Breadcrumb

GALERNAK

GALERNAK. Atlantikoko arkitektura zinemaldia

Irudia
EPEA LUZATZEN DUGU: URRIAK 31 2021 23:59 (GMT)
Hilabete bat duzu film laburra egiteko!!

Eta gainera tailer bat montatu dugu Arkitektura eskolan EQZE zine eskolakoek lana garatzen lagun diezazueten. Bai sorkuntzari dagokionez eta baita alderdi teknikoak lantzen ere.

  • Ikasle gelan elkartuko gara 12:30etan
  • Urriaren 6 eta 13, asteazkenak

Ekar ezazue kamera, portatila, mugikorra edo laburmetrai bat egiteko behar duzuen edozein tresna. Fikzioa, dokumentala edo ariketa librea izan daiteke.


“Hodei erraldoiak sortzen ziren itsaso astunetik, hondarrez zikinduta, hondoan etengabe mugituta. Antzina Lurra erlijiosoki aztertu banuen, orain lehen aldiz gurea baino Neptuno kaotikoagoa hautematen ari nintzen, mundu likido amaigabea.”

Hadrianoren oroitzapenak. Marguerite Yourcenar.

Atlantikoa.

Galerna bat bat-bateko denborale bortitz bat da, kostalde atlantikoa mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haize ufadez astintzen duena. Egun bero eta bareetan agertzen da. Fronte hotz bat iristearekin batera, haizearen norabidea eta intentsitatea tupustean aldatzen dira. Zerua iluntzen da, eta tenperatura nabarmen jaisten da. Itsaso handiak itsaso barearen lekua hartzen du minutu gutxitan, eta olatuekin batera, euria ere irits daiteke.

Frantsesez galerne esaten da; bretoieraz, gwalarn, gaelikoan, géile, eta zeltek gal esaten zioten haizeari.

Erro komun bat, lurralde jakin batean ematen den fenomeno batentzat; lurralde bat, beste ezaugarri batzuk ere partekatzen dituena: haizea, euria, olatuak, mareak, zeru lainotua, landaredia, paisaia, zenbait tradizio, musika, melodiak, gastronomia, edariak, eta beste asko, ziurrenik.

Galernak jaialdiak topagune bat izan nahi du, Atlantikoari buruzko gogoeta egiteko arkitekturaren, lurraldearen eta paisaiaren ikuspegitik. Europako arkitektura ikasleek gai horri buruz duten begirada ezagutu nahi du, ziklo bat abiarazteko, edozein eskalatako proiektuak planteatzean gure lurraldearen tresnak eta estrategiak partekatzeko aukera emango duena.

Atlantikoko arkitektura zinemaldia.

Atlantikoko arkitektura zinemaldiaren lehen edizioa 2021eko azaroaren 23tik 26ra egingo da, Donostian, MUGAK - Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Biurtekoaren testuinguruan.

UPV/EHUko Arkitektura Eskolaren ekimen bat da, Elias Querejeta Zine Eskolaren lankidetzaz egingo dena.

Haren helburua arkitekturaren eta zinemaren arteko elkarrizketa bat ezartzea da, Europako arkitektura ikasleek egindako film laburretatik abiatuta. Lanen gaia «Atlantikoa» izango da, eta dokumentalak, fikziozko piezak edo beste edozein generotako lanak aurkeztu ahal izango dira, arku atlantikoari buruzko begirada arkitektonikoa eskainita betiere.

Hautatutako film laburrak jendaurrean emango dira, jardueren egitarau baten barruan, non eskainiko diren ere zinemaren arkitekturan arloko adituen hitzaldiak, eragina izan duten filmen hautaketa bat eta Donostiako zinemaren historiari buruzko erakusketa bat. Zikloaren helburua zinemaren eta arkitekturaren arteko elkarrizketa bat ezartzea da, etorkizuneko hiri eta arkitektura proiektuetarako alternatibak proposatuko dituena.

Hautaketa batzordea EQZE Zine Eskolako eta UPV/EHUko Arkitektura Eskolako ikasleek osatuko dute, eta lehiaketaren epaimahaia, berriz, zinemaren eta arkitekturaren profesionalek, eta sari hauek banatu beharko dituzte: “Film labur onenaren Galerna” saria eta “Galerna Begirada” saria, pieza arkitektonikoenari emango zaiona. Emanaldietara joaten diren ikus-entzuleek “Publikoaren Galerna” saria emango dute, bozketa bidez.

Oinarriak

1- Helburua.

“Galernak” jaialdiaren helburua Europako Arkitekturako Goi Eskola guztietako gazteen talentua babestea eta bultzatzea da.

Film laburren gaia «Atlantikoa» izango da. Kontzeptu horren barruan arku atlantikoaren paisaia, lurraldea, hiriak, arkitektura, artea, tradizioak eta kultura sartzen dira.

2- Parte hartzaileak.

Europako edozein herrialdetako arkitektura eskoletako ikasleek parte har dezakete, betiere bidalitako film laburrak proposatutako gaiari buruzkoak badira. Parte hartzaileek arkitekturako ikasleak direla egiaztatu beharko dute matrikularen kopia bat, unibertsitatearen ziurtagiri bat edo hori egiaztatzen duen beste dokumenturen bat bidalita.

Ikasle bakoitzak lehiaketaren aurreko 12 hilabetetan egindako 3 (hiru) lan argitaragabe proposatu ditzake gehienez ere, edozein formatutan eta edozein gailu edo kamerarekin egindakoak. Ikasle bakoitzeko lan bakarra hautatuko da. Lanen iraupena ez da 20 minututik gorakoa izango, eta jatorrizko hizkuntzan aurkeztuko dira. Euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez ez dauden lanak azpititulatu beharko dira.

3- Lehiaketaren faseak.

Izen emateak online egingo dira, 2021eko irailaren 1etik urriaren 15era.

Film laburrak inskribatzeko, vimeoko edo youtubeko esteka pribatu bat izango duen inskripzio buletina galernak.ets.arquitectura@ehu.eus helbidera bidaliko da, hautaketa batzordeak ikus dezan. Horretarako, web esteka eta horretara sartzeko pasahitza adierazi beharko dira. Sarbide mugatua duten estekak bakarrik onartuko dira (ahal bada Vimeo).

Hautapen batzordeak 12 (hamabi) pieza aukeratuko ditu gehienez ere, eta egileei posta elektronikoz jakinaraziko zaie, 2021eko urriaren 22an.

Hautatutako lanak jendaurrean emango dira, 2021eko azaroaren 23-25 bitartean.

Hautatutako lan guztiak eman ondoren epaimahaia bilduko da, eta 2021eko azaroaren 26an erabakiaren berri emango du, eta sariak banatuko ditu.

4- Hautaketa irizpideak.

Lanak aukeratzeko unean, batzordeak aintzat hartuko ditu alderdi hauek: begiradaren originaltasuna, film laburraren edukia, piezan ageri den zinemaren eta arkitekturaren arteko harremana, eta ezinbestekoa izango da ere proposatutako lanak lehiaketaren gaiari erreferentzia egitea.

5- Saria.

  • Film labur onenaren Galerna saria 2.500 eurokoa izango da.
  • Galerna Begirada saria 1.000 eurokoa izango da.
  • Publikoaren Galerna saria 500 eurokoa izango da.

Donostiatik kanpo dauden eskoletako ikasleen mugikortasunerako laguntza ekonomikoa aurreikusten da. Hautatutako ikasle bakoitzak gonbidapen bat jasoko du, gehienez bi pertsonentzako ostatua eta lehiaketaren egunetako dietak barne hartuko dituena. Ezinbestekoa izango da hautatutako obraren ordezkari bat bertan egotea.

Diru sari guztiak indarreko legediak aurreikusitako atxikipenen eta zergen baldintzapean daude, eta dagokion zuzkidura ekonomikoari kenduko zaizkio.

6- Aukeratutako film laburren difusioa.

Galernak film laburren lehiaketaren ediziorako hautatuak izan diren film laburrak (lehiaketako proiekzioaz harago) MUGAK - Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Biurtekoaren webgunean zabalduko dira.

7- Kontsultak.

Araudi honen interpretazioaren gainean sortutako zalantza guztiak lehiaketaren koordinazioan eta antolakuntzan diharduten pertsonek argituko dituzte, 2021eko irailaren 30a baino lehen, honako helbide honetan: galernak.ets.arquitectura@ehu.eus.

8- Oinarriak onartzea.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarriak eta apelaezina izango den erabakia onartzea, baita erreklamazio mota orori uko egitea ere.

9- Informazioa eguneratua.

Lehiaketari buruzko informazioa ematen jarraituko dugu sare sozialen bidez. Instagram: galernak_zinemaldia