Unidibertsitate Egunaren esparruan, EHUko idazkari nagusi ohi Aitor Zurimendi Islak omenaldi hunkigarria jaso zuen, haren mende egon baitzen Berdintasun Zuzendaritza. Zurimendik Empar Pineda sariak, Unidibertsitate Eguna eta beste hainbat ekimen sustatu zituen, hala nola pertsona transek eta ez-bitarrek unibertsitatean izena aldatzeko protokoloa.
-
Unibertsitate ugarik galizieraren, katalanaren eta euskararen ofizialtasuna eskatu dute Europar Batasunean
-
Laura Zabala #HiloTesis lehiaketan saritua
-
Balluerka, Iribar eta Garaikoetxeari EHUk Urrezko Domina emango die
-
Jose Antonio Lozano matematikariak iazko Euskadi Ikerkuntza sari jaso du
-
Astelehenean hasiko da EHUn lehenengo mailako matrikulazioa
Aitor Zurimendi: «LGTBI+ pertsonen helburua da heterozisekin parekatzea inork galdu gabe. Aitzitik, denok irabaziko dugu»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/06/09

Zer da zuretzat aintzatespen hau?
Emozio berezi bat sorrarazten dit, argi eta garbi. Batetik, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak LGTBI+ arloan egindako lana aintzatesten du, eta, bestetik, kolektibo horretako kide naizen aldetik, bereziki konprometituta nago nire egunerokoan LGTBI+ pertsonen ikusgarritasuna ahalbidetuko duen edozein jarduera egitera edo edozein keinu izatera, bai eta espazio inklusibo eta seguruak sortzen laguntzera ere, edozein pertsonak bere genero identitatea, sexu orientazioa eta sentimenduak adierazteko aukera berberak izan ditzan, inolako beldurrik gabe eta tentuz ibili behar izan gabe, pertsona heterozisek egiten duten bezala. Ez gehiago ez gutxiago. Eta oso zorionekoa eta pribilegiatua sentitzen naiz nire lanbide esparruan bertan, gurea bezalako erakunde bateko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzan, egin ahal izan dudalako; izan ere, nekez gaindi daiteke euskal gizartean duen eragina.
Unibertsitate honetako idazkari nagusi izan zenean, une oro babestu zituen Zuzendaritza honetan aniztasunarekin lotuta landu diren gai guztiak. Nola baloratzen duzu garai hura eta gauzatu ziren ekimenak?
Zuzendaritzak Empar Pineda Batzordearen laguntza jasotzen du LGTBI+ arloan, eta abian jarri diren gai asko haren ekimenez sortu dira. Azpimarratzeko balioa da talde sendo eta dinamikoa egotea.
Agintaldi honetan, besteak beste, UniDibertsitate Eguna ospatzen hasi gara: LGTBI + arloan egiten diren jarduerak eta lanak aintzatesteko, eta Euskadin LGTB pertsonen eskubideen eta feminismoaren alde gehien borrokatu duten pertsonetako baten bizitza ikusarazteko eta haren balioa azpimarratzeko, hain zuzen ere, Empar Pinedarena. Halaber, Berdintasunerako IV. Planean, LGTBI+ kolektiboen atala sortu genuen, eta hala, funts gehiago sartu genituen aurrekontuan gai horien inguruan prestakuntza eta informazioa emateko. Poztasun berezia eman zigun pertsona transek eta ez-bitarrek izena aldatzeko protokoloa onetsi izanak, estatuko unibertsitateen artean lehena izan baitzen. Agintaldian zehar, 43 pertsonak heldu zioten protokoloari.
Gehiago egin nahi genuen, baina denbora mugatua da; edonola ere, uste dut aurrerapen garrantzitsuak egin zirela.
Nola ikusten duzu LGBTI+ kolektiboaren eskubideen garapena unibertsitatean?
Eguneroko bizikidetzan euskal gizartean dauden jokabide berberak islatzen dira. Atzera begiratuz gero, aurrerapenak nabarmenak dira. Adibidez: ikusgarritasuna areagotzea eremu guztietan; pertsona ez-bitarrak barne mailan aitortzea; gradu amaierako eta master amaierako lanak, tesiak, film laburrak eta gaiari buruzko beste irakaskuntza jarduera batzuk; edo LGTBI+ kolektiboaren errealitateari beren jakintza esparrutik eta kalitaterik handienarekin heltzen dioten emakume ikertzaileak , hala nola Uxue Díez Guira (gaur aintzatesten dena).
Baina aurrekoa bezain nabarmena da zenbait mailatako jarrera LGTBI+fobikoak gertatzen direla oraindik ere. Batetik, kasuren batean, genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatu behar izan da. Protokolo hori beste kasu batzuetan ere aplika daiteke. Bestetik, gizartean gertatzen den bezalaxe, erabakiak hartzeko zentroek joera heteropatriarkalak izaten jarraitzen dute, gai horretan apurka-apurka aurrera egin arren. Egunerokoan, badaude mikrolgtbifobiak edo, nahiz eta iraindu edo minik egiteko asmorik gabe, LGTBI+ pertsonei beren identitate ezkutuan gordetzea edo zenbait egoeratan ezkutuan gordetzea hobe dutela helarazi nahi dieten portaerak edo iruzkinak. Halako zerbait: “ez zaigu axola zu halakoa izatea, baina ez da beharrezkoa adieraztea”, ezkutuan gorde beharreko zerbait negatiboa balitz bezala. Horrexegatik, hain zuzen ere, da hain beharrezkoa gizarteak, erakundeek eta gure unibertsitateak LGTBI+ kolektiboaren aldeko jarduerak sustatzea eta mikrolgtbifobia horiei kontrako mezua helaraztea, eragin negatiboak konpentsatzeko aurkakoa adierazten duten mezuen bidez. Esan dezatela hemen denak direla ongietorriak, eta beren identitatea, sentimenduak eta sentsazioak baldintza berberetan adieraz ditzatela.
Funtsezkoa da unibertsitateak bere zientzia eta ezagutza guztia hedatzea, LGTBI+ pertsonen eskubideak aintzatetsiz gero mehatxatuta sentitzen diren heterozisak konbentzitzeko, mehatxuaren pertzepzio hori errealitatearekin bat ez datorrela adierazteko; izan ere, LGTBI+ pertsonen helburua da heterozisekin parekatzea inork galdu gabe. Aitzitik, denok irabaziko dugu.
Zein dira egungo proiektuak?
Idazkari nagusi nintzenean gozatu egin nuen, eta orain berdin gozatzen ari naiz deskonpresio etapa hau; izan ere, erabat desberdina da erritmo eta exijentzia fisiko eta mentalaren maila, eta “berriz sartu naiz” bete-betean ikerketa jardueran. Bi doktorego tesi zuzentzen ari naiz, artikuluak idazten ari naiz eta erraldoi teknologikoei eta lehiarako eskubideari buruz zuzentzen dudan ikerketa proiektuarekin lotutako gaiak sakontzen ari naiz.