euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Julián Estévez Sanz

‘Low cost’ gerra: nola erabiltzen ari den Ukraina droneak Errusiaren kontra

Ingeniaritza Mekanikoko Saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/23

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

“Badaukazue dronerik? Eman iezaiozue pilotu eskarmentudun bati! Badakizu zuk zeuk pilotatzen? Orduan, sar zaitez Kieveko Brigada Bereziko 112 Unitatean!”.

Hitz horiekin, otsailaren 24an, Ukrainako Defentsako ministroak armak hartzeko dei egin zien herritarrei Facebookeko mezu baten bidez. Edozeinek Interneteko denda askotan eta supermerkatuetan eros ditzakeen drone horiei buruz ari zen. Ukrainarrak eraso azkarreko eta ustekabeko gerrillen gerra baterako prestatzen ari ziren 100 euro inguru balio duten “armekin”. Are aldameneko zenbait herrialde ere halako gailuak ematen ari dira inolako gobernuren bitartekaritzarik gabe. Eta funtzionatzen dute.

Ez da Ukrainak errusiarren aurka teknologia hori erabili duen lehen aldia azken urteetan, eta arrakasta eduki izan du. Hasierako Donbasseko gatazkaz geroztik, pilotuek aise pilotatzen eta manipulatzen zituzten gailu horiek tropa etsaiei kalte txikiak eragiteko. Oso txikiak direnez, gainera, zaila da defendatzea.

Gaur egun, Zelenskiren armada bonba txikiak jaurtitzeko, konboiak sabotatzeko, mugak defendatzeko eta ingurua esploratzeko erabiltzen ari da droneak. Beldurraren jokoan, ukrainarrak ezaugarri horiek dituen hegal finkoko drone txiki bat garatu dute, eta ‘The Punisher’ (zigortzailea) izena jarri diote.

Gainera, teknologia hori lagungarria izaten ari da propagandarako eta gatazkaren kontakizunaren gerran; izan ere, halako pilotu gehienak YouTubera eta Twitterrera bideoak (benetakoak eta gezurretakoak) igotzen ari dira etengabe, eta etsaiak nahasten eta zerutik ehunka begi begira dituztela frogatzen saiatzen ari dira.

Gerra egiteko beste modu berri bat

Alabaina, dena ez da hain positiboa ukrainarrentzat. Teknologia horrek orain arte zeharo pentsaezinak ziren gerra agertokiak planteatzen ditu. Mota horretako aireontzien ekoizle nagusietako bat DJI enpresa txinatarra da, eta hark, GPS bidez, bikain geolokalizatu dezake une oro eskarmenturik gabeko edozein pilotu.

Agian, enpresak bere produktuak gatazka honetan erabiltzen direlako jaso dezakeen publizitate txarra ikusita, DJIk erabaki dezake drone horien lurralde ukrainarrean hegan egiteko gaitasuna desgaitzea. Edo, agian, hain zuzen ere posizio horiek ezagutzea eta asmo txarrez erabiltzea interesatuko zaio.

Ez dira horiek gaur egun Ukraina zerutik zeharkatzen ari diren jostailu garesti bakarrak; aitzitik, bada arma askoz ere handiago bat: TB2 Baykraktar drone turkiar beldurgarriak. Gatazka hasi zenetik, Zelenskiren herrialdeak esan du drone horiekin eraso asko egin dituztela, arrakastaz egin ere, tartean, kamioi eta tanke konboiei eraso egin dietela.

Aireontzi horiek gatazka beliko ugaritan parte hartu dute, eta izugarrizko abantaila eman diote alde erasotzaileari. Errusiak Armenia defentsa bakunez bakarrik hornitu bazuen ere, droneek horiek suntsitu egin zituzten Karabakh Garaiko orain dela gutxiko gatazkan. Beraz, Ukraina, bitan pentsatu gabe, halako arma gehiago eskuratzen ari da. Une honetan hogei bat ditu.

Irrati kontroleko drone xumeak ez bezala, arma horrek askoz ere gorago hegan egiten du eta ia modu ikusezinean, eta bonba askoz ere boteretsuagoak jaurtitzeko gaitasuna du. Hain zuzen ere, sare sozialetan badabil abesti ukrainar bat drone horiek egindako erasoen irudiekin eta “Baykraktar” oihukatzen dela.

Itxuraz, drone turkiar horiek ematen ari diren abantaila ez da beste gatazka batzuetan ikusitakoa. Aireontzi horiek motelak eta astunak dira eta gizaki batek kontrolatzen ditu eta, garrantzitsuena, bakoitzak milioi bat dolar inguru balio du –oso prezio txikia beste arma batzuen aldean–. Hori dela eta, ez dira garaiezinak arma antiaereo oso sofistikatuentzat,Vladimir Putinen armadak dituenentzat.

Nolanahi ere, erasoak zerutik egiten jarraitzeak erakusten du ingurune hori oraindik ere ez duela menderatu ez armada batek, ez besteak, eta drone astun horiek, irrati kontroleko gailu txikiekin batera, agian, errusiarrek aurrera egitea geldiarazten ari direla hein batean.

Zalantzarik gabe, jakin beharko genuke gerraren artea eta ekonomia aldatzen ari direla. Lehen TikTok gerraren aurrean gaude, eta informazio ugari dugu, benetakoa eta gezurretakoa, eta eraso asko gure begiradatik kanpo gertatzen dira, eraso zibernetikoen bidez. Horrek guztiak eta droneak eta robotak gero eta gehiago erabiltzeak hausnarketa batera eramango gaituzte, agian: nahi edo ez etorkizuneko gerra automatizatu eta low costetara zuzentzen ari gara, eta horietan askoz ere errazagoa da kakoa sakatzea.