Eraikina: Bizkaia Aretoa

 

Eraikina Bilboko gune enblematiko batean kokatzen da; "L" formarekin, itsasadarrari eta Guggenheim museoari begira, Abandoibarra etorbidearen erdi-erdian dago, Pedro Arrupe eta Deustuko zubien artean. Eraikitako azalerak 9.000 metro koadro baino gehiago ditu, sei solairutan banatuta. Beheko solairuak 2.300 m² ditu, eta bertan daude 441 pertsonarentzako entzunareto nagusia, Mitxelena, 400 m²-ko atarte zabala, bi bilera gela eta denda eder bat. Lehen, bigarren eta hirugarren solairuek 1000 m² baino zertxobait gehiagoko azalera dute, eta bertan ditugu errektorearen eta Gobernu Kontseiluaren bulegoak, 161 eta 66 pertsonentzako bi biltzar-areto, erakusketak edo beste motatako ekitaldiak burutzeko bost gela ireki eta UPV/EHUko zenbait zerbitzuren bulegoak. Horretaz gain, lehenengoko solairuan bista ikusgarriak eta 400 m²-ko azalera duen terraza bat dauka ere. Eraikinaren lurpeko solairuan aparkaleku bat eta hainbat biltegi daude.

Gaur egun, eraikin hau era guztietako ekitaldi sozial, kultural, akademiko eta zientifikoen egoitza izaten ari da. Horietatik asko UPV/EHUk antolatutakoak izaten dira, baina kopuru nabarmen bat ere kanpoko entitateek burututakoak izaten ari dira. Hau dela eta, Bizkaia Aretoa erreferentziazko egoitza batean bilakatu da Bilbo mailan ekitaldien sektore honetan.

Eraikin enblematiko hau Álvaro Siza arkitektoak diseinatu du, eta lehentasuna eman dio "inguruaren eskala mantentzeari, erlaitz batzuk errespetatuz eta oinezkoaren zerbitzuetarako beheko solairua bultzatuz. Irekia eta barrualdea bistan izanik, beheko solairuak hegal zabalak ditu, eremu pribatua publikoan txertatzeko, eta alderantziz".

Altzairu forjatuko eta hormigoiko egitura mistoa du, eta iparralde eta ekialdeko fatxadek; hots, eraikinaren sarbide nagusiek hainbat leiho errektangeluar dituzte. Liburutegiari, Deustuko zubiari eta Euskadi Plazari begira dauden fatxadak marmol zuriz estali dituzte, eskailerak eta fatxada nagusiaren artisau-azulejoen juntak bezalaxe.

Álvaro Siza Matosinhos-en (Portugal) jaio zen 1933an. 1988an, Europako Mies van der Rohe lehen saria jaso zuen, eta 1992an, berriz, arkitekto onenari emandako 'Pritzker' sari ospetsua. Irakasle izan zen Arte Ederretako Goi Eskolan eta Oportoko Arkitektura Fakultatean, eta irakasle bisitaria izan da, halaber, Lausanne, Pennsylvania, Bogota eta Harvard-en. Zuzendaria da Hagako Shilderseijk Berreskuratzeko Planean eta Lisboako Chiadoa Berreskuratzeko Lanetan. Lana Oporto hirian egiten du, eta American Institute of Arts and Science-ren kidea da, eta Royal Institute of British Architects-en ohorezko kidea. Bere lan nagusien artean, hauek nabarmentzen dira: Da Boa Nova jatetxea (1958), Berlingo Schlesisches tor Housing (1988), Arte Garaikidearen Galiziako Zentroa (1993), Marco de Canaveses-en eliza (1997) eta Serralves Fundazioa (1999).