BIDAIATZEAREN ABENTURA

Erakusketa bibliografikoa. Bizkaiko Campuseko Biblioteka. Leioa. Ikaskuntza gela (4. solairua). 2019ko maiatza-iraila

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/06

1519ko irailaren 20an, bost itsasontzik osatutako eskuadra bat, Espainiako Koroak finantzatuta eta Fernando Magallanes zuela kapitain, Mendebalderantz abiatu zen Sanlúcar de Barramedatik, “Espezien Uharteetara” iristeko Atlantikoaren eta Pazifikoaren artean pasabide bat aurkitzeko helburuarekin. Handik hiru urtera, espedizioan joandako 239 gizonetatik 18 soilik itzuli ziren Juan Sebastian Elkanoren gidaritzapean, Lurraren lehen zirkunnabigazioa osatu ostean.

Gertaera horren 500 urte betetzear daudenean, aurkikuntza geografikoei eta bidaia literaturari buruzko liburuen erakusketa txiki bat antolatu dugu Bizkaiko Campuseko Bibliotekako Ikaskuntza aretoan, Leioan, omenaldi gisa.

Elkarren artean horren ezberdinak eta gertukoak diren bi genero horiei esker, ohartuko gara bidaia liburuak hiri edo herrialde bat ezagutzeko kronika hutsa baino gehiago direla. Berehala konturatuko gara bidaiari eta esploratzaile bikainek idatziak direla liburu horiek, eta gai direla irakurleari oinazea, gozamena eta leku berriak ezagutzearen zirrara sentiarazteko. Ziurrenik, emozio hori bera sentitu zuten duela bost mende munduari lehen aldiz bira eman zion itsas bidaia hartan joandako gizonek.