Eduki publikatzailea

Bluetooth teknologiaren bitartez giza interakzioaren monitorizazioa

Doktoregaia:
José María Cabero López
Urtea:
2015
Zuzendaria(k):
José Luis Martín
Deskribapena:

Pertsonen jardueraren analisiaren bidez egindako giza jokaeraren ezaugarritzeak, tresna bereziak behar ditu informazio fidagarria biltzeko garaian. Azken urteotan, elektronikaren bilakaera eta komunikazio gaitasuna duten gailu pertsonalek izandako arrakastaren ondorioz, gailu hauek erabili izan dituzten ekimen ugari izan da, pertsonen elkarreraginari buruzko informazioa jasotzeko. Holako ekimen hauek, gailu pertsonalen komunikazio gaitasunak erabiltzen dituzte, hauek daramaten pertsonen hurbiltasuna zehazteko. Hala ere, gailu hauek ez dira erabilpen honetarako bereziki diseinatuak izan, eta zenbait muga jasaten dituzte. Muga hauek kontuan hartu ezean, datuen kalitatea kolokan jarri daiteke, baita ere haien fidagarritasuna giza jokaeraren ezaugarritze tresna bezala.

Tesi honen lehen zatiak, gailu pertsonalak erabili izan dituzten hurbiltasun informazio bilketarako orain arte egindako ekimenen mugak aztertzen ditu, eta Bluetooth teknologian oinarritutako ordezko ad-hoc sistema bat aurkezten du. Sistema honek, mugak kontuan hartzeaz gain, hauek ezabatzeko, edo gutxienez, mugak antzeman eta hauen eragina indargabetzeko mekanismo multzo bat garatzen du. Honen funtzionamendu eta erabilera deskribatzen da egiazko ingurune batean, eta ondorioz lortutako fidagarritasun handiko datu-basea zientzialari komunitatearen eskura jarri da. Honen prozesaketak, aurreko ekimenen metodologiak erabiliz gero ateratako ondorioekin desadostasuna adierazten du. Pertsonen jokaera ulertzeko, hauen jarduera garatzen den testuingurua ezagutzea ezinbestekoa da. Pertsonen kokapena testuinguru honi buruzko informazio garrantzitsu bat da.

Tesiaren bigarren zatia, pertsonen kokapenari buruzko informazioa hornitzen duen tresna baten garapenaz dihardu. Honen abiapuntua lehen zatian garatutako sistemak hornitutako informazioa da: pertsonen hurbiltasunari eta mugikortasunari buruzko informazioa. Tresna honek, kokapen algoritmo familia baten forma hartzen du, toki ezberdinetan eta topologi anizkunetan egindako esperimentu talde baten bidez baliozkotu egiten dena. Azkenik, tresna honen erabiltzeko prozedura erakusten da, tesiaren lehen zatian eskuratutako egiazko datu-basearen lagin bat adibide gisa harturik. Hemen, esperimentuko pertsonen hurbiltasunari eta mugikortasunari buruzko informazioa, haien kokapenaren informazio bihurtzeko eman behar diren pausoak erakusten dira.