Breadcrumb

Albisteak

Mikropartikulak koleraren aurkako txerto gisa

Lehenengo argitaratze data: 2013/09/25

Irudia

UPV/EHUko ikertzaile baten lanari esker, hotz katerik behar ez duen koleraren aurkako txerto bat garatzeko bidea ireki da.

Joan den ekainean Marta Pastorrek defendatutako nazioarteko doktorego tesiak, 'Gastro-resistant microparticles as an oral cholera vaccine approach' izenburua duenak, erakutsi du mikrokapsularatutako txertoa kolera inaktibatua bezain eraginkorra dela, erraz dosifikatu eta manipula daitekeen hautsa izatearen abantailarekin, eta, gainera, txertoa garraiatzea eta banatzea horrenbeste garestitzen duen hotz katea saihestu egingo litzatekeela.

Azken hamarkadetan antigenoak mikrokapsularatzea txertoak eraginkorragoak izateko aukera bihurtu da. Antigeno bat mikropartikula baten barruan sartuz gero, antigenoak modu desberdinean jokatuko du antigeno disolbagarriarekin alderatuta, eta sistema immunearekin modu eraginkorragoan arituko da elkarrekintzan. Txertoaren mikrokapsularatzea "spray drying" edo atomizazio bidezko lehortze teknikaren bitartez egin zen. Polimero gastro-erresistenteak erabili ziren; izan ere, pH mendeko disoluzioa dela-eta, botika urdaileko azidoetatik babestu egiten da, eta, aldi berean, edukia duodenoan askatzeko gai da, hain zuzen ere, defendatzen denez, koleraren aurkako erantzun immunea sortzen den tokian.

Lan honetan prestatutako mikropartikulek erakutsi dute kolera inaktibatua bezain eraginkorrak direla; horrez gain, mihipeko konprimituak, kapsulak edo aho bidezko suspentsioak prestatzeko erraz dosifikatu eta manipula daitekeen hautsa izatearen abantaila ere badute. Halaber, urtebete 25º C-ko tenperaturan egon eta gero antigenizitate eta gastro-erresistentzia ezaugarriei eusten dietenez, posible izango litzateke txertoaren garraioa eta banaketa horrenbeste garestitzen dituen hotz katea saihestea.

Hain justu ere, lan horixe jorratu da 'Gastro-resistant microparticles as an oral cholera vaccine approach', izenburua duen nazioarteko doktorego tesian, ekainaren 5ean Marta Pastor (Iruñea, 1984) doktoregaiak defendatu zuena. Tesia UPV/EHUko Farmazia Fakultatean egin du, Farmazia eta Farmazia Teknologia arloan, eta José Luis Pedraz katedraduna eta Amaia Esquisabel doktorea aritu dira zuzendari lanetan. Tesia egin duen bitartean, doktoregaiak zazpi hilabeteko egonaldia egin du Alemaniako Institut Pharmazie und Molekulare Biotechnologie (IPMB) zentroan, Heidelbergeko Unibertsitatean, Isolde Reimold doktoreak eta Gert Fricker katedradunak gainbegiratuta. Une honetan, Marta Pastorrek NanoBioCel taldearekin lanean jarraitzen du, ikertzaile kontratatu gisa.

Nazioarteko lankidetza
Farmazia eta Farmazia Teknologia saileko laborategiko NanoBioCel taldea eta Kubako Finlay Institutua lankidetzan aritu dira, eta esfortzua eta jakintza uztartu dituzte koleraren aurkako txerto inaktibatu bat garatzeko (egokia, hortaz, paziente immunodeprimituentzat, haurdun dauden emakumeentzat eta haurrentzat), mikrokapsularatzearen bitartez. Lankidetza estu horri esker, jakintza trukatu dute bai maila mikrobiologikoan, bai farmazia teknologiaren arloan, eta horrek dagoeneko argitaratutako lau artikulu eta ebaluazio lanetan dagoen bosgarren bat ekarri du, denak, betiere, nazioarteko aldizkarietan plazaratutakoak JCR-ren lehenengo kuartilaren barruan.

Vibrio cholerae delakoa XIX. mendetik ezagutzen den arren, gaur egun oraindik hiru eta bost milioi pertsona artean infektatu eta urtean 100.000 eta 120.000 heriotza inguru eragin ditzakeela kalkulatzen da. Koleraren efektua are suntsitzaileagoa da osasun azpiegitura urriak dituzten eremuetan, hondamendi naturalak gertatu ondoren (esaterako Haitiko lurrikara) edo gerra gatazketan.

Gaur egun koleraren aurkako zenbait txerto daude, baina Vietnamek baino ez ditu herritarrei txertoa jartzeko kanpainak egiten. Existitzen diren txertoak eraginkorrak direla frogatuta dago. Alabaina, prezioa nabarmen merkatuko litzateke hotz katea saihestea posible izango balitz eta, gainera, txerto horiei esker, gaixotasun honen kontrako borroka eskuragarriago izango genuke.