INGELESEZ IDATZITAKO TESTU ZIENTIFIKOAK BERRIKUSTEKO TUTORETZA ZERBITZUA

 

DEIALDIAREN HELBURUA

Zerbitzua honetarako da: ingelesez idatzitako testu zientifiko bat berrikusteko, eta horren ostean, banakako tutoretza saio bat egiteko, aurrez aurrekoa edo birtuala, egindako iruzkinak aztertzeko eta hizkuntza gaitasuna hobetzeko eremu horretan.  Berrikusitako testuari buruzko tutoretza saioa da (ez testuak zuzentzeko zerbitzua), eta tutorearekiko hartu‑emana da ikasketa prozesuaren muina; beraz, tutoretza saioa ez da aukerakoa, nahitaezkoa baino.

 

PROZEDURA

1.  BERRIKUSIKO DIREN TESTUAK

Onartuko dira artikulu zientifikoak, lan akademikoak (Gradu Amaierako Lanak eta Master Amaierako Lanak barne) eta hitzaldi zein biltzarretako aurkezpenetan erabiliko diren testuak.

Berrikusteko bidaltzen diren testuetan, ingelesaren erabilera behar bezain zuzena izatea eskatuko da, bereziki ortografiari eta gramatikari dagokienez (besteak beste, egokitzapen morfologikoa eta sintaktikoa), baina baita diskurtso akademikoaren ezaugarriei dagokienez ere. Nolanahi ere, baztertu egingo dira hizkuntzaren aldetik oinarrizko zuzenketa mailara heltzen ez diren testuak.

Gehienez ere 25 orriko lanak onartuko dira. Testua luzeagoa bada, baldintza hori betetzen duen zati bat aukeratu beharko da. Bibliografia ez da berrikusiko.

 

2. LANAK NOLA BIDALI

Lanak berrikusteko eskaerak helbide honetara bidaliko dira: arabakohizkuntza.laborategia@ehu.eus kontuan izanda baldintza hauek bete behar direla:

2.1. Mezuaren gaian EGILEAREN edo EGILEEN ABIZENA agertu behar da.

2.2. Berrikustera bidaltzen den fitxategia honela izendatu behar da: EgilearenabizenaBidaltzedata (UU/HH/EE). Word edo Open Office motako fitxategia izan behar da, eta testuaren letra tipoa Times New Roman edo Arial, tamaina ezin da izan 10 puntu baino txikiagoa (400-450 hitz gehienera orrialdeko). Beste formaturik ez da onartuko.

2.3. Mezuan informazio hau eman behar da:

  • - Testuaren eremu akademikoa
  • - Hizkuntza aldaera (Britainia Handiko ingelesa edo Amerikakoa)
  • - Aldizkariaren estilo gidaliburua: argitaletxearen jarraibideak ikusteko esteka, edo gidaliburua bera atxikita. Informazio hori ematen ez bada, testua berrikusiko da dokumentuan nagusi den estiloari jarraituta, koherentzia gordetze aldera.

 

3. ONARTUKO DEN TESTU KOPURUA

Ekimen hau hasierako faseetan dago eta, horregatik, onartuko den testu kopurua mugatua da. Beraz, eskaera egiteak ez du bermatzen testua onartuko denik berrikusteko.

Deialdi honetan adierazitako baldintza guztiak betetzen dituzten testuak besterik ez dira onartuko. Lanak eskolaldiaren barruan baino ezingo dira bidali. Eskaerak jaso ahala hartuko dira kontuan. Dena den, pertsona bakoitzari testu bat bakarrik onartuko zaio lauhileko bakoitzean, eta gehienez ere bi lan ikasturtean.

 

4. BERRIKUSITAKO LANA ITZULTZEA ETA TUTORETZA SAIOA

4.1 EPEAK: Eskaera jaso ondoren posta elektronikoz, zerbitzua harremanetan jarriko da eskatzailearekin astebeteko epean, eta jakinaraziko dio noiz bidaliko zaion testu berrikusia. Testu mota eta kalitatearen arabera, bai eta zerbitzuan berrikusi beharreko testu kopuruaren arabera ere, eskaera egin eta handik 10‑20 eskola egunen buruan bidaliko da testu berrikusia.

4.2 BERRIKUSPENA: Dokumentua zuzenduko da Microsoft Word‑eko "Aldaketen kontrola" erabilita. Modu horretara, egileak azkar ikusi ahal izango ditu testuari egindako aldaketak, eta proposamenak onartu ahal izango ditu, banan‑banan edo denak batera. Testua berrikusi duen pertsonaren zuzenketak eta iradokizunak fitxategiko albo batean agertuko dira eta, hortaz, erraza izango da horiek onartzea ala ez onartzea.

Fitxategi berrikusia, aldaketak ikusgai izango dituena, honela izendatuko da: Egilearenabizena_revised.

4.3 TUTORETZA SAIOAK: Testu berrikusia itzultzen denean tutoretza saioa egiteko data adostu beharko da. Saio horretan ikusitako zailtasunak aztertuko dira, eta horiei aurre egiteko estrategiak ezarri. Saioa 60 minutukoa izango da, gutxi gorabehera, eta aurrez aurrekoa izan daiteke edo online egin. Banakako saioa izango da, eta arreta pertsonala eta zuzena emango zaio eskatzaile bakoitzari, testuarekin eta ingeles zientifiko‑teknikoarekin izan ditzakeen zalantza guztiak argitzeko.

Tutoretza saioa nahitaez egin behar da, testu berrikusia bidali eta gehienez ere hurrengo bi asteetako egun batean. Tutoretza saioaren helburua da eskatzaileek hizkuntza gaitasunak berengana ditzatela eremu honetan, etorkizunean bidali behar ez izateko beren testuak beste pertsona batzuei berrikusi edo zuzendu ditzaten eta, ondorioz, modu autonomoan prestatu ahal izateko testuok.

 

ONURADUNAK

Zerbitzua Arabako Campuseko ikertzaileentzat da: irakasle‑ikertzaile, ikertzaile kontratatuak, graduondoko ikasleak eta graduko azken mailako ikasleak.

 

ESKAERAK AURKEZTEKO EPEA

Eskaerak aurkezteko epea 2023eko otsailaren 6an hasi eta maiatzaren 31an amaituko da, edota data hori baino lehenago deialdi honetarako dagoen aurrekontua agortzen bada.

2023ko otsailaren 6an irekiko da eta 2023ko maiatzaren 31n

Informazio gehiago nahi izanez gero, bidali mezu elektroniko bat deialdian aipatutako helbidera: arabakohizkuntza.laborategia@ehu.eus