Eduki publikatzailea

Unibertsitateen G-9 Taldearen XX. urteurrena

Hogeiren bat errektorek eta errektore ohiek ospatu dute Teruelen urteurrena, eta bertan izan da Unibertsitateetako idazkari nagusi Jorge Sáinz

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/26

Irudia

Unibertsitateen G-9 Taldea (G-9) osatzen duten erakundeetako hogeiren bat errektore eta errektore ohi elkartu ziren Teruelen elkartea sortu zeneko hogeigarren urteurrena ospatzeko. Beren autonomia erkidegoetan unibertsitate publiko bakarrak diren unibertsitate publikoek osatzen duten elkarte honen urteurreneko ekitaldia Zaragozako Unibertsitateko Teruelgo Campuseko Errektoreordetzan egin zen, seihileko honetan G-9 Taldearen buru bertako errektore José Antonio Mayoral denez, eta bertan izan ziren Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Unibertsitateetako idazkari nagusi Jorge Sáinz, Zaragozako Unibertsitateko zuzendaritza-taldearen hainbat ordezkari, Taldeko unibertsitate batzuetako errektoreordeak eta G-9 Taldearen Idazkaritza Nagusiko langileak.

Ekitaldian zehar Taldearen sorreraz eta 1997ko maiatzean formalki eratu aurretik emandako lehenengo urratsez hitz egin zuen Taldea sortu zuen errektoreetako batek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore ohia den Antonio Pérez Pradosek, alegia, eta laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran Taldea abian jartzeko egindako hainbat kudeaketaren berri eman zuen.

Bestalde, Kantabriako Unibertsitateko errektore ohiak, Federico Gutiérrez Solanak, eratu ondorengo urteetan Espainiako unibertsitate sistemaren baitan G-9 Taldeak izan duen garrantzia jarri zuen agerian, bai eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarrean (CRUE) duen eragina ere, kontuan hartuta orain arte G-9 Taldea osatzen duten unibertsitateetako 4 errektore presidente izan dituela.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerka, berriz, bederatzi unibertsitateen arteko aliantza indartzearen alde agertu zen, eta datozen urteotan garatuko diren ekintza berrien inguruan hausnarketa bateratua egitea aldeztu zuen.

Ekitaldian, gainera, Taldeak azken urteotan gauzatutako hainbat proiektu aztertu ziren, besteak beste, Campus Birtual Partekatua, 2001/2002 ikasturtean abian jarri zenetik 50.000 matrikulatik gora formalizatu dituena; Taldearen Genueve Ediciones argitalpen-zigilua, orain arte 16 titulu argitaratu dituena; eta UNIVALUE, Taldea osatzen duten bederatzi unibertsitateen kapital sozialarekin eratu zen enpresa, ezagutza zientifikoa unibertsitatetik gizartera transferitzeko eredu berritzailea izan zena 2016. urtearen hasieran bere jarduera bertan behera utzi zuen arte.

XX. urteurreneko ekitaldia amaitzeko mahai inguru bat antolatu zen, eta Espainiako unibertsitate publikoaren erronkak eta desafioak izan ziren eztabaidagai (nazioartekotze handiagoa, enpresa-munduarekin sinergiak, nola lortu unibertsitate publikoetan ikasle gehiago matrikulatzea, besteak beste). Mahai inguru horretan esku hartu zuten Unibertsitateetako idazkari nagusia den Jorge Sáinzek, Universidades Españolas CRUEren presidentea eta Extremadurako Unibertsitateko errektorea den Segundo Pírizek, eta ANECAren presidentea eta Errioxako Unibertsitateko errektore ohia den José Arnáez Vadillok.

XX. urteurreneko ekitaldiko parte hartzaileei Teruelgo Udalean egin zien harrera Emma Buj alkateak, eta G-9 Taldea bere jarduera esparruetan garatzen ari den lanaz galdetu zien eta etorkizunera begira arrakasta bera izatea opatu zien.

Unibertsitateen G-9 Taldea beren autonomia erkidegoan unibertsitate publiko bakarrak diren unibertsitate publikoek osatzen dute, hauek dira: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.