Ariketa fisiko bizia eta gainbegiratua hobea da osasun kardiobaskularrarentzat neurriz egiten dena baino
Lehenengo argitaratze data: 2013/03/18
American Alliance for Health, Physical Education, Recreation and Dance-k saritu duen ikerketa horretan UPV/EHUko Sara Maldonado Martín doktoreak hartu du parte.
Gloucestershire-ko Unibertsitatearen (Erresuma Batua) eta UPV/EHUren baterako ikerketa batek ondorioztatu du ariketa fisiko bizia egiteak bihotzerako onura gehiago eragiten dituela jarduera horrek bihotzean eragin ditzakeen arriskuak baino. Gainera, medikuek eta espezialistek gainbegiratzen badute ariketa fisiko berezi hori ondo egiten dela, kirolari profesionalen entrenamenduak hobetzen lagun dezakete, bai eta beste kolektibo batzuen osasuna hobetzen ere, hala nola bihotzeko gaixotasunen bat izan ondoren, errehabilitazio-fasean dauden pertsonena.
Ikerketa hori Gloucestershireko Unibertsitateko Fisiologia Laborategiko instalazioetan egin zen, eta UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultadeko Sara Maldonado-Martín (Vitoria-Gasteiz, 1968) ikertzaileaz gain, Erresuma Batuko unibertsitate horretako David James, Steven Munson eta Mark De Ste Croix ikertzaileek ere parte hartu zuten. Azterketa horren azken helburua zen ikertzea zer eragin duten neurrizko ariketak eta ariketa gogorrak bihotz-maiztasunaren aldakortasunean.
Neurrizko ariketak eta ariketa biziak osasun kardiobaskularrean zer eragin duten zehazteko, zer baldintza fisiko zuten aztertzeko probak egin zitzaizkien 16 lasterkariri. Lasterkari horiek 800 metroko sei segida egin behar izan zituzten korrika lasterka egiteko zinta baten gainean, segida bakoitzaren artean hiru minutuko atsedenak eginez. Parte-hartzaileei uneoro kontrolatu zitzaizkien bihotz-maiztasuna eta arteria-presioa, eta ariketa bi intentsitateren arabera programatu ziren: ertaina, lasterkariari bere gehieneko oxigeno-kontsumoaren %75 gastarazten zioten; eta bizia, lasterkariari bere gehieneko oxigeno-kontsumoaren %95 gastarazten zioten.
Proba fisiko horien bidez, zehaztu zen intentsitate handiko proba bukatu eta lehen orduan, lasterkari gehienen sistema autonomo sinpatikoak erantzuten zuela, eta era berean, arteria-presio sistolikoak nabarmen egiten zuela behera. Sistema horrek organismoa esfortzuak egiteko prestatzen du, arnasketa indartu eta bihotz-jarduera bizkortzen baitu, giharretara oxigenoa sar dadin. Ariketa ondoko lehen orduan lortutako emaitzen arabera, intentsitate handiko ariketa kirolarientzat txarra izan daitekeela eman dezakeen arren, denbora-tarte hori igaro ondoren hasten da antzematen zer onura dituen benetan kirol-jarduera bizia egiteak. Une horretatik aurrera, kirolaria azkarrago indarberritzen hasten zen. Probaren aurreko bihotz-maiztasunaren mailak berreskuratzen zituzten ariketa egin eta 24 ordutara, eta 72 ordu geroagora arte mantentzen ziren. Horrez gainera, lehen ordu horretan arteria-presioak behera egiteak jarduera sinpatikoa areagotzea konpentsatzen du, eta hala, bihotza babesteko efektua handitu egiten da.
Hala, intentsitate handiko segidak espezialistek gainbegiratupean egin behar direla azpimarratzen dute azterketa horrek eta beste antzeko batzuek, eta ez errendimendu handiko kirolarien entrenamenduen zati gisa soilik, baizik baita bihotzeko gaixotasunak izan dituzten pertsonak gehiago eta hobeto errehabilitatzeko modu gisa ere.
Ildo horretan, Maldonado-Martínek gizartea kontzientziatzearen alde egiten du, ariketa fisikoa egitean diseinu berritzaileagoak aplikatzeko biztanle mota guztientzat, patologia jakin bat izan edo ez izan. Maldonado-Martínek ariketa fisikoaren eta hipertentsioaren edo minbiziaren arteko harremana lantzen ditu batez ere bere ikerketetan, eta urteak daramatza ariketa fisikoari buruzko programa bat zuzentzen, ariketa fisikoa eginez bihotzeko gaixotasunak dituzten gaixoak errehabilitatzen espezializatutako Gasteizko klinika batean. Halaber, UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko ikasleek ere parte hartzen dute programa horretan.
Saritutako ikerketa
2012ko abenduan argitaratu ziren ikerketa horren emaitzak Research Quarterly for Exercise and Sport aldizkarian. Duela gutxi, American Alliance for Health, Physical Education, Recreation and Dance (Osasunerako, Hezkuntza Fisikorako eta Dantzarako Amerikako Aliantza) aliantzaren sari bat jaso du azterketa horrek idatzizko komunikazio onena izateagatik, eta apirilaren 25ean Charlotte-n (AEB) aurkeztuko da. Artikulu garailea izen honekin argitaratu zuten: Heart rate variability: effect of exercise intensity on postexercise response. (Bihotz-maiztasunaren aldakortasuna: ariketaren intentsitateak zer eragin duen ariketa egin ondoko erantzunean)