Eduki publikatzailea

Bauhausen mendeurrena

Erakusketa Gipuzkoako Campuseko Bibliotekan

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/27

Bauhaus (eraikuntzaren etxea, alemanieraz) arte, lanbide eta arkitektura esperimentalaren proiektua izan zen eta bere ibilbidea garaiko giro politiko eta sozialari oso lotuta egon zen. Bere jaiotza Weimarren Errepublikaren sorrerari loturik dago. Beraz, Alemaniako lehenengo gerra ondorengo garai demokratikoari eta, aldi berean, ezegonkorrari lotuta. Testu inguru honetan, Bauhausen sorrera gizartearen berreraikuntzaren aldeko apustua izan zen: tresna zehatzak erabiliz, eguneroko bizitza, etxebizitza eta elkarbizitzaren iraultza ekar zezakeen apustua. Walter Gropius arkitektoak eskola sortu zuen 1919ko apirilaren 1ean. Bere helburua zen artisau eta artistaren arteko banaketa gainditzea eta, aldi berean, gizarte diferentziak ezabatzea lan sortzailearen bitartez. Garai hartako giro politiko eta ekonomikoak Bauhausen leku-aldatzea eragin zuen bitan: Dessaura, 1925ean, eta Berlinera, 1932an. Bertan, nazismoak jazarrita, eskolak bere ateak itxiko zituen hurrengo urtean. Dena den, Bauhausen ondarea zabalduz joan zen, nazioarte mailan eragina izanez.

Erakusketa bibliografiko baten bitartez Gipuzkoako Campuseko Bibliotekak bat egiten du Bauhausen mendeurrenaren ospakizunarekin. Erakusketa Bibliotekako Ikaskuntza-Aretoan bisita daiteke, 2019ko uztailaren hasieratik irailaren bukaerara arte.