Konputazio kuantikoaren gazte promesak Donostian
Noiz eta non
Noiztik: 2016/07/11 Noiz arte: 2016/07/14
Deskribapena
- DIPC eta Optika Kuantikoko Max Planck Institutuak elkarlanean «DIPC School» bat antolatu dute zientzialari gazteei formakuntza espezializatua eskaintzeko.
- Antolatzaileen artean Juan Ignacio Cirac Asturiasgo Printzea Saria nabarmentzen da, aditua konputazio kuantikoan mundu mailan.
- DIPCk hamar nazioarteko biltzar eta hiru «DIPC School» programatu ditu hurrengo hilabeteetan Donostian.
Uztailaren 11tik 14ra bitartean Miramar Jauregian "Nanotechnology meets Quantum Information (NanoQI)" nazioarteko ikerlari gazteei zuzendutako uda eskola ospatzen ari dira. Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Optika Kuantikoko Max Planck Institutuak (MPQ) antolatu dute eskola, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV) uda ikastaroen programazioaren baitan.
NanoQI, duela urtebete exkax DIPC eta MPQ ikerketa zentroek sinatu zuten kolaborazio hitzarmenaren fruitua da. Geza Giedke-k, DIPCko Ikerbasque Irakasle ikerlariak, eta Juan Ignacio Cirac-ek, MPQko zuzendari eta Ikerketa Zientifikoko Asturiasko Printzea Sariak, antolatu dute ikastaroa zientzialari gazteei formazio espezializatua eskaintzeko. «DIPC School» honek 160 hautagaien artean 85 nazioarteko zientzialari gazte bilduko ditu denera. Eskolan, nanoteknologia eta konputazio kuantikoak bat egiten duten oinarrizko ikerketa izango dute hizpide. Konputazio kuantikoa goraka ari den ikerketa alor zientifikoa da, hurrengo hamarkadetan informatikan erreboluzioa eragin dezakeena.
Duela gutxi, Europar Batasunak mila milioiko inbertsioa iragarri zuen hurrengo urteetan teknologia kuantikoen garapenean. Erabaki honek Europar Batasunaren "flagship" izenekoen artean kokatu ditu teknologia kuantikoak, grafenoaren eta burmuinaren ikerketaren parean, ikerketa lerro nagusien artean. Giedke irakaslearen hitzetan "jakintza adarren arteko erronka zientifiko izugarria da hau". DIPCk abangoardian kokatzeko apustua egin zuen duela bi urte, informazio kuantikoaren ikerketara zuzendutako lerro berri bat zabalduz.
Hilabete hauetan zehar, nazioarteko komunitate zientifikoari zuzendutako egitarau osoa programatu du DIPCk Donostian. Ekaina eta urria bitartean, hamar nazioarteko kongresu antolatu dira materialen zientziaren alorrean, eta hiru «DIPC School» zientzialari gazteei formazio espezializatua eskaintzeko. Aktibitateen gehiengoa Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) uda ikastaroen baitan kokatzen da.
