Erakusketak: erakusketen zerrenda historikoa

Lurraldea eta Hizkuntza: liburuen erakusketa - Gipuzkoako Campuseko Biblioteka

Lehenengo argitaratze data: 2014/01/15

Datorren urtarrilaren 16an eta 17an, Donostiako Carlos Santamaria zentroan, "Lurraldea eta hizkuntza" jardunaldiak garatuko dira, zeintzuetan lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak hiztun-komunitatearengan duten eraginaz hausnartuko den.

Gipuzkoako Campuseko Biblioteka jardunaldi hauetara batzen da, liburuen erakusketa bat antolatuz. Bertan, jardunaldietan jorratuko diren gaiekin zerikusia duten hainbat liburu erakusten dizkizuegu.

Hizkuntzaren eta egoera sozio-kulturalaren arteko harremana duela zenbait urte azaleratzen hasi zen soziolinguistikaren jaiotzarekin. Hizkuntzalaritzaren ikuspegi sozialago horri geografiaren garrantzia ere gehitu zion geolinguistikaren jakintza-alor berri samarrak. Hala ere, gutxi hitz egiten da oraindik ere lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak hiztun-komunitatearengan duten eraginaz. "Lurraldea eta hizkuntza. Hizkuntza eta lurraldea (I. jardunaldiak)" jardunaldietan hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza-aldaketaren arteko harremanaz hausnartuko da. Bereziki, arnasguneei edo euskaldunen metaketa demografikoa jazotzen den guneei dagokienez. Izan ere, eragin linguistiko arras ezberdina du hiri handi batean mila etxebizitza berri eraikitzeak edo euskararen arnasgune den herri txiki batean berrehun etxe berri egiteak. Lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren ohiko egitarauan hizkuntzaren gaineko ikuspegiak ere bere lekua eduki beharko lukeelakoan antolatzen da jardunaldia. Kultura-ondarea ez baitute eraikinek eta naturak soilik osatzen.