Eduki publikatzailea

Bakterioen erabilera patentatu dute kobrezko piezak mekanizatzeko

Ikerketa UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza eta Ingeniaritza Mekanikoa sailetako kideek egin dute, Bilboko Ingeniaritza Eskolan

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/10

Estibaliz Díaz-Tena. Argazkia: UPV/EHU.
Estibaliz Díaz-Tena. Argazkia: UPV/EHU.

Luis Gurtubay, Norberto López de Lacalle, Ana Elías, Adrián Rodríguez eta Estibaliz Díaz-Tenak, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzaileen talde batek, metodo bat patentatu du kobrezko piezak Acidithiobacillus Ferroóxidans bakterioaren bidez mekanizatzeko (‘Kobrezko piezen biomekanizaturako prozedura etengabea' 'Procedimiento continuo de biomecanizado de una pieza de cobre').

Mekanizatua da landugabeko pieza batetik hasita, eta hura osatzen duten materialaren parte bat ezabatu ostean, askotariko formak eta neurriak dituzten piezak lortzeko eragiketa multzoa. Industrian oso prozesu arrunta da. 

Patente batekin bukatu den ikerketa hau Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza eta Ingeniaritza Mekanikoa sailetako kideek jarri zuten abian proiektu berritzaile bat hasi zutenean: kobrezko piezen mekanizaturako prozeduran mikroorganismoak erabiliko zituzten.  Lehen ideia hartatik hasi zen egitasmotik jardunbide zabala jaio zen, zeinari esker Estibaliz Díaz-Tenak bere nazioarteko tesia ‘Biomachining of oxygen-free copper: development of a continuous process for industrial application' egin zuen.

Bideoaren transkripzioa

Gaur egun, Estibaliz Díaz-Tenak eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikerlariek bide hori jorratzen segitzen dute, eta biomekanizaturako prozedura hori ezarri nahi dute prozesu tradizionalagoak erabiltzen diren industrietan, eskuarki, ingurugiroarekin adeitsuak ez diren tratamenduak izaten dira horiek gehienetan, gainera. Ikerlana Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuna Ministerioak finantzatzen du. "Bide berriak ireki nahi ditugu: bioteknologia erabili zaharkitutako gailu elektronikoak berreskuratzeko. Prozesu tradizional horietatik sortzen diren isurketek dute askotan uraren eta lurzoruaren kutsaduraren erantzukizuna", adierazi du ikerlari eta irakasle Estibaliz Díaz-Tenak.

Lankidetza

Ikertaldeak izan du UPV/EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorren (SGIker) babesa, baita ere Eusko Jaurlaritza, CINDEFI (Centro de Investigación y Desarrollo en Fermentaciones Industriales), Kadizko Unibertsitatea, INTA-CSIC Astrobiologia Zentroa, Guserbiot bioteknologia enpresa eta Gindre Torns banaketa konpainiarena.