gogoa aldizkaria eta Jesus Mari Larrazabalen bibliografía

Erakusketa Gipuzkoako Campuseko Bibliotekan

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/26

gogoa UPV/EHUko Logika, Kognizio, Hizkuntza eta Informaziorako Institutuak (ILCLIk) egindako aldizkaria da, eta urtean bitan argitaratzen da, euskaraz. ILCLIren diziplinarteko izaera bere egiten du gogoak: hizkuntza, ezagutza, komunikazio eta ekintzari buruzko ikerkuntza bultzatzen du, eta logika, matematika, hizkuntzalaritza, psikologia, filosofia, informatika eta adimen artifizialetik datozen teoria eta metodoak bat ekartzen saiatzen da. gogoak, beraz, filosofo, logikari, hizkuntzalari, psikologo, matematikari, adimen artifizialeko aditu eta ezagutzari buruzko teoriagile sozialen lanak jasoko ditu. Ez dago beste modurik, diziplina askotako adituen elkarlana baizik, hizkuntza, ezagutza, komunikazioa eta ekintza behar bezala aztertzeko.

 

Gipuzkoako Campuseko Bibliotekan gogoa aldizkariaren zenbakiak daude ikusgai. Aldizkariaren azken zenbakia Jesus Mari Larrazabal UPV/EHUko katedradunari eskainia dago, 70 urte bete dituela eta. (Jesus Mari) ILCLIren fundatzailea eta aldizkariaren bultzatzailea ere izan da. Ale horretan egindako lanari tiraka, UPV-EHUko liburutegiak eta  gogoak berak  erakusketa txiki bat prestatu dute, Jesus Mariren lanei buruzkoa. Bertan, Jesus Marik argitaratu dituen lanak bildu dira batetik eta, bestetik, Jesus Mariren zuzendaritzapean idatziriko Lizentziatura, Master eta Doktorego amaierako lanak. Erakusketa Bibliotekaren sarreran kontsulta daiteke apirilaren bukaerara arte.