Breadcrumb

Agenda

"Bitartekoen gaineko pertzepzioak eragin handiagoa dauka emaitzaren gaineko pertzepzioak baino"

Lehenengo argitaratze data: 2013/06/07

Irudia

Unibertsitatearen irudiari buruzko tesia.

Maiatzaren 31n, Vitoria-Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako irakaslea den Amaia Lafuentek bere doktorego-tesia defendatu zuen. Tesiaren izenburua honakoa da: 'La imagen de la Universidad. Un modelo de imagen global y las perspectivas de los grupos de interés'. Tesia Pilar Zorrillak eta Javier Forcadak zuzendu dute. Ikerketaren emaitza modura, ikusi du bere tesia egiteko aintzat hartutako dimentsio edo alderdietako hiruk eragin nabarmena daukatela unibertsitate baten irudi globala eratzerakoan, gizartearen ikuspegitik. Hain zuzen ere, eragin-maila handiagotik txikiagora aipatuta, hiru alderdi horiek honakoak dira: irudi afektiboa (pertsonek unibertsitate bati egozten dizkioten giza ezaugarriak bezala ulertuta, adibidez, atsegina edo desatsegina den), irakaskuntza-baliabideen gaineko pertzepzioa eta ikasleen gaikuntzari buruzko pertzepzioa. Bestalde, aztertutako beste hiru dimentsioek daukaten eragina ez da esanguratsua. Hau da, irakaskuntza-eskaintzak, kostuak eta ikerketa-baliabideek ez dute modu aipagarrian eragiten irudian.

Unibertsitateen irudiaren konfigurazioaren ezagutzan aurrera egiteko xedearekin, talde desberdinen ikuspegia hartuko zuen planteamenduarekin, Amaia Lafuente irakasleak hiru helburu definitu zituen bere ikerketan. Lehenengoaren xedea zen unibertsitate baten irudi globalaren eraketa azaltzeko gai izango den neurketa-eredua garatu eta baliozkotzea.

Bigarrenak zehaztu nahi zuen unibertsitate baten irudi globalaren eraketan diferentzia nabariak dauden edo ez, honen arabera: hartutako ikuspegia gizartearena izatea edo ikuspegi hori lanean aintzat hartu diren beste lau interes-taldeetako bakoitzarena izatea: ikasle potentzialak, gaur egungo ikasleak, tituludunak eta enpresak. Hirugarrena, batetik, unibertsitate baten irudi globalaren eraketaren gainean eragina duten eta aintzat hartutako interes-talde guztiek edo batzuek konpartitzen dituzten alderdiak identifikatzea, eta, bestetik, interes-talde bakoitzaren alderdi espezifikoak direnak identifikatzea.

Azterketa teorikoaren ikuspuntutik, ondorioztatu da pertsonek irudiari erantzuten diotela, eta ez nahitaez errealitateari. Beraz, Lafuentek azaldu duenez, "erakundearen kontrolpean dagoen nortasun korporatiboa kudeatuta, pertzepzioetatik abiatuta interes-taldeetan eta pertsonen buruan sortzen diren ospearen eta irudiaren gainean esku hartu daiteke". Horrela, irudiak garrantzi handia dauka, hainbat arlotan: ikasle potentzialek matrikulatzeko erabakia hartzea; egungo eta lehengo ikasleek unibertsitatea gomendatzea; enpresek unibertsitate bateko tituludunak kontratatzea; eta gizarteak, bere osotasunean, erakunde publikoek unibertsitatearekin lotuta hartu dituzten neurriekiko adostasuna adieraztea eta/edo neurriak eskatzea.

Ikerketa enpirikoaren ondorioei dagokienez, tesian bi alderdi nabarmentzen dira, irudiaren gainean eragin garrantzitsua daukaten alderdiekin lotuta. Lehenengoa: osagai afektiboak garrantzi handiagoa dauka irudiaren eraketan, alderdi kognitiboek baino. Bigarrena: irakaskuntza-bitartekoekin lotutako dimentsioaren garrantzia. Izan ere, dimentsio horrek eragin handiagoa dauka unibertsitate baten irudia eratzerakoan, tituludunen gaikuntzak berak baino; gaikuntza bitarteko horiek aplikatzetik eratorritako irakaskuntza-zerbitzuaren emaitza da. Hau da, "bitartekoen gaineko pertzepzioak eragin handiagoa dauka irudiaren eraketan, emaitzaren gaineko pertzepzioak baino", azaldu du Amaia Lafuentek. Horrez gain, unibertsitate baten irakaskuntza-eskaintzaren aukera zabalari, kostuaren egokitasunari eta ikerketa-baliabideen hornidurari buruzko pertzepzioak ez dira garrantzitsuak irudia eratzerakoan, gizartearen ikuspegitik".

Azaldutako aurkikuntzak, gizartearen ikuspegitik unibertsitate baten irudia eratzeari dagokionez, balio handiko ekarpena dira marketin-literaturarako, lan gutxik sakondu dutelako irudian eragiten duten dimentsioen gainean, talde horren ikuspegia hartuta. Unibertsitate-kudeatzaileei ere lagundu egiten die, zein alderdiren gainean jardun behar duten jakiteko, herritarren artean irudi ona eduki nahi badute.

Gomendio batzuk
Unibertsitateen nortasun korporatiboa eratu beharko luketen ezaugarriak zehazteari dagokionez, Vitoria-Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako irakaslearen iritziz, "interes-talde bakoitzaren ikuspegitik irudia eratzeari buruz esanguratsuak izan diren alderdiek gomendatzen dute nortasun zentral bat definitzeko, baina, horrez gain, baita nortasun anitzen multzo bat ere, horietako batzuk konpartituak direla kontuan hartuta". Zentzu horretan, nortasun zentralari dagokionez, emozioekin lotutako alderdiak jaso egin behar dira.

Bestalde, Amaia Lafuentek hau gomendatzen du: "ikerketan aintzat hartu diren talde guztien ikuspegietatik irudia eratzeko garrantzitsuak ez badira ere, nortasun zentralaren zati izan beharko lirateke tituludunen gaikuntzarekin eta ikerketa-baliabideekin lotutako alderdiak", unibertsitatearen oinarrizko funtzioekin daukaten lotura dela-eta. Ez da ahaztu behar gehien ikusten diren alderdiei buruzko xehetasunak behar bezala zaintzeak (instalazioak, ekipamenduak edota baina irakasleak ere) lagundu egin dezakeela irakaskuntza-zerbitzuarekin lotutako pertzepzioak hobetzen.

Zalantzarik gabe, tesi honen ondorioak erronka dira unibertsitateentzat, unibertsitate askok ahalegin handia egiten dutelako ikerketaren arloan aurrera egin eta gailentzeko (nabarmentzekoagoa Unibertsitate Publikoan). Gainera, kontuan hartu behar da, unibertsitatearen funtzioetako bat izanda, alderdi hori zaindu egin beharko litzatekeela. "Komenigarria da unibertsitateek gogoeta egitea etorkizunera begira gara behar dituzten eta/edo gara ditzaketen estrategien gainean, alderdi horretan euren publikoekin identifikatu den etena txikitu nahi badute. Are gehiago, kontuan hartuta irakasleek eurek abantaila gehiago jasotzen dituztela euren lanaldiaren zati handiagoa ikerketarako erabilita, irakaskuntzarako erabili beharrean; izan ere, gaur egungo unibertsitate-testuinguruan, hori erabakigarria da Unibertsitatean karrera egiteko eta aintzatespena lortzeko", gomendatu du. Azkenik, Unibertsitatearen kostuari dagokionez, gogorarazi du emaitzek adierazten dutela gaur egungo ikasleen artean irudia hondatu egiten dela, nabaritzen denean matrikularen prezioak arrazoizkoak direla eta unibertsitateak jasotzen duen finantzaketa publikoa nahikoa dela. Beraz, "erakunde publikoek ahalegina egin beharko lukete helarazteko irakaskuntza-zerbitzuaren balioak ez daukala zerikusirik erabiltzaileak bere gain hartzen duen kostu-zatiarekin, eta ikusarazteko jasotzen dituzten baliabideak erantzukizunez aplikatzen dituztela", esan du, amaitzeko.

Lan honetan egin den ikerketa enpirikoa unibertsitate bateko campus batera mugatu da (Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusera), eta, beraz, baliteke emaitzak partzialak izatea eta erakunde horren egoera partikularrak emaitza horiek baldintzatzea.Horregatik, interesgarria izango litzateke etorkizuneko ikerketek espektro hori erakunde askotara zabaltzea, unibertsitateko ikasle eta irakasleen nazioarteko mugikortasunak gora egin duelako azken urteetan.