Eduki publikatzailea

Brayan Maicol Chipanak Hotel Carltoneko VII. Arte Lehiaketa irabazi du

Bigarren saria Josu Ezquerrok lortu du eta hirugarrena, Leticia Gasparrek

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/21

Irudia
Brayan Maicol Chipana. Foto: UPV/EHU

Brayan Maicol Chipana ikasleak Hotel Carltoneko VII Arte Lehiaketan lehen saria jaso du, berak egindako "Portada del sol" artelanagatik. Josu Ezquerrok bigarren saria lortu du, "Plegaria" izeneko artelanagatik, eta Leticia Gasparrek, "Humo" izenburua duen artelanaren egileak, hirugarren saria merezi du. Lehiaketa hau Hotel Carltonek antolatu du, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearen lankidetzarekin.

UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko ikasleei zuzenduta, lehiaketa urtero antolatzen da eta gazteen artea eta kultura bultzatzea du helburu. Lehen, bigarren eta hirugarren sariak 3.000, 2.000 eta 1.000 euro jasoko dute, hurrenez hurren. Saritutako lanak Carlton Hotelaren ondare bihurtuko dira.

Edizio honetan epaimahaia honako hauek osatu dute: Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura Saileko zinegotzi ordezkariak, Mercedes Prado arte-aholkulariak, María Sol Corral, Hotel Carltonen izenean, eta Jesus Melendez eta Txaro Arrazola UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasleak.

Lehiaketara 48 artelan aurkeztu ziren. Lan guztiek argitaragabeak eta jatorrizkoak izan behar zuten eta teknika, formatua eta gaia guztiz libreak izan ziren. Pasa den ekainean aurkeztutako lanetatik 31 artelan aukeratu zuten lehiaketan parte hartzeko eta horiekin erakusketa bat antolatu zuten, abuztuaren 19tik irailaren 3ra arte Hotel Carltonean.