituzten ikerketan parte hartzeko ikasleak, eta emaitzak Journal of Adolescence aldizkarian argitaratu dituzte. Ikuspuntu desberdinetatik nerabezaroaren azterketan diharduten akademiko eta profesionalentzat eztabaidagune garrantzitsua da aldizkari hori

 

Argazkia: UPV/EHU

Erreferentzia bibliografikoa