Breadcrumb

Información - La Escuela: Historia

Historia

Bilboko Ingeniaritza Eskola 2016ko urtarrilaren 5ean jaio zen, Euskal Herriko Unibertsitatean fakultate eta eskolak berrantolatzeko prozesuaren ondorioz. Ikastegi unibertsitario berri horrek, bada, ordura arte 4 eskolatan banatutako instalazio, langile, ikasle eta titulazioak biltzen ditu (eskoletako batzuek 100 urtetik gora zituzten). Hain zuzen ere, jatorri ezberdin horiek markatzen dute sortu denera arte ikastegi honek izandako bilakabide historikoa; beraz, jarraian labur iruzkintzen da errealitate berri horretan integratu zen ikastegi bakoitzaren ibilbidea.

Bilboko Ingeniaritzako GETa zena

Bilboko Ingeniaritza Eskola hiribilduan goi mailako ikasketak egiteko aukera eman zuen bigarren ikastegia izan zen, eta sorrera Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta hainbat enpresarik eta teknikarik bultzatu zuten.

1897ko apirilaren 2an, María Cristina erreginak dekretu bat eman zuen Errege Etxean, eta horren bidez "ezartzen da Bilbon, batez ere Bizkaiko Aldundi Probintzialaren eta hiribilduko Udalaren eskaerari jarraikiz, Industria Ingeniarien Eskola bat".

1899an eratu zen Patronatuaren Batza, eta aldi baterako irakasleak eta Eskolako zuzendaria izendatu zituen; hain zuzen ere, Darío Bacas jauna, Armadako ingeniaria, izendatu zen zuzendari. Gobernuak izendapen guztiak berretsi zituen. 1899ko urriaren 27an argitaratu zen Aldizkari Ofizialean Eskolaren behin-behineko araudia, eta, ondotik, ikasturte berrirako matrikula epea ireki zen. Guztira 107 ikaslek eman zuten izena. Azkenik, 1899ko azaroaren 2an, Bizkaiko Institutuko ekitaldi aretoan egin zen ikasturtea irekitzeko ekitaldi solemnea. Eskolako Lehenengo Promozioak 1904. urtean amaitu zituen ikasketak, eta guztira lau ikasle graduatu ziren.

1954tik 1957ra bitarteko sasoia garrantzitsua izan zen Eskolarentzat, Leandro José Torrontegi jauna zuzendari zela; izan ere, orduan abiarazi zen modernizatzeko eta eguneratzeko fase bat. Orduan hasi ziren ikastegia Casilla plazatik (hasierako instalazioak han zeuden) egungo kokagunera aldatzeko lanak: 1958ko martxoaren 18an inauguratu zen.

1983an atera zen Unibertsitate Erreformaren Legea, helburu zuena Espainiako Unibertsitatea gizarte modernoaren beharrizanetara egokitzea. Eusko Jaurlaritzari 1985ean eman zitzaion UPV/EHUren eskumena. Orduz geroztik, eskolak banatu egin du bere lan esparrua: hasteko eta behin, 1986ko abenduan ezarri zen Telekomunikazioen Ingeniaritza delako karrera.

Bilboko IITUE zena

Industriako Perituen Eskola Teknikoa Ministerioaren 1942ko maiatzaren 8ko aginduaren bidez sortu zen, eta eskolak urte hartako abenduaren 7an hasi ziren, Bilboko zenbait talde sozialek hala eskatuta eta Euskal Herriko industriarako teknikarien prestakuntza osatzeko.
Irakasle beharrizanak zuhur hautatutako bitarteko langileekin bete ziren, industrian ardura karguetan ziharduten ingeniari eta peritu ospetsuengana jota.

1944an hasi zen Katedrako irakasleen izendapena, Marrazketako Katedrarekin. Ondotik, 1945ean Matematikakoa, Fisikakoa, Kimikakoa, Kimika Analitikokoa, Industria Kimikakoa eta Elektrotekniakoa sortu ziren. Taldea orduz geroztiko urteetan osatu zen.

Jabetzapean eraikinik ez zegoenez, eskolak Industria Ingeniarien Eskolaren eraikinetan ematen ziren, arratsaldez. Ikastegiko Zuzendaritza, bestalde, Ingeniarien Eskolan bertan zegoen. Industria Perituen Eskola Teknikoaren independentzia 1951n hasi zen, eta Ramón Losada jauna izan zen lehenbiziko zuzendaria. 1958an, Ingeniari Eskola izandakoaren eraikina goitik behera bideratu zen Industria Perituen Eskola Teknikora. Gerora, Hezkuntza Ministerio Nazionalari eskatu zitzaion eraikin berria egiteko diru laguntza, eraikina bera irakasgaiek eragindako beharrizanetara egokitu zedin. Eraikina 1963an inauguratu zen.

Ondoren, Irakaskuntza Teknikoak Berrantolatzeari buruzko 1964ko apirilaren 29ko Legearekin bat etorriz, Eskolak "Industria Ingeniaritza Teknikoko Eskola" izena hartu zuen, eta gerora unibertsitatean integratu zen, Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola gisa. 2012an lekualdatu zen eraikin berrira; zehazki, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoa zenaren aldamenera.
 

Bilboko MITUE eta OP zena

Jatorria Meatzetako Langileburu eta Eskumenekoen Eskolan dago: Bilbon sortu zen, 1913. urtean, eta Atxuri auzoan kokatu zuten. Helburu zuen meatzaritza ustiategiek eta industriak oro har garatzeak eragindako eskakizunei erantzuteko pertsona prestatuen eskariari aurre egitea.

60ko hamarkadan, eskola Barakaldora lekualdatu zen, eta 1972. urtean igaro zen zuzenean unibertsitatearen mende egotera, "Meatzetako Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola" izenarekin. Ikasketen iraupena hiru urtekoa zen.

2000/1 ikasturtean ezarri zen Obra Publikoen Ingeniaritza Teknikoko titulazioa, gaur egun ere indarrean dagoena. 2012. urtean, eskolak Barakaldo utzi, eta Bilbora lekualdatu zen; zehazki, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoa zenaren aldamenera.

Nautika eta Itsas Makinen GETa

Bilboko Nautika Eskola hiribilduaren ekimenez sortu zen, Bizkaiko Jaurerriko Kontsulatuarekin eta Gobernu Unibertsalaren Diputazio Nagusiarekin lankidetzan. Gernikako Batzar Nagusiek 1739an erabaki ondoren Nautika Eskola Bilbon ezartzea, horren zuzendari izendatu zen Joseph Vicente Ybañez de la Rentería fragata kapitain lekeitiarra. Hain zuzen ere, aurreko urtean (1738) Baionan argitaratua zuen Explicación del Círculo Náutico Astronómico Universal lana. Nolanahi ere den, bitarteko izendapena izan zen 1742ra arte: orduan, Nautikako eta Matematikako maisu Miguel Archer jauna (Bilbo, 1689) jabetu zen karguaz.

Carlos III.a errege zela, 1783an, Errege Aginduaren bidez baimendu zen Pilotuetako zuzendariek eta Nabigazio Eskoletako maisuek aztertzaile lanak egitea lehenengo eta bigarren mailako pilotin eta pilotuekin, hain zuzen ere itsasgizon eta itsasontzien gidari aritu nahi zutenei begira. XX. mendean, 1915eko maiatzaren 28ko EDak ofizial izendatu zituen nautikako hamabi eskola (besteak beste, Bilbokoa). Bestalde, 1925eko otsailaren 7ko EDak bi adarretan bereizi zituen nautikako ikasketak: nautikakoa eta makinetakoa.

Hasiera batean Bilboko 2. Irakaskuntzako Institutuaren lokaletan ezarri zen, eta 1925ean Deustura lekualdatu zuten; zehazki, gaur egun Botikazar Institutua dagoen lekura. Han egon zen 1968ra arte, orduan gaur egungo eraikinera (Portugaleten) lekualdatu baitzuten.

Abenduaren 23ko 144/61 Legeak Irakaskuntza Teknikoen Egitura Nagusira egokitu zuen. Hain zuzen ere, horiekin parekatzen dira nautikako eskola ofizialetan irakasten direnak. Bada, irakaskuntza horiek hezkuntza sistema nagusira gehitzeko prozesua 1439/1975 Dekretuaren bidez amaitu zen. Horren bidez, eskola horietan irakatsitakoei unibertsitate irakaskuntzako 2. mailaren pareko maila aitortu zitzaien. Bestalde, Ministerioaren 1977ko urriaren 18ko Aginduak ezartzen du titulazio hauen ikasketa plana: Nautikako diplomatura eta lizentziatura, eta Itsas Makinetako diplomatura eta lizentziatura. Orobat, 1980ko abenduaren 4ko Errege Dekretuak Marina Zibileko Goi Eskola izendapena ematen die nautikako eskola ofizialak zirenei.