Eduki publikatzailea

Contributions to the Fault Tolerance of Soft-Core Processors Implemented in SRAM-based FPGA Systems

Doktoregaia:
Julen Gomez-Cornejo Barrena
Urtea:
2018
Zuzendaria(k):
Aitzol Zuloaga Izagirre
Deskribapena:

Zirkuitu elektronikoak integrazio-maila apartetara iritsi dira diseinu eta ekoizpen tekniken garapenari esker. Hau dela eta, gaur egun posible da sistema osatu eta konplexuak gauzatzea gailu bakar batean. Kontzeptu honi SoC (System-on-Chip) deritzo. FPGA (Field Programmable Gate Array) teknologia da sistema horiek gauzatzeko euskarri interesgarrienetakoa, batez ere eskaintzen duen malgutasunari esker, bere inguruan ematen ari diren etengabeko ikerkuntza berrien garrantzia ahaztu gabe.

Erradiazio kosmikotik datozen partikula energetikoekiko duten sentikortasuna da SRAM eta flash teknologietan oinarritutako gailuen erabilerak suposatzen duen arazo garrantzitsuenetakoa bat. Horien eraginez, hainbat arazo gerta daitezke, arazo arbuiagarrietatik hasita, arazo benetan larrietara iritsi arte. Izan ere, gizakiak arriskuan jar daitezke alor konkretu batzuen sistemetan hutsegiteak izanez gero, esaterako: trenbide garraioetan, automozioan edo egiaztatze industrialean.

Lan honetan, SRAM motako FPGA teknologietan inplementatutako soft-core prozesadoreen hutsegite-tolerantzia bermatzeko tekniken inguruan ikerketa burutu da. Era berean, prozesadore horien hutsegiteei aurre egiteko gogortze teknika berriak proposatzen dira. Hala nola, lockstep metodologia berriak, TMR inplementazioetan moduluen sinkronizaziorako teknikak, kaltetutako interfazedun memorien datuen berreskurapena, etb. Bestalde, erabiltzaile-datuak bitstreamren bidez maneiatzea ahalbideratzen duten teknikak proposatu dira. Teknika horiek nahitaezkoak izan dira aurkeztutako zenbait hutsegite-tolerantzia handitzeko tekniken garapenerako.