Breadcrumb

Albisteak

UPV/EHUk langileei eginiko ezohiko ordainketaren aurrerapena ez da delitu

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/03

Getxoko Lehen Instantzia eta Instrukzioko 4. Epaitegiak babestu egiten du Goirizelaia errektorearen jarduera UPV/EHUko Gobernu Kontseiluko kide baten salaketen aurrean .

"Langileen eskubideen alde eginiko defentsan ez zen deliturik izan", adierazi du irmoki Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Iñaki Goirizelaiak, 2013ko ekaineko nominaren aurrerapen bat 2012ko abenduan egiteagatik izan zitezkeen erantzukizunetatik salbuesten duen epailearen autoa jakitean.

Getxoko Lehen Instantzia eta Instrukzioko 4. Epaitegiak emaniko ebazpena, laburra izanik ere, argia eta garbia da arlo horretan. "Ez da lege hausterik egiaztatu", dio ebazpenak. Ondoren, auzibide agirietan dagoen dokumentazioa eta inputatuaren adierazpenak azterturik, zera ondorioztatzen dela baieztatzen du: "ez dagoela elementurik zehazteko, zantzuen bidez izanik ere, Goirizelaia jaunak inolako deliturik egin duenik."

Aldez aurreko diligentziak, balizko delitua egon den egiaztatzeko, unibertsitateko Gobernu Kontseilu kide batek jarritako salaketaren ondorioz izan ziren. Kide honek "administrazio publikoaren kontrako delitua" leporatzen zion errektoreari. Edozein modutan, Epaitegiak, errektorearen defentsak jarritako errekurtso baten ondoren, kaltetu eta akusazio partikularreko izaera ukatu zion pertsona horri.

Komunikabideetako oihartzun handiz, Getxoko justizia jauregian bi agerraldi egin ondoren, uztailean eta azaroan, azken honetan bakarrik deklaratu zuen Errektoreak, eta antzeko salaketa jasoa zuen Fiskaltzak diligentziak hasi gabe.

Unibertsitateko talde askok, hainbat sindikatutatik hasita -salaketa jarri zuen pertsonaren sindikatutik apartekoak-, unibertsitateko ikastegi askotako dekano eta zuzendariengana, talde ugarik adierazi diote zenbaitetan publikoki beren elkartasuna errektoreari. "Gure errektoreari eginiko salaketa" zioen dekano eta zuzendarien agiriak, "gu guztion kontrako salaketa dela uste dugu".

Errektoreak aukera eman zien hala nahi zuten unibertsitateko langileei 2013ko ezohiko ordainsariaren aurrerapena jaso zezaten 2012ko abenduan, eta horrela Estatuko Gobernuak 2012ko ezohiko ordainsaria ezabatu ondoren sorturiko ondorioak gutxitu ahal zitzaten. Gobernu Kontseilu kide batek neurri hori delitutzat hartu zuen.

Unibertsitateak gaur ezagutzera eman duen epailearen autoaren aurrean bere poza adierazi du Iñaki Goirizelaia errektoreak. "Ziur nengoen moralki ondo jokatu izana, banuen ere unibertsitateko zerbitzu juridikoen informazio fidagarria, baita unibertsitateko talde eta kargu akademiko askoren elkartasuna ere. Baina orain, gainera, justiziaren adierazpen sendoa dut ez dudala deliturik egin langileek beren ordainsarien aurrerapena jasotzeko duten eskubidea errazteagatik. Honek guztiak poz handia ematen dit errektore moduan eta instituzioarentzat oso positiboa dela uste dut. Baina maila pertsonalean ere zera adierazi nahi dut, jokabide bat zegoen jokoan, gauzak egiteko modu bat, dezentziaren uste bat, eta baita diru publikoen erabilerari buruzko ardura ere. Horiek guztiak jarri ziren jokoan eta orain justiziak, hain zuzen, gauza guztiak eta pertsona bakoitza bere tokian jarri ditu".