San Migel Goiaingerua gotikoan

Jesús Muñiz Petralanda historialariak sinatutako ikerketak, zeina EHUpress kalitate ziurtagiriarekin argitaratu baita, Bizkaiko tailuak zein garaitakoak diren aztertu du lehen aldiz

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/19

Irudia

Jesús Muñiz Petralanda historialariak Bizkaian dauden San Migel Goiaingeruaren 21 tailuak aztertu ditu, eta irudi bakoitza bere garai artistikoan kokatu du: hasierako gotikoa, gotiko berritua edo gotiko berantiarra. Ondorioak ‘Imágenes del Arcángel San Miguel en Bizkaia. Una propuesta de análisis de la imaginería gótica' liburuan argitaratu dira. UPV/EHUk editatu du liburua, EHUpress kalitate zigiluarekin.

Goiaingeru gerlariaren irudiak aztertzeko, Jesús Muñizek tailuen alderdi formalei erreparatu die bereziki, eta ikuspegi ikonografiko tradizionala gainditzen duen azterketa metodo bat proposatu du. Gainera, autoreak aldarrikatu nahi du garrantzitsua dela Euskal Herriko arte higigarria ikertzea, gure iraganeko gizartea eta kultura hobeto ezagutzeko.

Artearen Historian apenas ikertzen den Erdi Aroko iruditeria, eta ikertzekotan Ama Birjina Haurrarekin eta Kristo Gurutziltzatua tailuetan jartzen da arreta. Ikerketa honetan, ordea, San Migel Goiaingeruaren irudiak aztertu dira. Bizkaiko eskultura gotikoko ikonografia ohikoenetako bat da, kopuruagatik (21 tailu), aniztasunagatik eta gutxien aldatu direlako sortu zirenetik (XIII. mendearen amaierara eta XVI. mendeko lehen herenera bitarte). "Aniztasun kronologiko horri esker, eskultura gotikoak zein bilakaera izan duen hauteman dezakegu —adierazi du Jesús Muñizek—, eta, gainera, ikus daiteke oso desberdinak direla, inspirazio iturriak askotarikoak baitira: batzuek ingeles jatorria dute, eta beste batzuek eragin flamenkoa edo gaztelarra".

Ikerketaren lehenengo ondorioa irudien zenbaketa izan da: guztira, 21 tailu zenbatu dira Bizkaian, Gipuzkoan halako bi eta Araban halako hiru. Bizkaiko lurraldean, oso modu irregularrean agertu dira sakabanatuta: pieza gehienak (hamabost) Busturialdean, Lea-Artibain eta Durangaldean daude, eta gainerako seiak, berriz, Gordexolan, Zallan, Deustun (Bilbo), Galdakaon, Arteagan eta Diman.

Bizkaian oso zabalduta egon da San Migel Goiaingeruarenganako debozioa Erdi Aroaz geroztik, ziur asko gaizkiaren aurka egitearren, eta horregatik da horren nabarmena oraindik ere haren presentzia. Eliza Katolikoaren hiru goiaingeruen artean (beste biak Gabriel eta Rafael dira) zeruko armaden burutzat jotzen da San Migel. Bandoen borroketan buru-belarri ibili zen bizkaitar noblezia sutsuak eman zion beharbada santu gerlariaren izaera hori. Horrez gain, XV eta XVI. mendeetako oparotasun ekonomikoak artelanen eskaera handia ekarri zuen; horrek bereizten du Bizkaia alboko lurraldeen aldean.

Azterketa formala

Ikerketan, Jesús Muñizek berretsi du Bizkaian hiru prototipo klasikoak daudela: San Migel dragoiaren aurka borrokan, San Migel ekintza moralak pentsatzen, eta hirugarrena, mistoa, biak konbinatzen dituena. Halaber, beste talde bat ere sailkatu du, "disonante" izenekoa. Talde horretan sartuko lirateke Zumetxagako, Almikeko (Bermeo) eta Mallabiako obrak, ezin baitira zehazki aldaera klasikoetako batean ere sartu. Autoreak ondorioztatutakoaren arabera, "artelan hauek elizatik desagertutako modelo bat berregin nahian sortu dira, edo herriak sortutakoak dira, argi eta garbi".

Tailu bakoitza garai gotiko jakin batean kokatzeko, ikertzaileak, ikuspegi ikonografiko tradizionala erabiltzeaz gain, obra bakoitzaren analisi formala ere egin zuen. Horrela, honako hauek aztertu zituen: jokabideak, konposizioa, janzkera, beste pertsonaia batzuen karakterizazioak (adibidez demonioarena), ezaugarri bereziak eta polikromia. Hau da, eskultura higigarria ikertzean ahaztu ohi diren zenbait alderdiri erreparatu zien, eta azterketa metodo berri bat proposatu du. Tresna horien bitartez, zehatzago ezar daitezke irudien datak, estiloak eta jatorriak.

San Migel Goiaingeruaren tailuen bi heren azken hamarkadetan zaharberritu dira, eta, horri esker, ez dira horren azkar hondatu, eta errazago lortu da ikerketa egiteko informazioa. Alde horretatik, Jesús Muñiz autoreak polikromiaren garrantzia nabarmendu du liburuan, diziplina hori ahaztua egon baita antzinako obretan. "Ziurtatu beharra dago pertsona kualifikatuek egingo dituztela zaharberritze lanak, ez ditzaten birmargotu eta, ondorioz, irudiak hondatu. Esate baterako, Markinan Arretxinagako tailua ikertzen ari nintzenean, tailua birmargotu zuten. Asmo onez margotu zuten, baina ez zuten asmatu. Hori dela eta, ezinbestekoa da zaharberritzaileen lana", adierazi du historialariak.

Jesús Muñiz Petralanda (Galdakao, 1965). Artearen Historian lizentziatu zen, Salamancako Unibertsitatean. Bizkaiko erlijiozko artea izan du aztergai bere ikerketa ibilbidean, eta Behe Erdi Aroko arte higigarria izan da haren ikerketa ildo nagusia, bereziki gotiko berantiarreko iruditeria eta erretaulak. Reflejos de Flandes. La escultura mueble tardogótica en Bizkaia (Bilbo, 2011) argitalpenaren autorea da. Euskal Herriko ikerketa monografiko bakarra da, Bizkaian kontserbatutako berrehun obra baino gehiagoko inbentario bat eta 43 pieza garrantzitsuenen katalogo arrazoitu bat biltzen dituena. Aurki argitaratuko du Elorrioko gurutzadura monumentalei buruzko Elorrio El arte en la cruz argitalpena ere.