Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Jardunaldia Nazioartekoa

Emakumearen Nazioarteko Eguna Ingeniaritzan

Irudia

Jaso ezazu gonbidapena, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Batzordearen partetik, Ingeniaritzan Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekainaren 23an antolatu dugun ekitaldira.

2014an, Women’s Engineering Society (WES) erakundeak ekainaren 23a izendatu zuen Ingeniaritzan Emakumearen Nazioarteko Eguna bezala. Izendapen horren helburua izan zen emakumezkoen lana aitortzea ingeniaritzaren alorrean, beste hainbat STEM alorretan legez, tradizionalki gizonak gailendu diren alorra izanik.

WES erakunde akademiko profesional bat da, 1919an sortua Erresuma Batuan, lehen Mundu Gerraren ostean. Emakume ingeniariak batu zituen lehen erakundea izan zen, frontera joandako gizonezkoak ordezkatuz ingeniaritzaren alorrean aritutako emakumez osatua.

Gerra-gatazka amaituta, emakume askok lan-merkatuan jarraitu nahi izan zuten eta orduan sortu zuten WES, emakumeak ingeniaritzaren arloan lan egin zezaten haien trebakuntza hobetzeko helburuarekin.

Bilboko Ingeniaritza Eskolan ere baditugu garai ezberdinak bizi izan dituzten emakumezko ingeniariak, ingeniaritza euren bizimoduaren ezinbesteko parte bihurtu dutenak.

Uste dugu emakume horien bizitzako pasarteak ezagutzea, hala nola euren ibilbide eta bizipenak, eta emakume ingeniari helduak gaur egun ingeniaritza ikasten ari diren emakumezko ikasle gazteekin elkarrizketan entzutea aberasgarria izan daitekeela, etorkizunean ingeniaritza parekidea lortzeko bidean beste pauso bat emateko akuilu.

Ohiko formatuak alboratuta, solasaldi erako elkarrizketa saio hau antolatu dugu unibertsitateko komunitate osoari zabalik. Guztiok zaudete parte hartzera gonbidatuta.