euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Puntako zientzialarien eta B.H.ko 250 ikasleren arteko topaketa arrakastatsua, Donostian

Jarduera Donostia International Physics Center-DIPCek antolatu du

Lehenengo argitaratze data: 2014/12/16

top@DIPC - Zientziarekin solasean! topaketa, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan egin da. Albert Fert -Fisikako Nobel sariduna- eta Elena Cattaneo-Medikuntzako Sariaren eta Italiako errepublikako urrezko dominaren jabe- izan dituzte solaskide DBHko hainbat ikaslek eta irakaslek. Zientziaz, ikerketaz eta bi gai horiekiko duten grinaz jardun dira topaketan izan diren zientzialariak, eta ikasleen galderei ere erantzun diete. Orotara, 48 ikastetxek hartu dute parte ekitaldian -horietatik, 42 Gipuzkoak, hiru Bizkaikoak eta beste hiru Arabakoak-; ikasleak, berriz, 194 izan dira, eta irakasleak, 49. Giro atseginean jardun dira elkarrekin ikasleak eta zientzialariak, bai eta umoretsu ere zenbait unetan. Eskerrak eman dizkiete antolatzaileei batzuek zein besteek, gai horiei buruz aritzeko horrelako aukera eskaintzeagatik.

UPV/EHUko katedradun eta DIPCko lehendakari den Pedro Migel Etxenike aritu da moderatzaile-lanetan, eta hau adierazi die ikasle eta irakasleei amaiera-ekitaldian: "Abentura intelektual bat da zientzia, eta grinatsuki ekin behar zaio; aurrera egin ahala, galdera batzuei erantzuten die, baina, aldi berean, beste batzuk sortzen ditu". Albert Fertek, berriz, "zientzia, ororen gainetik, sormena" dela gogorarazi du; Elena Cattaneok, azkenik, "etorkizuna zuen esku dago; zuek zer erabaki, hura izango da geroa" esan du. "Ikusten duzuenez, pertsona normal-normalak dira zientzialariak. Lana eginez eta ilusioz jardunez, haiek bezalakoak izatera iritsi zaitezkete", adierazi die Etxenikek ekitaldira bildu diren ikasleei.

Berrikuntza bat ere izan du VI. Topaketak: sari bana eman die Telefónicak galderarik burutsuena, sortzaileena eta originalena egin duten ikasleei. Hona hemen elektrizitate-kontsumoa: Leire Akizu, Urretxuko JM Iparragirre institutukoa ("Zein da zure buruari egiten diozun eta oraindik erantzutea lortu ez duzun galdera?); Ander Congil, Tolosako Laskorain ikastolakoa ("Zure ustez, egokiro tratatzen al dira fisikako kontzeptu errealak fisikarekin zerikusia duten telesailetan?", eta Sara Beroiz, Zarauzko Oteiza Institutu Politeknikokoa  "Zure ustez, gizakion oroitzapenak pantaila batean jasotzeko aukerarik emango al dute teknologia aurreratuek etorkizunean?".

Zientziaren garrantzia eta edertasuna hedatzea du xede nagusi top@DIPC - Zientziarekin solasean! topaketak, eta zientzia eta ikerketarekiko zaletasuna sustatzea. Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolatzen du, UPV/EHUko Nazioarteko Bikaintasun Campusaren barruan (Euskampus). Bi topaketa izan ditu VI. aldi honek: Donostian egin dena, eta Bilbon egin zena.