Eduki publikatzailea

Jokabide arriskutsuak hautematea, zirkulazio-istripuak murrizteko gakoa

Jokabide oldarkor eta arriskutsuak istripu-tasaren iragarle argiak dira, UPV/EHUko ikertzaile baten arabera

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/05

Irudia
Davadi Herrero

UPV/EHUko Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakasle batek argitaratutako ikerketan, ondorioztatzen da gidatzerakoan pentsamendu oldarkorrak dituztenek jokabide oldarkorra izaten dutela, eta, ondorioz, jokabide arriskutsua, eta horrek lotura duela istripu-tasarekin. Horrez gain, ikerketak erakusten du gidari gazteenek izaten dutela haserre handiena eta haienak direla jokabide oldarkorrenak. Aldiz, ia ez dago desberdintasunik sexuen artean.

Bide-segurtasuna eta istripuen prebentzioa gai goriak dira, eta maiz ikertzen dira, baina ez beti ikuspegi beretik. Bistakoa lirudike istripu-tasak lotura duela jokabide arriskutsuarekin, eta, hain zuzen, "ikerketa batzuek elkarrekin lotzen dituzte, baina ez da ikertu kognizio- edo pentsamendu-mailan. Tradizionalki, hiru faktore hartu dira kontuan zirkulazio-istripuak iragartzeko: ibilgailua, bidea eta giza faktorea, eta ia ikerketa guztietan ikusi da giza faktorea dela garrantzitsuena istripuak iragartzean. Hori dela eta, horretan ardaztu dut nire ikerketa zortzi urtez", azaldu du ikerketaren egile eta UPV/EHUko Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakasle David Herrerok.

Hiru aldagai neurtu dira (pentsamendu oldarkorrak, jokabide arriskutsua eta jokabide oldarkorra), eta "ikusi dugu istripu-tasak lotura duela jokabide oldarkorrarekin, baina, batez ere, jokabide arriskutsuarekin, nahiz eta bi faktoreek iragar ditzaketen nabarmen zirkulazio-istripuak. Esan liteke pentsamendu oldarkorrek jokabide oldarkorra eragiten dutela, eta jokabide oldarkorrak jokabide arriskutsua eragiten duela, zeina istripu-tasari lotuta baitago", argitu du Herrerok.

Gida-baimena indarrean daukaten eta gutxienez astean behin gidatzen duten 414 lagunek hartu dute parte ikerketan. Bi galdetegiren bidez egin zaie elkarrizketa; galdetegi batek "pentsamendu oldarkorrak neurtzen ditu, eta, besteak, jokabide arriskutsuak eta istripu-tasa (Driver's Angry Thoughts Questionnaire eta Driving Survey). Hala, ikerketa honetan aztertu ditugun hiru bloke nagusiak jorratzen ditugu", adierazi du.

Adinagatiko eta sexuagatiko desberdintasunak ere aztertu dira ikerketan. Adinari dagokionez, "gazteenek izaten dute joera handiena haserre egoteko eta jokabide oldarkorra izateko; hori ia ikerketa guztietan ikusi da. Aldiz, sexuen arteko desberdintasunak ez daude hain argi haserrea adierazteari eta haserre egoteari dagokienez, ezta pentsamendu oldarkorrei dagokienez ere. Gizon-emakumeok maiztasun berarekin izaten ditugu pentsamendu oldarkorrak", adierazi du Herrerok.

Zirkulazio-istripuak murrizteko gakoak

Ikerketa honetan hauteman diren gakoak erabilgarriak izan litezke bide-segurtasunean eta psikologia klinikoaren arloan. "Gidatzerakoan jokabide arriskutsua eta oldarkorra izatearen gaia ez da asko jorratu klinikoki, baina, egia esan, gidarien ehuneko baxu baina esanguratsu batek joera handia du modu horretan jokatzeko", azaldu du.

Ikertzailearen arabera, "garrantzitsua da jakitea zer mekanismo kognitibo, emozional… dauden halako jokabideen atzean, modu argi eta zehatzagoan esku hartu ahal izateko. Erabili diren tresnen bidez, ebalua daitezke prozesu horiek, eta arrasto batzuk eman zer egin litekeen aztertzeko. Pertsona batek esaten badu bere bizitzan edo gidatzen duenean agresiboki jokatzeko joera duela modu zehatz batean, badakigu beste testuinguruan berdin jokatuko duela".

Hala, David Herreroren ustez, "gai baldin bagara lortzeko pertsona batek hauteman dezan noiz ari den jokatzen modu arriskutsuan edo, areago, modu oldarkorrean, istripu-tasa murriztuko dugu. Pentsamenduetan baino gehiago, jokabide arriskutsuan eta oldarkorrean eragitea da funtsezkoena, nahiz eta gauza batek bestea dakarren", ondorioztatu du.

Informazio osagarria

Egileak Valentziako Unibertsitateko Sara Fonseca-Baezarekin lankidetzan egin du ikerketa hau.

Erreferentzia bibliografikoa