Eduki publikatzailea

Biktimak, erdigunean

UPV/EHU gidari duen azterketa soziologiko zabal batek adierazi du gero eta zentralagoa dela biktimaren figura gaur egungo gizartean

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/21

Irudia
Gabriel Gatti. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

UPV/EHUko Soziologia 2 Saileko ikerketa-talde batek, Gabriel Gatti doktorea gidari duenak, 'Un mundo de víctimas' izenburuko liburuan jaso ditu Espainian eta, oro har, gaur egungo gizartean biktimaren figurak duen presentzia handiari eta haren zentralitateari buruzko ikerlan oparo baten emaitzak. Ikerketak lau kasu paradigmatiko izan ditu ardatz: jatorri politikoko biktimak, genero-indarkeriaren biktimak, zirkulazio-istripuen biktimak eta kategoria-eske dauden biktimak.

"Azken urteotan, biktimaren figuraren zentralitatea areagotuz joan da, gero eta espazio garrantzitsuagoak betez bai gizartean, bai agenda politiko, juridiko, legegile eta mediatikoan; eta herritarraren figurarekin lehiatzera iritsi da ia", azaldu du Gabriel Gatti UPV/EHUko Soziologiako doktoreak. Mundo(s) de víctimas. Dispositivos y procesos de construcción de la identidad de la "víctima" en la España contemporánea. Estudio de cuatro casos paradigmáticos ikerketa-proiektuaren koordinatzailea da Gatti, eta, besteak beste, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Soziologia 2 Saileko kideek hartu dute parte ikerketan.

"Terrorismoaren biktimak, indarkeria matxistarenak, Gerra Zibilekoak, M-11koak, Yak-42koak, hegazkin-istripuetakoak, errepresio frankistarenak, krisiarenak, uholde batenak... Guztiek dute izendatzaile komun bat: biktimaren kategoria", adierazi du Gattik. "Duela urte gutxi, Espainian, biktimaren figura ETAren indarkeriaren biktimek betetzen zuten, funtsean. Gaur egun, ordea, ez dute bere burua biktimatzat adierazten indarkeria politikoaren mendekoek soilik; askoz ere gauza gehiagoren biktimak ageri dira, aurrekoen pareko maila batean, eta horixe da aipagarriena", erantsi du.
Jakintza-alor askotako kidez —besteak beste, soziologoak, antropologoak, zuzenbidean lizentziadunak eta zientzia politikoetako lizentziadunak— osatutako ikerketa-taldeak kategoria horren eklosioaren fenomenoa aztertu du, zeina 90eko hamarkadatik aurrera gertatu baitzen mundu mailan.

Gaur egungo gizarteko biktimaren figuraren identitatea eraikitzeko prozesuak aztertu dituzte proiektuan, eta Espainiako kasua izan dute ardatz. Horrenbestez, ikertzaileek biktima-mota hauekin aritu dira lanean: jatorri politikoko biktimekin (ETArenak, M-11koak, frankismoarenak eta polizia-indarkeriarenak), genero-indarkeriaren biktimak, zirkulazio-istripuen biktimak eta kategoria hori erreklamatzen ari diren biktimak (haurtxo lapurtuen kasuenak eta Valentziako metroaren istripuarenak). Guztira, lau kasu paradigmatiko horiek aztertu dituzte, bi dimentsiotan oinarrituta: batetik, lehenbizi biktimaren figura sortzen laguntzen duten eta, gero, figura hori kudeatzen laguntzen duten mekanismo eta eragileak; eta, bestetik, biktimek dituzten identitate- eta sozialtasun-moduak, eta haien bizitza-munduak.

Biktima-mundu txikiak daude, eta mundu horietan, jendeak bere identitate propioa eraikitzen du

Alde batetik, ikertzaileek ikerketa enpirikoa egin dute, alor haietako bakoitzarekin lotutako eragileekin (erakundeak, abokatuak, psikologoak, kolektibo feministetako emakumeak...), elkarrizketen eta behaketaren bidez. Bestalde, landa-ikerketa egin dute, "biktimak protagonista nagusi diren egoera sozialetan, hala nola artean, eremu judizialean eta hezkuntzan —azaldu du Gattik—. Egoera horietan, lehen, ez zegoen biktimaren figurarik, eta, orain, berriz, protagonista nagusia da".

Gattik dionez, "herritarraren kategoria zaharrak betetzen zuen erdigunea lehen, eta biktima toki periferikoago batean zegoen. Lehen, gizartea saiatzen zen, modu batera edo bestera biktimak erdigunera ekartzen, erdigunearen parte izan zitezen. Gaur egun, arkitektura hori aldatu egin da, zaurgarritasuna erdialderago kokatzen da. Biktima-mundu txikiak daude, eta jendea haietan bizi da, bere identitatea eta bizitza ulertzeko modua eraikiz, baita beren erakundeak ere. Biktimek unibertso sozial oso trinkoak sortzen dituzte azkenean, beren bizitzari zentzu handia ematen diotenak. Ustez, pertsonek biktima-kategoria hartzen dute kategoria uzteko 'asmoarekin', baina oso deigarria da ikustea hori ez dela horrela izaten. Berez bizitzerik ez dagoen 'tokietan' bizi da jendea, eta, batzuetan, han bizi ahal izateko forma sozial erabat berriak asmatu behar izaten dituzte".

Espazio soziologiko berri horretan, ikertzaileek "esparru teorikoa berrikusi behar izan dugu. Sekulako berrikuspen teoriko eta metodologikoa egin behar izan dugu, soziologoek ez baikenekien paradoxa horrekin nola jardun. Ia-ia kontzeptu-hiztegi berri bat egin behar izan dugu, kategoria soziologiko zail horretan lan egin ahal izateko, tradiziotik kanpo geratzen baita", dio.  Gattik nabarmendu duenez, ikerlan kolektiboa izan da; "oso gai zaila izan dugu eskuartean, mota guztietako ertzak baititu: afektiboak, teorikoak, enpatikoak, enpirikoak...". Argitaratu duten liburuaz gainera, ikerlanari esker, "hainbat artikulu zientifiko argitaratu ditugu aldizkari entzutetsuetan".

Informazio osagarria

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak diruz lagundu du proiektua, 2012-2015 urteetako I+G+Bko Plan Nazionalaren barnean, eta UPV/EHUko Soziologia 2 Saileko Identitate Kolektiboari buruzko Ikerketa-zentroan inskribatu zen.
UPV/EHUko ikertzaileez gainera, ikerketa-taldean, erakunde hauetako ikertzaileek ere hartu dute parte: Vigoko Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Coimbrako Unibertsitateko Centro d'Estudos Sociais (CES) (Portugal), CERI de Sciences-Po (Frantzia) eta Monterreyko TEC.

Erreferentzia bibliografikoa

Gabriel Gatti, et al. Un mundo de víctimas. Editorial Anthropos. ISBN: 978-84-16421-57-2