Eduki publikatzailea

Geolodía 17: Ezagutu Euskadiko geologia

Maiatzaren 6 eta 7ko asteburuan izango da aurtengo Geolodía

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/28

UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko geologoak buru-belarri dabiltza Euskal Autonomia Erkidegoko geodibertsitate izugarria ezagutarazteko lanean, eta txango bana antolatu dute EAEko probintzia bakoitzerako, maiatzaren 6 eta 7ko asteburuan egiteko. Txangoak erabat doakoak izango dira, eta, gainera, bertaratzen direnek argazki lehiaketa batean parte hartu ahal izango dute Twitter bidez.

Ba al dago geologoen lana ezagutzeko modu hoberik, haien lantokira joatea baino? Bisita gidatuko lantokiak ez dira izango Unibertsitateko laborategi edo bulegoak, ez, baizik eta geologoek ikertzen benetan denbora gehien ematen duten tokia: landa.

Eta horixe da Geolodíaren helburua, hala geologia nola geologoen lanbidea modurik atsegin eta dibertigarrienean gerturatzea gizarteari, adituek gidaturiko doako txango baten bitartez. Txango horretan edonork parte hartu ahal izango du, eta ingurune geologiko interesgarri bat ezagutuko da. Hala, ibilbide erakargarri baten bidez, partaideek denboran zehar bidaiatuko dute, inguruan daukagun paisaiari "begi geologikoekin" behatzeko. Horretarako, asteburu berezi-berezi bat antolatu dizuegu gure probintzietan igarotzeko.

UPV/EHUko irakasle eta Geolodia 17 Euskadiko koordinatzailea Blanca Martínezen adierazi du "antolatzaile guztiek" maiatzaren 6 eta 7ko asteburua geologiaren inguruko "zinezko  jaia" izatea espero dutela. "Gure gonbidapena luzatzen dizuegu gurekin batera denboran zehar bidaiatzeko, eta Euskadin ezkutaturik ditugun altxor geologiko zoragarriez jabetzeko; ekitaldi honen zabalkundea oinarrizkoa da gure inguruneak duen geodibertsitatea babesteko, ezagutzen ez dena ezin baita zaindu.

Lehenengo aldiz, Arabako Geolodía 17 bi egunean egingo da: txango bana egingo da maiatzaren 6an eta 7an, Valderejo eta Obarenes mendiak-San Zadornil parke naturaletan zehar. 200 milioi urteko bidaia bat proposatzen dizuegu, non ikusiko baitugu, alde batetik, zein prozesu geologikok osatu duten ingurune natural zoragarri horren egungo erliebea eta, bestetik, geologiak nolako eragina izan duen eskualdeko biodibertsitatean.

Gipuzkoako Geolodía 17, bestalde, maiatzaren 6an izango da, Aiako Harrian. Euskadiko arrokarik zaharrenak non, noiz eta nola sortu ziren jakin nahi baduzue, ezin duzue ibilaldi hau galdu, bertan deskubrituko baituzue Iberiar penintsula Pangea superkontinente handiaren parte izan zela eta duela ia 300 milioi urte hura sakabanatzeak eragina izan zuela gure lurraldean.

Azkenik, Bizkaiko Geolodía 17 maiatzaren 7an egingo da, Bilboko kaleetan barrena; hirian bertan, bai. Izan ere, txango honetan erakutsiko da nola jaso daitekeen geologiako eskola oso bat soil-soilik zapaltzen ditugun edo kaleetako eraikin nagusiak estaltzen dituzten lauzei begira, eta bidaia egingo dugu itsaso tropikaletara, hondartza xarmagarrietara, haitzulo eta leize izugarrietara edota sumendi baten barnera, Bilboko erdialdetik mugitu ere egin gabe.

Eta nola eman dezakezu izena?

Txango hauetakoren bat egin nahi baduzue, mezu elektroniko bat bidal dezakezue servicios.scigea@gmail.com helbidera. Era berean, xehetasun guztiak aurkituko dituzue Espainiako Geologia Elkartearen webgunean; han, gainera, probintzia bakoitzeko posterra eta gida deskargatu ahal izango dituzue, eta izena emateko helbide elektronikoak eta harremanetarako pertsonak aurkitu.

Bestalde, gugana jo dezakezue Facebooken (https://www.facebook.com/Geolod%C3%ADa-190255824348065/, https://www.facebook.com/socgeoes/), baita Twitterren ere (https://twitter.com/GeolodiaES eta https://twitter.com/sgeologica), #Geolodía17 traolarekin.

Geolodíari buruz

Geolodía estatu osoan egiten da, eta urtez urte 10.000 pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute, doan. Gainera, 500 geologotik gora borondatez aritzen dira Geolodía antolatzen, geologiaren garrantzia eta euren lana gizarteratzeko helburuz.

Geolodía 2005ean sortu zen, Teruelen, eta 2011. urteaz geroztik aldi berean egiten da estatu osoan. Hamabi urte hauetan, 50.000 partaidetik gora izan dira denera. Unibertsitate, ikerketa zentro, geoparke, administrazio eta erakunde pribatu ugarik laguntzen dute Geolodía antolatzen, Espainiako Geologia Elkarteak (SGE) eta Lurraren Zientziak Irakasteko Espainiako Elkarteak (AEPECT) koordinaturik, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuarekin (IGME) batera. Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak diruz laguntzen du egitasmoa, Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioaren (FECYT) bitartez Espainian, eta Euskadiko Geologoen Elkargo Ofizialaren bitartez Euskadin.