euskaraespañol

Redes sociales campusa

"Zientzia dibulgazioa. Kazetariak ala zientzialariak?", Peter Bowler historialariaren hitzaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2014/04/08 Noiz arte: 2015/01/22

Kokapena

Kutxa Andia
Andia sn. -20004- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Asteartean, apirilaren 8an, 19:00etatik aurrera, Kutxaren ekitaldi aretoan (Andia kalea, Donostia) Peter J. Bowler zientziaren historialaria pasa den mende hasierako zientzia dibulgazioaren profesionalizazio prozesuaz mintzatuko da Zientzia dibulgazioa. Kazetariak ala zientzialariak? hizketaldian. Bestalde, prozesu horrek zientzialari eta kazetarien artean sortu zituen tirabirez ere hitz egingo du. Abiapuntu bezala argitaratu duen azken lanetako bat hartuko du, Science for All. The Popularization of Science in Early Twentieth-Century Britain, hain zuzen. Hitzaldia ingelesez emango da, eta aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da, gaztelaniaz eta euskaraz.

Peter J. Bowler zientziaren historialaria da, Cambridge eta Sussex-eko (Erresuma Batua) unibertsitateetan ikasitakoa, bai eta Torontoko Unibertsitateko doktorea ere. Gaur egun, irakasle emeritua da Zientziaren Historiaren arloan, Queen´s University Belfast unibertsitatean. Aldi berean, Zientziaren Aurrerapenerako Ameriketako Elkarteko kide hautatua da, Zientzien Historiaren Nazioarteko Akademiako kide urgazlea, eta 2004tik 2006ra, Zientziaren Historiaren Elkarte Britainiarreko presidente lanetan aritu zen.

Peter Bowler biologiaren historian aditua da; zehazki esanda, darwinismoaren, ingurumen zientzien eta genetikaren historian. Zenbait libururen egilea da eta hainbat idatzi argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan. Bowlerren Evolution: history of an idea lana erreferentziazko liburua da eboluzioaren teoriaren historiaren arloan. Egun abian dituen ikerketa-lanetan, XX. mende hasierako herri zientzia-literatura britainiarra du aztergai, bereziki zientzialari profesionalek zeregin horretan izan zuten esku-hartzeari erreparatuta. Zientzialari viktoriarrek zientzia jendeari ezagutarazteko egin zituzten ahaleginak ditu jomugan.