GrAL/MAL onentzako sariak - 2025/2026 ikasturtea
Data
2026/06/17 2026/06/17, 12:00 - 13:45
GrAL / MAL - 2025/2026 ikasturtea
Tokia: P0E1 Gela - Konferentzia gela - I eraikina
2025/2026 ikasturteko gradu eta master amaierako lan onenak saritu ditu Bilboko Ingeniaritza Eskolak
Bilboko Ingeniaritza Eskolak 6 ikasle saritu ditu Gradu Amaierako Lan (GRAL) eta Master Amaierako Lan (MAL) onenen egile izateagatik. Saritutako lanak arlo hauetakoak izan dira: “Telekomunikazioak, Eraldaketa Digitala, Itsasketa, Aireko eta Espazioko Propultsioa, eta Eraldaketa Energetikoa eta Ekonomia Zirkularra.
Enpresen sari hauek ekainaren 17an emango dira Ingeniaritza Eskolan antolatuko den ekitaldian, eta bertan izango dira enpresa eta erakunde babesleetako ordezkariak ere. Enpresen sariek helburu bikoitza dute; alde batetik, Eskolako ikasleen jardunari aitortza egitea eta, bestetik, kasuan kasuko arloan bide berriak urratzeko aukera eman dezaketen lan berritzaileei bultzada ematea.
Gaizka González Azkarragak (Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua Bilboko Ingeniaritza Eskolan) irabazi du Itelazpi#TelekoSaria, telekomunikazio zerbitzuetan espezializatuta dagoen izen bereko enpresa publikoak, administrazioan arlo horretako erreferente denak, emandakoa. Sariak 1.500 euroko zenbatekoa dakar berekin. Saritutako lanaren izenburua “QKD IPsec-ekin integratzea, SBA 5G/6G komunikazioak sekurizatzeko” da, eta Komunikazioen Ingeniaritza sailean irakasle diren Jasone Astorga eta Maider Huarteren zuzendaritzapean egin da. Lanaren helburua da gaur egun QKD bidez erabiltzen diren gakoak banatzeko metodoak ordeztea, eraso kuantikoekiko eraginkorragoak izango diren banaketa protokoloak sortzeko.
Xabier Agirre Bikuñak (Ingeniaritza Mekanikoko Masterra Bilboko Ingeniaritza Eskolan) irabazi du Management Solutions saria, izen bereko enpresak ematen duena eraldaketa digitalarekin lotutako lan onenarentzat. Sariak 1.000 euroak lan honentzat izan dira: “Dynamic modeling, control and sizing of feed drives for large scale machine tool”, Jon Iñaki Arrizubieta Arrate irakasleak zuzendutakoa (Ingeniaritza Mekaniko saila). Lan horren bitartez aztertu da makina handien bibrazioek nola eragiten dieten doitasun dimentsional handia behar duten fresaketa eragiketei.
Tradewind Tankers saria, izen bereko ontzi konpainiak itsasketa arloko GRAL/MAL onenari ematen diona, Ivan Perez Diazek irabazi du (Nautika eta Itsas Garraioa Masterra Bilboko Ingeniaritza Eskolan). Saria, 1.500 euroko zenbatekoa dakarrena, “Análisis del Fenómeno del sloshing aplicado al LNG/c Adriano Knutsen” izeneko MALari eman zaio, zeina Enpresen Antolakuntza saileko Imanol Basterrechea Iribar irakasleak zuzendu baitu. Lan horren xedea da sloshing (likidoaren mugimendu bortitza) fenomenoaren azterketa tekniko-operatiboa egitea mintz tanga prismatikoz hornitutako GNL ontzietan.
Bestalde, Ane Porto Iglesiasek (Ingeniaritza Industrialeko Masterra Bilboko Ingeniaritza Eskolan) irabazi du ITPAero saria, izen bereko enpresak ematen duena aireko eta espazioko propultsioaren arloko GRAL/MAL onenarentzat. “Aplicación de inteligencia artificial y visión computacional a la inspección de rayos X en entornos industriales” izenburua du MALak, eta Sistemen Ingeniaritza eta Automatika saileko Itziar Cabanes Axperen zuzendaritzapean egin da. Master Amaierako Lan horrek Adimen Artifizialeko (AA) eta Ikuspen Konputazionaleko teknika aurreratuak garatzea du helburu, ingurune industrialetan X izpien bidezko irudien ikuskapena hobetzeko, osagai aeronautikoetan egiturazko akatsak detektatu eta aztertzeko asmoz. Saria 1.500 eurorekin hornituta dago.
Azkenik, Elena Real Huartek eta Meagan Mehlhop-ek (hurrenez hurren, Enpresari Aplikatutako Ekonomia Zirkularra Masterra, eta Erasmus Mundus Joint Master in Environmental Contamination and Toxicology + One Health) REPSOL Fundazioaren sarien lehen eta bigarren postuak lortu dituzte. Eraldaketa energetikoaren eta ekonomia zirkularraren arloko MAL onenari ematen zaizkion sariak dira REPSOL Fundazioarenak. Irabazleak Maite de Blas Martin irakaslearen zuzendaritzapean jardun du, eta 1000 euro jaso ditu “Pantalones innovadores para mujer: Análisis de Ciclo de Vida y Ecodiseño” izenburuko Master Amaierako Lanagatik. MAL horrek erakusten du eko-diseinua ezartzeak nabarmen murriztu dezakeela ehungintzako produktuen ingurumen aztarna. Bigarren sailkatuak, Paola Calza irakasleren zuzendaritzapean jardun duenak, 500 euro jaso ditu “Adsorption and degradation of contaminants of emerging concern using a hybrid system dispersed in a 3D matrix” izeneko MALagatik. Lan horretan, gero eta kezka handiagoa sortzen duten kutsagarriak eta toxikoak izan daitezkeen elementuak kentzeko eredu berritzaile bat garatu du sarituak.