Dohaintza-denbora, etxeko lana eta zaintza aztertzeko tresna gisa
Lehenengo argitaratze data: 2013/03/07
Denbora-banaketa aztertzeko metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa uztartzen ditu Matxalen Legarreta UPV/EHUko ikertzailearen proposamenak.
Generoaren arabera denbora-banaketan dagoen bereizketa aztertu du Matxalen Legarreta UPV/EHUko soziologoak. Orain arte erabiltzen diren tresnek ikuspegi kamutsa ematen dutelakoan, dohaintza-denbora erabiltzea proposatzen du etxeko lana eta zaintza aztertzeko, metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa uztartzen baititu, eta, beraz, ikuspegi osoagoa izateko aukera ematen baitu.
Matxalen Legarreta soziologoak urteak daramatza etxeko lanaren eta zaintzaren ingurukoak aztertzen. Izan ere, kezkagarria iruditzen zaio denbora-aurrekontuen inkestek oraindik ere halako aldea erakustea merkatuko lanaren, eta, batez ere, etxeko lanaren eta zaintzaren denbora-banaketan, gizonezkoa ala emakumezkoa izan. "Hain zuzen, biak kontuan hartuta, emakumeek ordubete gehiago egiten dute lan gizonek baino, eta ordubete gutxiago dute aisialdirako eta gizarte bizitzarako", zehaztu du Legarretak.
Denbora-banaketa horren atzean dauden faktoreak eta arrazoiak aztertzera bideratu ditu bere ikerketak eta doktore-tesia, eta garbi ikusi du etxeko lanek eta zaintzak ezaugarri bereziak dituztela. "Batez ere emakumeek egiten dituzte, aitortza sozial zein akademiko eskasa dute, harremanetan oinarritzen dira, kutsu afektiboa eta morala dute (sakrifizioa, erruduntasuna, betebeharra, maitasuna...), elkarrekikotasun-printzipioan oinarritzen dira, genero-ikasketa berezituaren arabera banatzen dira eta botere-harreman asimetrikoek zeharkatzen dituzte", azaldu du.
Alabaina, denbora-aurrekontuen inkestek egiten duten bezala denbora ordutan eta minututan bakarrik neurtuz gero, alderdi kualitatibo horiek guztiak baztertu egiten dira. Horregatik, irakurketa kritikoa egin behar dela iritzi dio Legarretak. "Denbora-aurrekontuen inkestek alderdi batzuk azaleratzeko balio badute ere, oso mugatuak dira. Adibidez, EUSTATek egiten dituen inkestetan aldiberekotasuna neurtzen dute, baina gero ez dute aintzat hartzen. Izan ere, askotan, etxeko lana eta zaintza aldi berean egiten dira, eta hor faktore askok parte hartzen dute (zeri ematen zaion lehentasuna, zer jotzen da garrantzitsutzat eta zer ez...), baina, berez, bi lan dira. Bada, aldi berean egiten den lan hori behar bezala neurtuz gero, hirukoiztu egiten da etxeko lani eta zaintzari eskainitako denbora".
Nolanahi ere, Legarreta ez da hor geratu, eta pauso bat harago joan da.
Hala, denboraren dimentsio guztiak hartu nahi izan ditu aintzat Legarretak: "Nire tesi- zuzendariak, Ramón Ramosek dioenez, denbora lau eratara har daiteke: baliabidetzat, hau da, agortzen den zerbait balitz bezala; eszenatoki moduan, non denbora emana datorren, ordutegiek eta egutegiek markatuta; zerumuga gisa, zeinetan denbora ez den eskuragarria eta aldakorra den; eta, azkenik dago denbora gorpuztua. Azken horretan gizakia denbora da, eta bere baitan biltzen ditu bizi-aroak, emakumearen ugaltze-zikloak...".
Dohaintza-denbora azterketarako tresnatzat
Hala, denboraren dimentsio horiek eta zeharkatzen dituzten faktore materialak, moralak eta politikoak kontuan hartuta, denbora-banaketa aztertzeko tresna bat proposatu du Legarretak: dohaintza denbora.
Horretara iristeko, Marcel Mauss antropologoaren lana ere izan du kontuan Legarretak. "Maussentzat, dohaintzak esan nahi du eman, jaso eta itzuli egiten dela". Auzolana litzateke dohaintzaren gertuko adibide bat.
Horrela ulertuta, denboraren ikuskera ez da lineala, baizik eta zirkularra.
"Adibidez, pertsona batek, txikitan, bere gurasoengandik jaso dezake; gero, heldutan, berak emango die gurasoei eta seme-alabei, eta adinean aurrera egindakoan seme-alabengandik jasoko duen itxaropena izango du, nahiz eta gaur egun hori ez dagoen hain garbi". Kezka hori zabalduta dago gizartean eta horrek agerian uzten du dohaintza-denbora berez badagoela eta bere arauak dituela. Hain justu, arauak betetzen ez direnean sortzen dira hutsunea eta kezka.
Horrenbestez, dohaintza-denbora etxeko lana eta zaintza aztertzeko tresna egokia delakoan dago Legarreta: "Dohaintza-denbora dimentsio anitzekoa, plurala, ez-hierarkikoa eta gorpuztua da, eta uste dut baliagarria dela mitoak deseraikitzeko eta etxeko esparruaren dinamiken konplexutasuna azaleratzeko". Izan ere, mitoak kontrakoa dioen arren, "etxeko lana eta zaintza ez dira beti maitasunez egiten, ez dira emakumeentzako aproposak, eta ez dute zertan gertukoei eskainitako lana izan".
Datu gehiago
Matxalen Legarreta (Igorre, 1977), irakasle atxikia da UPV/EHUko Soziologia 2. Sailean. "El tiempo donado en el ámbito doméstico-familiar. Estudio sobre el trabajo doméstico y los cuidados" izeneko tesia egin du, Cristina Garcia Sainz, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasle titularraren eta Ramón Ramos Torre, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko katedradunaren zuzendaritzapean, eta gaiarekin lotutako hainbat liburu eta artikuluren egilea da.