Eduki publikatzailea

Unibertsitateen G9 Taldeak sarbide proba berriaren inguruko zalantzak lehenbailehen argitzeko eskatu dio ministerioari

G-9ren Akademia Antolakuntzako Sektore Batzordeak, Oviedon bildurik eta Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorea buru izanik, unibertsitatera sartzeko aurtengo proba egungoaren antzekoa izan dadila eskatu du

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/21

Irudia
Unibertsitateen G9 Taldea

Unibertsitateen G-9 Taldeak, gaur goizean, Akademia Antolakuntzako Sektore Batzordeak Oviedoko Unibertsitatean egin duen bileran, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari eskatu dio berehala amaiera eman diezaiela goi mailako ikasketetara sartzeko proba berriaren inguruko zalantzei.

Batzordean, gainera, irakasleen kontratazioarekin, gradu tituluen iraupenarekin eta Turismoko eta Merkataritzako unibertsitate master berri baten plangintzarekin lotutako kontuez aritu dira, besteak beste.

Santiago García Granda Oviedoko Unibertsitateko errektoreak (G-9ko seihilekoko burua da) eta Iñaki Goirizelaia Ordorika Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak (Akademia Antolakuntzako Batzordeko burua da) bilerako erabaki nagusien berri eman dute.

Bi errektoreak bat etorri dira premiazkoa dela unibertsitatera sartzeko proba berriaren inguruan dauden zalantza guztiak argitzea. Iñaki Goirizelaiak Hezkuntza Ministerioari eskatu dio lehenbailehen argitara dezala ministerio agindua, proba berria nolakoa izango den argitzeko. Halaber, gogora ekarri du unibertsitateek apenas bost hilabete dituztela lan egiteko, eta azpimarratu du egoera honek batez ere ikasleei eurei kalte egiten diela, oraindik ere ez baitakite nondik jo.

Goirizelaiak sarbidea eta ikasleen onarpena bereizi ditu, eta zehaztu du administrazio publikoek dutela unibertsitatera sartzeko proben ardura, eta ez unibertsitateek. Dena dela, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreordeak adierazi du goi mailako hezkuntzako erakunde akademikoek laguntza eman nahi dutela, ikasleei kalterik ez eragiteko.

G-9ren Akademia Antolakuntzako Batzordeko buruak azaldu du talde hori osatzen duten unibertsitateek egungoaren oso antzeko sarbide proba bat egin nahi dutela, aurten behintzat, ez dagoelako aldaketak egiteko astirik. Santiago García Grandak, bestalde, nabarmendu du beharrezkoa dela barruti bakarra eta ikasleen mugikortasuna bermatzea une oro, behin betiko azterketa edonolakoa dela ere eta proba edozein erkidegotan egiten dutela ere.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreordeak, halaber, sarbide proba berrian ingeleseko ahozko azterketa bat gainditu behar izateko aukera aipatu du. Ildo horretatik, oroitarazi du iaz 12.000 ikaslek egin zutela proba Euskadin, eta azpimarratu du denek dakitela zeinen zaila den ahozko proba bat horrenbeste ikasleri egitea, are gehiago jar daitezkeen erreklamazioei erantzun behar zaiela kontuan hartzen bada.

Hiru urteko tituluak

G-9ren Akademia Antolakuntzako Sektore Batzordeak, CRUE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Biltzarrak onartutakoarekin bat eginez, adierazi du egungo gradu tituluek gaur egungo iraupen berbera edukitzearen alde dagoela. Hori dela eta, G-9k titulazioak hiru urtera murrizteko proposamena baztertzen du. Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreordeak esan du G-9 Taldeak egungo graduei dauden moduan eutsi nahi diela eta etorkizuneko graduen iraupenari buruz eztabaidatzeko prest dagoela.

Unibertsitateen G-9 Taldeak, gainera, lehen urratsak egin ditu Merkataritzako eta Turismoko unibertsitate arteko master bat martxan jartzeko. Oviedoko Unibertsitateko errektoreordeak aurreratu du titulazio hori atzerriko ikasleentzako campus birtualaren barruan txertatuko dela.

G-9 Taldea euren autonomia erkidegoetan publikoak diren unibertsitate bakarrek osatzen dute: Kantabriakoak, Gaztela-Mantxakoak, Extremadurakoak, Balear Uharteetakoak, Errioxakoak, Euskal Herrikoak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Zaragozakoak eta Oviedokoak. Unibertsitateotan guztiotan, denera, 200.000 ikasle presentzial ibiltzen dira.