Breadcrumb

Información - La Escuela: El Saltillo - Testimonio de la donación

Bilboko Nautikako Eskola Ofizialari egindako dohaintza: Saltillo

Irudia

Saltilloren dohaintza gauzatzeko kudeaketak 1968ko azaroko goiz batean hasi ziren, Bilbaoko Nautikako Eskola Ofizialari ontzia eskaini zitzaionean. Yateko kapitaina zen Pedro Galíndezek, kirolari bikaina eta itsasgizon hobea zenak, pentsatu zuen bere goletak zerbitzua txukun eskaintzen jarrai zezakeela etorkizuneko itsasgizonen formakuntzarako erabilita. Mandatari garrantzitsua betebehar garrantzitsu baterako. Administrazio izapideak egin ondoren, ontzia Nautikak jaso eta haren esku jarri zuten eta haiek, goleta Santurtziko buian amarratu zuten.

Bilboko gure eskola hau beti nabarmendu izan da bertako ikasleek itsasoko eginkizunetan parte hartzeko eta ontzian egindako instrukzio eta trebakuntza saioetan egindako ahaleginagatik.

Helburu horietarako, gure zentroak, garai batean, Marqués de Chávarri izeneko bapore bat zuen, luzeran 100 oin zituena.

Ontzi hori, 1945ean erabilezin geratu zen eta baja eman zitzaion. Ondorioz, handik aurrerako marinel-praktikak ontzi txikiagoetan egiten hasi ziren.

Saltillo eskolako irakaskuntza eginkizunen parte bihurtu zenean, Marinel Heziketa karrerako lehenengo ikasturtean irakasten hasi ziren, baltsak eta ontzi txikiak arraunekin, belarekin edo motorrarekin nola maneiatu ikasteko irakaskuntza teoriko eta praktikoa eskaintzen. Ariketa haiekin bela arina egiten zuten.

Hala, hurrengo ikasturteetan ikasleak Saltillon ontziratzen zirenean, marinelen eginkizunak egiten hasiak zeuden.

EIkasketa zuzendaritzak ikasle haien artean "informazio orriak" banatzen zituen eta bertan belaontzi ezberdinen deskribapena, izena, helburua, aparailu eta osagarriak azaltzen ziren.

Gainera, "Jarraibide Orokorren" orriak ere banatzen ziren, gai hauei buruzkoak zirenak: a) Irteera aurrekoak; b)Nabigazioa; c) Iritsiera.

Eginkizun interesgarri jakin batzuei buruzko jakintza sakontzeko zazpi norako finkatzea erabaki zen, bakoitza funtzio zehatz batekin, eta ikasle guztiek horietako bakoitzetik pasa behar zuten txandaka.

Hauek ziren "norako" horiek : Nabigazio laguntzailea; Idazkaria; Seinalegilea; Lemazaina; Motorrak; Irratia; Barneko segurtasuna.

El Saltillo flotatu egiten zuen ikasgela bat zen eta bertan nabigatzearen artea ikasi eta praktikatzen zen.

Enpresa horretan ahalik eta etekin handiena lortzeko, irakasleei informazioa eskatu zitzaien irakasgai bakoitzerako goletan egin zitezkeen ariketei buruz. Informazio hari esker "Ariketen zerrenda" egin zen. Ariketa praktiko eta simulakro haiek eskolan ikasten ziren edozein gairen aplikazio izan zitezkeen, hala nola, Astronomia, Nabigazioa, Ozeanografia, Motorrak, Transmisioak, Barneko Segurtasuna...

Errutinazko bidaiak larunbatetan egiten ziren, eskolarik izaten ez zutela aprobetxatuta.

Gauez ere egiten ziren irteerak.

Eskolen amaiera hurbiltzen zenean Saltillon Kantauri itsasoko beste portu batzuetara bidaiatzen zuten. Bidaia haiek hobeto aprobetxatzeko, joaten ziren portuetan ikustaldi hezigarri eta kulturalak ere egiten zituzten.

AIrten aurretik bilera bat egiten zuten eta bertan bidairako egitasmoa azaldu eta eginbeharren banaketa egiten zen. Itzuleran berriz biltzen ziren eta bidaian izandako gertaerei buruz hitz egiten zen eta etorkizunean zuzendu beharrekoak jasotzen ziren.

Lehen aipatutako eginkizunak propio irakaskuntzara bideratutakoak dira. Horiez gain, Saltillo beste erakunde eta zentro batzuei ere eskaintzen zitzaien, esaterako, Getariak lehen zirkumnabigazio bidaia gogoratzeko egiten zituen ekitaldietan parte hartzen zuen goletak. Saltillok Victoria ontziaren papera irudikatzen zuen.

Saltillok eskolari zerbitzua eskaini dion urteetan zehar, mota guztietako eguraldia jasan izan du inongo ezbeharrik pairatu gabe eta ez da ontziarentzat edo tripulazioarentzat zailtasunak sortu diren inongo egoeratan egon. Ez du inork gogoratzen merkrominari inoiz tapoia kendu behar izana eta ezta zauriren batean gainean tiritaren bat erantsi behar izana ere.

 

Irudia

Era berean, oso baliagarria zen. Funtzio bikoitza izateak, belaontzia edo motordun ontzia, ontziak erregulatu zitekeen abiadura eta autonomia izatea esan nahi zuen, eta hori, motordun ontziek dituzten mugak izan gabe. Gainera, ontzi mota horietan, motordunetan, motorrak eta erregaiak leku handia behar dute eta Saltillon, berriz, motorrek popako zoko txiki bat hartzen zuten, eta horrek ahalbidetzen zuen ontzi barruan leku handia erabili ahal izatea bizitzeko edo irakaskuntza edo ikerketako ekipoak instalatzeko. Hori oso garrantzitsua da ontziaren zentimetro bakar bat ere alferrik ez galtzea irrikaz bilatzen denean.

Ontzi honen ezaugarriak probatuak izan dira eta unibertsitateari zerbitzu probetxugarriak eskaintzeko ahalmena du. Era berean, beste helburu batzuetarako ere erabil daiteke; esaterako, hainbesteko itsas tradizioa duen gure Bilboko Portua promozionatu edo ordezkatzeko.

Gaspar Azpiazu
Saltilloko kapitain ohia
MZGEko zuzendari ohia