euskaraespañol

Redes sociales campusa

Verónica Benedet: «Arkitektura gehiena ‘erabiltzaile estandar’ batentzat diseinatu da, baina ez da neutroa»

'Promotoras de Arquitectura. Mujeres, poder y paisajes urbanos' liburuaren editoreak emakumeek arkitekturan izan duten ikusezintasun historikoa aztertzen du, eta kontakizuna berrikusteko beharra planteatzen du, hiriaren eraikuntzan izan duten rola aitortzeko

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/03/05

Verónica Benedet, Promotoras de Arquitectura. Mujeres, poder y paisajes urbanos lanaren editorea
Verónica Benedet, Promotoras de Arquitectura. Mujeres, poder y paisajes urbanos lanaren editorea

Mendetan zehar, emakumeek proiektu arkitektonikoak sustatu, finantzatu eta kudeatu izan dituzte, baina haien aztarna ia ez da agertzen kontakizun ofizialetan. Martxoaren 8a dela eta, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako Promotoras de Arquitectura liburuari buruz hitz egin dugu Verónica Benedetekin. Lan horrek ondare hori berreskuratzen du, ondaretzat zer hartzen den definitu duten botere egiturak zalantzan jartzen ditu eta begirada zabalago, nazioartekoago eta pluralagoaren alde egiten du.

2019az geroztik, Martxoaren 8ko Jardunaldiak martxoan egiten dira, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, eta horrek urtez urteko konpromiso iraunkorra islatzen du. UNESCO Katedrak antolatuta, ondareari eta paisaia kulturalei buruzko hausnarketa kritikorako eta elkarrizketarako gunea ireki nahi dute, berdintasunaren ikuspegitik, historikoki baztertutako emakumeen eta beste kolektibo batzuen ekarpenak balioan jarriz eta kontakizun orekatuagoak eta askotarikoagoak eraikiz. Jardunaldien formatu hibridoak jarduera presentzialak eta onlineko jarduerak konbinatzen ditu, beste herrialde batzuetako hizlarien eta publikoaren parte hartzea bultzatzen du, bereziki Latinoamerikakoena, eta esperientzia eta ikaskuntza transatlantikoen trukea sustatzen du.

«Hiria eraikitzea erabakiz eta balioz betetako ekintza da beti.»

Jardunaldi hauetan partekatutako ideiak hitzaldietan bakarrik gera ez daitezen sortu da liburua. Gogoeta horiek jende gehiagorengana iristeko (baita unibertsitate eremutik kanpora ere) pentsatutako argitalpenean bildu eta zabaltzen ditu. Horrez gain, Europa eta Argentinako adibideak ere sartzen ditu, erakusteko arkitekturan emakumeenganako errekonozimendu falta ez dela kasu isolatua, hainbat lekutan errepikatzen den errealitatea baizik.

Nork erabakitzen du hiria

— Zer lotura dago arkitekturaren eta boterearen artean?

— Arkitekturak eta botereak lotura estua dute. Nork enkargatzen duen, nork finantzatzen duen eta zer den baliotsua erabakitzen dute. Botere harremanen ageriko adierazpena da.

Benedetek azpimarratzen duenez, mendetan zehar erabaki horiek gizonen eta elite sozialen esku egon ziren, eta horrek eragina izan zuen, ez bakarrik zein eraikin altxatzen ziren erabakitzeko, baita zein ziren kontserbatu eta kontatzeko duintzat jotzen zirenak ere. Horrez gain, ondarea batez ere begirada maskulinotik eta Europan zentratuta definitu dela dio, hiria eraiki eta bertan bizitzeko beste modu batzuk bigarren mailan utziz, bereziki emakumeek edo eredu nagusietatik urrun dauden komunitateek bultzatutakoak. “Generoa kategoria analitiko gisa sartzea ez da soilik emakumeen izenak eranstea, ondarearen diskurtso ofizialaren egitura berraztertzea ere bada”, nabarmendu du Benedetek.

Eguneroko bizitzan pentsatuz diseinatzea

— Zer ekarpen egiten dio genero ikuspegiak arkitekturari?

— Arkitektura gehiena ez da diseinatu lurraldeetan bizi garenon benetako aniztasuna kontuan hartuta, baizik eta neutrotzat aurkezten den ‘erabiltzaile estandarra 'erreferentziatzat hartuta, baina benetan neutroa ez dena.

Benedetek azpimarratu du, halaber, genero ikuspegia txertatzeak pertsonak erdigunean jartzea eta espazioak eguneroko bizitzatik proiektatzea dakarrela: zaintza denborak, mugikortasuna,

«Kontakizun ofizialean emakumerik ez egoteak egiturazko bazterketa islatzen du, ez parte hartze falta»

segurtasun pertzepzioa, kontziliazioa eta dibertsitate funtzionala. “Bertan bizi direnen beharrei erantzungo dieten inguruneak diseinatzea da kontua. Begirada zabaltzen dugunean, arkitektura inklusiboagoa, funtzionalagoa eta jasangarriagoa bihurtzen da”, azaldu du.

Ikusezin bihurtutako sustatzaileak berreskuratzea

— Zergatik da garrantzitsua arkitekturaren sustatzaileen ondare historikoa berreskuratzea?

— Ezagutzen dugun istorioa osatu gabea eta lerratua da. Emakumeak eragile aktiboak izan dira hiriaren eraikuntzan. Emakumeek berrikuntzak bultzatu zituzten, proiektuak finantzatu zituzten, auzoak antolatu zituzten eta komunitateei eutsi zieten, baita araudiak beren ekintza mugatzen zuenean ere”. Istorio horiek ikusarazteak aukera ematen du sistematikoki ezkutatuta zeuden emakumeen lidergo, sormen eta parte hartzearen adibideak erakusteko.

Liburuak matronazgo kontzeptua ere jorratzen du, Cándida Martínez López historialariak sortua, emakumeek egindako mezenasgoa aztertzeko. Benedetek zehazten duenez ,eliteko emakume horiek baliabide propioak, lurrak eta sare sozialak kudeatzen zituzten, hiri proiektuak bultzatzeko, hirian aztarna zehatz bat utziz. Benedeten arabera, haien parte hartzea aitortzeak arkitekturaren historia bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzen laguntzen du. “Matronazgoak, emakumeen parte hartze historikoa agerian jartzez gain, hiri ondarearen kontakizun inklusiboagoa eta bidezkoagoa eraikitzen laguntzen du”, adierazi du.

Berdintasunaren arloko aurrerapenak eta erronkak arkitekturan

— Berdintasunaren ikuspegitik, zer aurrerapen eta erronka nabarmenduko zenituzke?

— “Aurrerapen garrantzitsuenetako bat hiri plangintzan eta arkitekturan genero ikuspegia txertatzea izan da, ‘erabiltzaile unibertsalaren’ eredua zalantzan jarriz”. Horrek aukera ematen du ingurune inklusiboagoak eta hirian bizi garenon benetako aniztasunera egokituagoak proiektatzeko.”

«Ondarea berridaztea eraikitako espazioaren memoria irizpide bidezkoagoetatik berreraikitzeko modu bat da»

Benedetek adierazi du oraindik ere erronkak daudela egiteke: historikoki gizonek gidatutako proiektuei emandako arreta orekatzea, emakumeek arkitekturan egindako lana ikusaraztea eta hori kontuan hartuko duten hirigintza arauak sortzea. Euskadiko hiri batzuk dagoeneko hasi dira hiri plangintzako gidak begirada horrekin aplikatzen, nahiz eta oraindik bide luzea dagoen orokortu dadin. Horregatik, ondare adierazgarriagoa eta bidezkoagoa lortzeko, zein istorio kontatzen diren, zein obra baloratzen diren eta ezagutza akademikoa nola sortzen den aztertzeko metodoak praktikan jartzearen garrantzia nabarmentzen du.

Ondareari buruzko begirada feministak eta inklusiboak

— 2026ko Martxoaren 8ko VIII. Gogoeta Jardunaldiak martxoaren 12an eta 13an egingo dira, eta ondarea, arkitektura eta lurraldea izango dituzte ardatz, askotariko ikuspegietatik. Zer transmititu nahi duzue aurten?

— Aurten, jardunaldiek elkarrizketarako gunea ireki nahi dute, gure hirien historia nola eraiki den zalantzan jartzeko eta orain arte ikusezin geratu diren ekarpenak berreskuratzeko, Europako eta Latinoamerikako esperientziak lotuz.

«Ezagutzen dugun arkitekturaren historia osatu gabea eta partziala da»

izan ere, Benedetek dioenez, “emakumerik gabe, kontakizun arkitektoniko eta urbanoa osatu gabe dago oraindik”, eta, horregatik, hiriaren eraikuntzan parte hartu duten pertsona guztien istorio bidezkoago eta adierazgarriagoetarantz aurrera egitea da helburua. “Ikuspegi feministak integratzeak horizontea zabaltzen du”